Ageriko nahastearen azpiko estrukturaren bila
Ahaidetasunak osatzen du hortaz gizartearen hezurdura. Alta, Lévi-Straussek berehala ikusi zuen ahaidego-sistemek arau kontrajarriak dituztela. Era guztietako lege eta itunak ditugu herririk herri eta triburik tribu. Nahas-mahas itzela dirudi lehen begiratuan.
Kasurako, tribu jakin batean gizona bakarrik ezkon liteke gizonaren amaren nebaren alabarekin. Aldiz, gizonaren aitaren anaiaren alabarekin ezkondu nahi bazenu, ez ei zenuke erakarriko atsekabea eta hondamendia baizik.
Beste herri batean, ostera, jendea talde bitan banatzea dute jokaera zuhur bakartzat: A taldeko gizonak B taldeko emakumeekin ezkontzea, eta B taldeko gizonak A taldeko emakumeekin.
Beste batean (azkeneko adibidea), garbi dute talde bi baino gehiago direla beharrezko, eta A taldeak B taldeari ematen dizkio bere andreak, eta B taldeak C-ri bereak, C taldeak besteren bati eta abar.
Horrek guztiak ilogikoa dirudi, eta Lévi-Straussek bere buruari esan zion ez dela posible gizakiak milioika urte igarotzea halako zentzugabekeriei eutsiz. Naturak ez du inolako hastapenik gabeko aniztasunik sortzen; beraz, gizarteak ere ez. Bada hemen ulertzen ez dudan zerbait. Zer ote da? Antropologoak pentsatu zuen nahaste zentzubako horren oinarrian ordena zentzudun bat behar duela, logikaren bat ugaritasun aldrebes horren azpian.
Horrela, arauen azpiko harremanak bilatzeari ekin zion; ez haatik arauak berak bilatzeari, baizik eta arauak egituratzen dituzten azpiko erlazioak. Gutxi gorabehera, hizkuntzalariak gramatika bilatzen duen bezala: etengabe aldatzen dira hitzak eta esapideak, baina aski egonkorra da hizkuntza funtzionarazten duen sistema. Ahaidegoan halaber, askotarikoak izan arren ageriko arauak, haien azpian badira erlazio jakin batzuk, beti eta nonahi berragertzen direnak. Azpiko estruktura horiexek interesatzen zitzaizkion Lévi-Straussi: inkoherentzia dirudienaren azpiko koherentzia. Antzeko bultzadak eramango zuen gerora totemismoa eta mitoak aztertzera.
