Amy Winehousek ezin dizu lagundu
Ez zaio jaramon handirik egin Frank diskoko Help Yourself abestiari, oso polita den arren.
Amy Winehousek Filosofian lizentziadun bat aipatzen du kantuan. Interneten bilatu dut, eta ez dirudi bizitza errealean Filosofia tituludun zuen maitalerik izan zuenik.
Edozelan ere, tituluduna da abestiko gizona, eta Winehousek baino argiagotzat du bere burua. Hala ere, gizona hurbildik ezagututa, Amyri garbi gelditu zaio: jakintza akademikoak ez dakar ezinbestez ez ganora portaeran ez heldutasun emozionala. Kontua da zertan zabiltzan orain, ez zer egin zenuen: axola duena ez da atera zenuen diploma, baizik eta nola jokatzen duzun nirekin.
Gizonak jakintsuarena egiten badu ere, Amyk eutsi behar baitio praktikan, zauriak miazkatu, itsaso gainean mantendu haren buru filosofiko hipertrofiatua, halako garun eta adimen erraldoi astunak urpera ez dezan.
Bistan da Amy Winehousek ez zuela pedantekeria maite, eta kultura handiko gizon heldu sofistikatuaren gainetik sentitzen zuela bere inguruko jende erdi analfabeto baina emozionalki zintzoagoa. Bikote harremanean erabiliriko jokabide zehatzak ematen du bikotekide bakoitzaren neurria, ez graduek, graduondoek eta masterrek.
Eta lasai, gutako franko bilakatuko baikara gorrotatu, arbuiatu eta ihes egin genion horixe, iraultzailea notario bezala sasiletrau trepalaria erdipurdiko ergel.
