AA eta nazioarteko langileriaren iraultza (III)
Joxe Azurmendiren Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua liburuaren argitan ederto ñabartu eta garatu daiteke Kojèveren planteamendua.
Azurmendik, Humboldten ekarpena azaltzean, behin eta berriz azpimarratzen du hizkuntzak ez duela aurrez eratuta dagoen pentsamendua adierazten soilik; pentsamendua bera eratzeko bitartekoa ere bada.
Horrek ondorio garrantzitsu bat dauka autokontzientziari dagokionez: Kojèveren esanetan, filosofoak, jakintza osoaren bila, bere burua ere ezagutu behar du ezagutzaren subjektu gisa. Hemen, beste galdera hau erantsiko luke Azurmendiren ildoak: zein da bere burua ezagutzen duen gizaki hori? Nolako hizkuntza, kultura eta historia daramatza bere baitan? Izan ere, bere buruaz kontziente den ezagutzailea ez da gizaki huts eta abstraktu bat, ez da munduaren aurrean kokatzen den kontzientzia unibertsala, baldintza eta eragin historiko eta linguistikorik gabe; aitzitik, gizaki konkretua da, hizkuntza jakin batean pentsatzen duena, tradizio jakin batean hezia eta beste gizaki batzuekiko harremanetan eratua.
Azurmendik ez du pentsamendu unibertsalaren aukera kosta lain kosta ukatzen. Hala ere, unibertsaltasun hori ezin da besterik gabe eta aldez aurretik suposatu, hizkuntzen eta kulturen gainetik legokeen ikuspuntu neutrala balitz bezala. Azurmendiren planteamenduan, pentsamenduaren unibertsaltasuna ez da abiapuntua, baizik eta hizkuntzen eta kulturen ezagutzan eta harremanean landu beharreko aukera. Mintzamena gizaki orok partekatua izateak ahalbidetuko luke.
Hortaz, Kojèveren galdera baldin bazen ea zer baldintzatan iritsi den subjektua jakintza osoa adieraztera, honela zehaztu eta zabaldu beharko genuke galdera, Humboldten eta Azurmendiren ekarpena kontuan hartuta: zer baldintza historiko, sozial eta linguistikotan eratu da jakintza hori adierazteko gai den gizakia? Eta galdera horri ezin dio erantzun jakintza partikular batek bakarrik.
Kojèveren esanetan, Spinozak bitartekorik gabe eta zuzenean hartzen du Jainkoaren ikuspuntua, eta ez darakutsa gizaki historiko batek nola iritsi behar duen ikuspuntu horretara. Hegelen Fenomenologiak hutsune hori betetzen du: kontzientziak bere esperientzien, kontraesanen eta gainditzeen bidez heldu behar du jakintza absolutura.
Ordea, Humboldt eta Azurmendi kontuan hartuz gero, beste arazo bat sortzen da hemen: demagun Hegelen kontzientziak bere ibilbide osoa eginik jakintza absolutua erdietsi duela. Zein hizkuntzatan adieraziko du jakintza absolutu hori? Alemanez? Frantsesez? Latinez? Edo hizkuntza historiko guztietatik independentea den kontzeptuen sistema batean?
Hegelen erantzuna ez litzateke beste barik alemanaren aldekoa izango. Haren ustez, kontzeptuaren mugimendu logikoak ez du hizkuntza partikular baten gramatikara mugatuta egon behar. Aitzitik, Humboldten ikuspegitik, horixe da eztabaidatu beharrekoa: posible ote da pentsamendua bere gauzatze linguistikotik erabat bereiztea? Horrela formulatu lezake Azurmendik arazoa: Spinozari Jainkoaren ikuspuntura nola heldu den azaltzea eskatzen badio Kojèvek, ez al genioke Kojèveri berari eskatu behar jakintza absolutuaren diskurtsoak nola gainditzen duen bere hizkuntzaren historikotasuna? Horrek ez du Hegelen proiektua berez gezurtatzen, baina justifikazio berri bat eskatzen dio. Eta hortxe dago Humboldten eta Azurmendiren ekarpen filosofikoaren indarra.
Bukatzeko: adierazpen berri bat hartu dute berriki gurean galdera horiek: zein hizkuntzari onartu behar zaio nagusitasuna nazioarteko langileriaren iraultzan? Gaztelaniari? Ingelesari? AAk ahalbidetzen dituen bat-bateko itzulpenen bidez gauzatuko da iraultza hori, euskara bezalako hizkuntza txikituei ere zabaldu baitie bidea? AA izango da, beraz, iraultzaren aliatu gailena ez ezik, baita gainbehera doazen hizkuntzen heriotza saihesteko bermea ere?
