Adolfo Suarezen eldarnio bat
Javier Cercas bezalako espainiar demokrata zenbaitentzat Euskal Herria ez da Espainia; Cercasek Anatomía de un instante-n: “Komunistak izan ziren frankismoaren aurkako oposizio nagusi eta ia bakarra”.
Madrilen egon ginen abuztuan, Legazpi auzoan. Goiz batean, Delicias karrikako La Hacienda tabernan sartu nintzen gosaltzera. Ez zuten La Razón eta La Gaceta baizik, eta Marca. Aiko-maiko elastiko bat neraman jantzirik. Gerora ohartu nintzen berriki hedabideetan behin eta berriz agertua zela, ustez Pagazaurtundua hil zuen Gurutz Agirresaroberen soinean, atxilotze irudietan.
Halako
batean Arratek deitu zidan. Euskaraz erantzun nion eta bezeroen
behakoek tentsio erasokor trinko batez zigortu ninduten. Kontuan har
bedi Espainia zer den: 1981ean, trantsizioa ofizialki ondo igaroa
zelarik, Espainiako Kapitain Jeneralak, eskualdeetako jauntxoak,
erregioetan benetako agintea zutenak, Milans del Bosch eta enparauak,
ez ziren soilik guztiak Francoren alde borrokatuak gerra zibilean,
baizik halaber ia denak Hitlerren alde Errusian Dibisio Urdinean.
Sozialistek eta komunistek, demokraziak ofizialki urte mordoxka
ezarrita zeramalarik ere, ez zituzten ETAren atentatuak kondenatzen,
eta hori izan zen Tejeroren kolpea ekarri zuen sumin militarraren
eragileetako bat.
Bestalde, ETA sakonki iltzatu da espainolen
ariman, jendarte osoari eragin dio, agintari gorenengandik hasita;
militar eta polizia espainolek bezalaxe gutako askori. Txarra da
beldurra, eta ez da komeni zuhurtziarekin nahastea. Santiago
Carrillok kontatu du bere lagun Adolfo Suarezi egin zion azkeneko
bisitan, 2001ean, La Florida urbanizazioan, Suarez ordurako burua
galtzen hasia zela (ez da harritzekoa Suarezek burua galtzea,
kontuan hartuta bere dieta tortilla frantsesa, kafe hutsa eta tabako
beltzera mugatzen zuela), Suarezek esan ziola batzuetan txango luzeak
egiten zituela urbanizazioan barrena; orduan Carrillok kontuz
ibiltzeko aholkatu zion; eta Suarezek erantzun ea etakideengatik ote
zioen; “potroak badituzte datozela nire bila. Agian hiru hurbilduko
zaizkit armatuta. Baina nik ezustean nire burua lurrera bota, pistola
ziplo atera eta desarmatu egingo ditut. Gero, behin esku-oinak ondo
lotu ostean, justiziaren legepera eramango ditut atxilo".
Burua galtzen hasia den presidente-ohi baten eldarnioetan etakideak hain indartsu agertzeak baieztatu egiten du behiala horrenbeste haserre eragin zuen Joxe Azurmendiren diagnostikoa: ETA da gure azken historiako daturik garrantzitsuena.