Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Aizkora, gezurra, emagintza

Aizkora, gezurra, emagintza

Markos Zapiain 2026/07/23 18:38

Joxe Azurmendiren talentuetako bat da ezezagunak zaizkizun baina aparteko interesa duten idazleengana bideratzen zaituela. Haren liburuak irakurriz, maiz gertatzen da oin-ohar xume batean aipatu autore ezezagun baten arrastoari jarraitu eta mundu berri bat zabaltzen zaizula.

Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua-n irakurri nuen aurrenekoz Sverker Johansson-en berri, 405. orrialdeko bigarren oin-oharrean, liburu osoko 1.567.a. Ez dio hau baizik: “Gizakiaren bilakabidea eta hizkuntzaren sorreraz, ik. Johansson, S., Origins of Language. Constraints on Hypotheses, Amsterdam/Philadelphia 2005.” Sverker Johansson horri buruz ikertzen hasi eta ikusi nuen Wikipediako artikulu gehien idatzi duen pertsona dela.

Fisikaria eta hizkuntzalaria da lanbidez. Hala ere, mundu osoan Lsjbot izeneko softwarea garatu zuelako egin zen ospetsu. Bot horren bidez, bederatzi milioi artikulu baino gehiago sortu ditu Wikipedian, eta historiako wikilaririk emankorrena bihurtu da.

Egun bakar batean 10.000 artikulu idaztera iritsi izan da. Suedieraz, warayeraz eta oroz gain cebueraz idatzi ditu artikuluak. Cebuera du Johanssonen emazteak ama hizkuntza.

Bere kodeei esker, Lsjbot-ek sortutako edukia suedierazko Wikipediako artikulu guztien % 80 inguru izatera heldu zen une batean. Cebuerazko Wikipediaren ia eduki osoa sortu du.

Suedieraz idazten du normalean Sverker Johanssonek, baina ingelesez ere eskuragarri ditugu euskaldunok haren liburuak: Azurmendik aipatu Origins on Language interesatzen zaigu guri, baina are gehiago —dibulgatzaileagoa eta narratiboagoa baita— 2019an argitaraturiko The Dawn of Language. Axes, Lies and Midwifery and How We Came to Talk, italieraz eta gaztelaniaz ere badagoena: L’alba del linguaggio. Come e perché i Sapiens hanno iniziato a parlare; eta En busca del origen del lenguaje. Dónde, cuándo y por qué el ser humano empezó a hablar. Frantsesez ez dut aurkitu. Ingelesez paperean ez ezik audio-liburu gisa ere badago.

Azurmendik Johansson aipatzen duelako ezin da ondorioztatu haren hipotesi guztiak bere egiten dituenik; hala ere, oin-oharra ez dago ausaz jarrita. Humboldti buruzko gogoetaren testuinguruan, badirudi hizkuntzaren jatorriari buruzko Johanssonen ikuspegiak interes berezia piztu ziola zegamarrari; edota haren hipotesiak kontuan hartzeko modukotzat jo zituela, behinik behin.

Non, noiz eta zergatik hasi zen orduan gizakia berbetan? Nondik nora aizkoren, gezurren eta emagintzaren aipamen horiek?

Dirudienez, hizkuntza ez zen kolpez osorik sortu. Prozesu ebolutibo luzea izan zen. Johanssonen iritziz, lehenbiziko urratsak Homo erectus-ak eman zituen duela milioi bat urte, edo milioi bi. Erectusak tresnak egiten zituen, eta talde-lana behar zuen. Horretarako, keinuetan eta soinu primarioetan oinarrituriko protohizkuntza bat zerabilela uste du Johanssonek.

Ordea, gaur egun ezagutzen dugun hizkuntza konplexua Homo sapiens-ak garatu zuen orain dela 100.000 eta 50.000 urte artean. Sapiensarekin batera finkatu zen, anatomikoki zein sintaktikoki, gaur egungo hizkuntzen egitura nagusia.

