Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Adimen arriskutsu baten aitorpenak

Adimen arriskutsu baten aitorpenak

Markos Zapiain 2013/09/24 10:40

1-Hainbat aldetatik da arriskutsua Chuck Barrisen adimena. CIA-k eta, oro har, zerbitzu sekretuek, ezaugarri psikologiko bereziak dituzten pertsonak kontratatzen dituzte, eginbehar bakoitzaren arabera. Barrisi hilketak agintzen dizkiote. Barrisen zein ezaugarri psikologikok erakartzen du CIA?

 

2-Arrazoi dute CIAkoek erabakitzen dutelarik Chucki benetan gustatzen zaiola jendea garbitzea? Lotuta egon daiteke, George Clooney agenteak  iradoki bezala, bere benetako aita ez Chuckek uste duen haginlaria baizik eta hiltzaile bat izatearekin, bere arreba hilik jaio izanarekin, Chucken zilbor hesteak itota, eta, amak neska nahi zuenez, Chucki arrebaren heriotza leporatu eta hurrengo arreba jaio arte Chuck neska-arropaz jantzi izanarekin?

 

3-CIAk jendea ezkutuan hiltzeko agintzen dio Barrisi, CIAk berak gaiztoa dela erabakitzen duen jendea, baina legearen arabera hil ez dezakeena. Zer deritzozu agintariek legeari ezikusia egiteari, nahiz zitala omen den jendea hiltzeko izan? Eta agintari ez direnek egiten badute?

 

4-Chuck Barrisek berak eskatuko dizkio halako batean ekintzak CIAri, lasaitu ahal izateko: hiltzeak dakarkio arimako batea. Bestalde, Lou Reeden abesti batek dio zirraragarriagoa dela hilketa orgasmoa baino. Bada hiltzea atsegin duen jendea. Rutger Hauer-ek filmean bertan dio hiltzeko plazera pizgarria dela. Zenbait hiltzailerentzat, kausa heroikoak, lapurtu beharra, gerra zuzenak, aitzakiak izaten dira: benetako bultzatzailea odolaren usaina sentitzea ei da. Zuzena iruditzen zaizu Nietzscheren diagnostiko hori?

 

5-Zer harreman izan daiteke frustrazio sexualaren eta tabernetan liskarra bilatzearen eta are hiltzeko grinaren artean?

 

6-Chuck Barrisen garaian, ABC telebista kateak printzipio etiko eta erlijiosoak audientzien eta arrakastaren gainetik jartzen zituen. Egoera aldatu ote da? Erabat?

 

7-Zer iruditzen zaizu telebistan intimitaterik gordinenak aitortzeko joera, Chuckek asmatutako programek abiarazia eta gaur egun gailurra jotzen ari dena? Non jarriko zenuke lotsa onargarriaren eta irekitasunaren arteko muga?

 

8-Realityetan eta, oro har, hedabideetan, batez ere diru truke saltzen du jendeak bere intimitatea. Gran Hermano-n eta Gandia Shore-n agertzen den jendeak ia inoiz ez du ez dirurik ez kulturarik izaten. Ordea, bada salbuespenen bat, diruari dagokionez bai, bederen, hala nola Tamara Falcó. Proselitista bide da honen xede nagusia, ikus-entzuleak kristautzeko darabil telebista. Eta Paris Hilton? Exhibizionismo hutsa?

 

9- Umiliazioak eta krudelkeriak ondo saltzen du telebistan, eta Chuckek hautagairik tentel eta barregarrienak nahi ditu bere programarako, epaileek eta ikus-entzuleek suntsi ditzaten. Bat ote datoz CIAko agente gisa jendea garbitzeko lana eta telebistara doazen koitaduak suntsitzeak eragiten dion zirrara? 

 

10-Zergatik jotzen du depresioak Chuck? Haurtzaroko eta oro har iraganeko zama ezin duelako eraman? Izan lezake erlaziorik, halaber, egunez telebista-ekoizle eta gauez CIAko agente hiltzaile izan behar bipolarrarekin? Bipolartasunaren soluzioa ote da depresioa, Nietzscheren azken urteetako eromenak lehenagoko eritasunaren sintomak desagerrarazi zituen bezala?

 

11- Chuckek eta Drew Barrymore-k elkar maite dute, harreman libre baten baitan. Zergatik da ordea hain zaila Chucken eta Drew Barrymore-ren artekoa? Garrantzitsua deritzozu Chuckek adierazitako arrazoiari, alegia, ez duela errepikatu nahi bere gurasoen arteko harreman goibela? Hain da saihestezina, arbasoena errepikatzeko joera?

 

12-Zerk egiten du erakargarri Chuck Drew Barrymore bezalako neska batentzat? Zergatik barkatzen dio horrenbeste?

 

13-Julia Robertsek dio CIAko agenteak talde bakezaleetan infiltratu eta biolentzia erabiltzera bultzatzen zituztela, pazifismoa desakreditatzearren. Antzekoak entzuten dira ezker abertzalean infiltratutako satorrei buruz. Hala ote da?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.