Amor fati (eta III)
Ez beti, baina batzuetan ideien genealogia sakonari erreparatzen zion Mitxelenak, formulen estreinaldi tipografikoari baino gehiago. Alegia, litekeena da errenteriarrarentzat garrantzitsuagoa izatea “amor fati” adierazpenaren edukia, ezen ez nork idatzi zituen lehenengo bider berba bi horiek elkarren ondoan. Eta Nietzschek berak behin baino gehiagotan eman zuen aditzera zein zen handia estoikoekin zuen zorra. Hori bai, pasiorik tristeena zitzaion fideltasuna, eta ideia estoikoak muturreraino eraman, dramatizatu eta irauli egin zituen maizenik.
Bestalde, ulergarria da Mitxelenak kristauei ere lotu izana zorioneko lokuzioa, kristau batzuek Jainkoaren borondatearen erabateko onarpen apala aldarrikatu eta transmititu dutelako, probidentziarekin adostasuna, sufrimenduaren baiestea. Kutsu estoikoa dute jarrera horiek guztiek. "Fato consentire" eta "voluntatem fato submittere" aipatu zituen Justus Lipsius kristauak XVI. mendean. Antzeko jarrera sumatuko zien Mitxelenak oinarrian mugimendu biei: nahitaezkoaren onespena. Ezin ahaztu nola hedatu zen bolada batean Senekaren eta San Pauloren arteko balizko harreman sekretuen inguruko literatura.
Dena den, gertaeren eta zoriaren onarpen estoikoa eta maitasun nietzschearra ez datoz bat kristauenarekin, konpentsazioa espero baitute kristauek hil ostean haraindian, eta estoikoek eta Nietzschek, berriz, honaindiko mundu hauxe baino ez dute gogoan.
Bukatzeko, garrantzitsuena: ganorazko edozer egiteko hastapen gisa, egokiagoa iruditzen zaio Mitxelenari onarpen umil hori, ezen ez beldurra, amorrua, negarra, larridura edo unibertso paraleloren batera ihesa; adibidez, gure mundu, sorterri eta giro gozogabeak onartzea, eta arbasoek utzi diguten ondare txiroa onestea, gure diglosia zinez gainditzeko abiapuntu gisa.