Sorlekuari dagokionez, ematen du Afrikan agertu zela giza hizketa. “Gizateriaren sehaska” deitu izan zaion kontinente horretan gertatu ziren hizkuntzarako beharrezkoak ziren aipatu aldaketa anatomiko eta kognitiboak. Mundu osora zabaldu zuten gerora Sapiensek mintzamena, Afrikatik irten zirenerako abante zebilena.  

Liburuaren ekarpenik originalena, edozein gisaz, ez da non edo noiz hasi ginen hizketan azaltzea, baizik eta zergatik. Johanssonek dio hizkuntza ez zela batez ere ehizarako asmatu; lankidetzarako asmatu zen, eta elkarri laguntzeko. Horregatik aukeratu ditu ingelesezko azpitituluan hiru irudi deigarri horiek: aizkorak, gezurrak eta emagintza.

Estileteak edo aizkorak bezalako harrizko tresna konplexuak belaunaldiz belaunaldi nola egiten ziren irakasteko, tresnagintzaren teknologia transmititzeko, beharrezkoa bihurtu zen komunikatzeko bide berri bat, keinuak eta soinuak konbinatzen zituena.  

Bestalde, txinpantzeek ez bezala, gizakiek elkarri laguntzeko eta informazioa partekatzeko joera ebolutiboa garatu zuten, konfiantza eta altruismoa. Gezurra esateko gaitasuna ere agertu zen arren, elkarrenganako konfiantza sendotzeko bitarteko gisa jaio ei zen batik bat hizkuntza.  

Azkenik, emagintzari eta erditze konplikatuei loturiko arrazoiak ere baditugu. Gizakien burezurra handitzen joan zen heinean, erditzeak arriskutsuak eta lagundu beharrekoak bilakatu ziren. Emakumeen arteko elkarlana eta erditzeko laguntza funtsezkoak izan ziren. Haurrak babesgabe jaiotzen zirenez, tribu-kideen arteko komunikazio estua behar zen haiek hazteko. Ama-hizkuntza kontzeptuari lotuta dago ideia hori.  

Hartara, azpi-izenburuko "aizkorak, gezurrak eta emagintzak" ederto baten laburbiltzen du hizkuntzaren agerpenaren zergatia: aizkorak egiteko, gezurrak detektatzeko eta emagintzan zein zaintzan elkarri laguntzeko hasi ei ginen hizketan.  

Ez da harritzekoa, beraz, Azurmendik Johanssonen lana oin-ohar batean gomendatzea. Humboldten ildotik, Azurmendirentzat hizkuntza ez da tresna hutsa, baizik eta gizakiaren bilakaera biologikoaren, sozialaren eta kulturalaren emaitza. Johanssonen hipotesiek ikuspegi hori elikatzen dute.

 

 

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
Ondo ekarria. Adibidez, ez Mitxelena ez Brassens ... Markos Zapiain, 2026/06/16 10:25
Georges Brassens (1921-1981) kantari ... Amatiño, 2026/06/11 14:50
Mila esker, Urko! Irakurri ditiat Mastodonen gai ... Markos Zapiain, 2026/06/10 21:03
Txillardegik eta Jorge Luis Borgesek hizkuntzari ... Urko Azpitarte Zubizarreta, 2026/06/09 18:42
Beharbada bai, Amatiño. Hori bai, ... Markos Zapiain, 2026/05/28 07:35
Ebidentziaren bost paradigma horiek egia ... Amatiño, 2026/05/27 18:16
Arrazoia, Amatiño, kar-kar-kar.   Josu Goikoetxea ... Markos Zapiain, 2026/05/02 22:56
Von Neumannek, matematiko eta informatiko ... Amatiño, 2026/05/02 12:11
Euskal abeslari ospetsu batek pertsona ilegabeen ... Markos Zapiain, 2026/03/12 17:55
Andoni Ortuzar zara? Markos Zapiain, 2026/01/07 17:50