Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Amor fati I

Amor fati I

Markos Zapiain 2026/05/19 14:43

Gaur egun, digitalizazioari eta corpus bilatzaileei esker, Mitxelenaren sasoian baino askoz ere errazagoa da edozein esamolderen lehenbiziko agerpen tipografikoa zehaztea, eta hitzen erabilera historikoa; halaber, esapideen benetako jatorria. Zorrozki zaintzen zituen Mitxelenak erreferentziak, baina "amor fati" lokuzioa antzinakoei esleitu zien, eta kristauei lotu. Adibidez, “Euskal literaturaren etorkizuna” idazkian:

“Jakin dezagun, bada, egiteko hau hartzen badugu, geure bizirako lana hartzen dugula. Aurrekoen ondarea, oinordeko garenez, dagoen dagoenean, gogo onez eta inork behartu gabe, geurez hartu behar. Negar alferrik eta arrangurarik gabe lanean jarduteko, urteek zarpaildu itzalia —egia hau da, ahotan ez badarabilgu ere, euskal bihotz askoren ergarria— lehengora ekarriko ez bagenu ere, halabehar gogorrak menderatuko bagintu ere. Antzinakoen amor fati hura —kristauentzat Jaunaren borondatearen onartze umila— aldez aurretik ongi ikas dezagun”. (Idazlan guztiak XIV, 80)

Edo “Pro Domo”n:

“Trankilago bizi gaitezke uholdeek eta haize-erauntsiek ere iharrosten ez duten etxean, oinarriak berak koloka dauzkanean baino. Egia. Atseginagoa zen Lizardiren mundu geldia gaurko gozogabe hau baino. Egia hori ere. Ez du ordea inork bere mundua, giroa eta sorteguna hautatzen. Nor geure aldian eta tokian gertatzen gara, nola ez dakigula. Eta gurekin jaiotzen da, gure aldiko seme jatorrak bagara, harako antzinakoen amor fati hura, gure denbora —gure sorterria bezalaxe— beste edozein baino maiteago bihurtzen diguna. Gurea delako nonbait, guretarrekin itsatsirik gaudelako”. (Idazlan guztiak XIV, 134)

Edota “Lingüística inmanente y lingüística transcendente”n

“Si salta a la vista que no solemos elegir la primera lengua o la segunda, se sigue de ello que, como ya se ha sugerido, el bilingüismo, si ése es nuestro destino, también nos viene forzado. Si lo tenemos pues que sobrellevar, sabiendo que hemos de soportar sus perjuicios no sin alguna mezcla de ventajas, lo mejor es seguir lo que nos aconseja, creo, alguna de las obras de misericordia: me refiero a aquello de «Sufrir con paciencia, etc.». El amor fati es claramente aconsejable: más vale siempre que lo impuesto sea, además, si no deseado, al menos tolerado sin rabietas”. (Idazlan guztiak II, 170)

 

Alta, “amor fati” hori ez dago dokumentatua ez antzinate klasikoan ez idazle kristauengan. Nietzschek asmatu eta erabili zuen lehenbizikoz, aurrena Zientzia alaia-n, gero Horrela mintzatu zen Zaratustra-n eta azkenik Ecce Homo-n (horixe dio adimen artifizialak, behinik behin). Mitxelenak, bestalde, itxura guztien arabera, gustura onartuko zukeen zuzenketa filologiko hori.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.