Amets Arzallus sumendi sentibera
Lujanbiok ia ez du betelanik txertatzen, eta horretan bat egiten du Amets Arzallusen bertsoerarekin.
Baina Arzallusen dohainak ez dira irule orekariarenak, baizik oinaztuarenak eta sumendiarenak.
Bertso saioa, ez soilik txapelketa, astitsua izaten da, zeremoniatsua: gai-ematea, pentsaldia, bertsoa, txaloa eta berriro hasi.
Arzallusek, ordea, Formula Bateko pista bilakarazten du eliza; eta meza geldoa, berriz, ideien eta errimen arrapalada.
Beñat Zamalloak “Berria”n zioen Bec-ek epeletik berora eta berotik gorira egin zuela. Horixe da Txus Jaiorekin batera autoan zoazela sentitzen duzuna: epeletik berora eta berotik gorira. Eta Amets Arzallusen bertsoeraren bilakaera, berdintsu: epeletik berora eta berotik gorira. Sustrai Colinak, Iparraldeko beste kaputxadunak, bertsozaleen olatuen gainean surfean aritzeko gogoa aipatu zuen. Arzallusek ohola barik kohetea du ibilgailu nagusi.
Desberdinak dira hortaz Maialenen eta Arzallusen arriskuak: Maialen bokatariarena, desorekatu eta lixiba alferrik galtzea, txarto aparkatu eta portura erotzea.
Arzallusena, ostera, istripua: abiadura handiko eztanda denez, lastertasun zentzudunaren mugetan jolasean dabilenez, bertsoa egiteko bultzada basatia oraindik zeharo hezi eta bridatua ez duenez, animaliazko sua gizarteratzeko orduan oraindik arazoak dituenez, arriskua kohetearen istripua duzu ilargiaren aurka edota nerbioena burmuinaren kontra, arratsaldeko bakarkakoaren hasieran bezala.
Ziztuaren biziarekin batera, sumendiaren bor-borra Arzallusenean, labazko pilaketa gogorrak. Maialen eta Amets ama anorexiko ospitaletik atera berriari bazkaria atontzen ari zaizkio. Arzallusek amari: “Ene zenbat korapilu/ platera eta katilu/ ispiluaren aurrera juan ta/ bi begien brillu…/ Baina ze ispilu istilu! Ze arma ta ze iskilu!/ Gaurtik aurrera gure begiak dituzu ispilu.”
Dena den, Arzallusen abailaren itzelak ez du ezkutatzen sentimenduaren fintasun berezi bat. Ama sendatzen hasiarentzat bazkaria prestatzen ari, Ametsek Maialeni arrain askorik ez jartzeko eskatzen dio, pixka bat baino ez, “ez dezala ez duela gehiago nahi esan beharrik izan”. Ez al da ikaragarri dotorea?
Heziera ona ez baita norberak puzkerrik ez botatzea, baizik aldamenekoari ihes egiten diolarik disimulatzea, hala zioen Proustek gutxi gorabehera.