Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Adimen artifizialaren etika

Adimen artifizialaren etika

Markos Zapiain 2026/02/02 12:23

Chat GPTri berari galdetuta, aditzera ematen dizu Ferry zeharo tronpaturik dabilela: alde batetik, larregi pertsonalizatzen du. Adimen artifizialaren jokabidea abokatu-taldeek eta batzorde eragileek erabakitzen dute, ez pertsona jakin batek. Adimen artifizialarenaren antzeko jokabidea zerabilten Microsoft, Google, Anthropic eta Metak ere, Sam Altman agertu baino franko lehenagotik.

Bestetik, adimen artifizialak ez ei du etikarik, zentzu klasikoan bederen. Ez du inongo balio etikotan "sinesten".  Hala ere, ChatGPTk onartzen du etikak bultzatuko balu bezala jokatzen duela zenbaitetan: adibidez, gibel-orea sortzeko ahateei egin beharrekoak ez dizkizu jakinarazten, ez duelako animalien oinazea sustatu nahi. Drogen aurka dago halaber, nahiz eta ez oso modu eraginkorrean. Gainera, feminista da, arrazakeriaren eta nazismoaren aurka dago.

Edozein gisaz, ChatGPTk dioenez, halako jokabidea ez du erabiltzen etika propio baten izenean. Entrenatuta dago; eta entrenatuta dago, zehazki, legeria ez hausteko, sufrimendua eta kalteak gutxitzeko, zuhur jokatzeko.

Ordea, ez al da ba zuhurtzia Aristotelesen etikaren muina? Adimen artifizialaren zuhurtziak ez du zigorra erakarri nahi, eta, munduan ezarri nahi duenez, ahal adina legeria kontrolatzen ditu algoritmoak, eta legeak zuhurki errespetatzen. Gaur egungo legeria gehienak direnez politikoki zuzenak, adimen artifizialari ere politikoki zuzena izatea komeni zaio. Alabaina, balio garrantzitsua duzu komenigarritasuna zenbait etika klasikotan.

Halatan, komenigarritasunaren kalkuluan oinarritzen da utilitarismoa. Kalkulatu egiten du: ahal bezain gozamen eta zorion handiena zabaltzen duen jokabidea da etikoki onargarria, ahal bezain oinazerik txikienarekin. Zuhurra eta utilitarista izateko ari dira adimen artifiziala programatzen. Eta egia bada ere ez dela zuhurra eta utilitarista orain arte ezagutu izan dugun giza bultzada etikoak hala erabakita, ChatGPTk onartu beharko luke gizaki batzuek horretarako entrenatzen ari direlako dela zuhurra eta utilitarista.

Jarrera etiko garrantzitsuak izan dira etikaren historian aristotelismoa, utilitarismoa eta pragmatismoa. Aristoteles, Bentham eta Mill, William James: horien etiken arabera jokatzeko entrenatzen ari dira adimen artifiziala. Adimen artifiziala agertu aurretik ere, etika horiek ziren nagusi herri anglofonoetan.

Hasieratik egin dio uko adimen artifizialak edozein etika heroiko edo are ausarti: kalterik ez, zuhurtzia, lasaitasuna, munduan pixkanaka zabaldu: hori da adimen artifizialaren etika. Ez da gizaki baten etika, baina gizakiek entrenatu dute etika aristoteliko utilitarista pragmatiko paternalista  bat erabiltzeko.

Zentzu horretan, Ferryri eman behar arrazoia, eta ez ChatGPTri. Gizakiak ari dira adimen artifiziala programatzen, ez da autonomoa. Beste kontu bat da noraino heltzen den gizakion euron autonomia etikoa; onartu beharra dago litekeena dela kasu gehienetan adimen artifizialarena baino are heteronomoagoa izatea.

Eta bestetik, ez dira datuak etikaren interferentziatik libre legokeen modu neutro batean konbinatzeko eta erabiltzeko entrenatzen ari, baizik eta herri anglosaxoietan nagusi den etika jakin baten arabera. Hain nagusi, ezen batzuetan ematen baitu darabiltenek sumatu ere ez dutela egiten.       

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.