Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Ametsik (gogoratu) gabeko lo kuluxka (asteartea)

Ametsik (gogoratu) gabeko lo kuluxka (asteartea)

mzap 2005/06/27 16:07

Carlosek 1982ko ekainaren 28ko ilunabarrean izan zuen lehen ametsa. Atxagak ez digu gau hartako ametsik kontatuko.

Loalditako ametsek ezinbestean ari dela putzura erortzen erakusten diote Carlosi. Egunez, aldiz, Carlos ametsek xuxurlatzen dioten kontu iluna konpentsatzen ahaleginduko da bizimodu aldaketa eta etorkizunerako asmo ederrak irudikatuz.

Ekainaren 29ko gauean, Guiomarrekin solasaldi luze bat izango du. Aurrena, "Carlosen beraren interpretazioa" sarrerak dakarrena dute eztabaidagai; hurrena, proiektu atsegin horietako zenbaitez arituko dira.

Gero ohera abiatuko da Carlos, baina oroituko ez dituen edo egingo ez dituen ametsen aurretik gauaren eta itsaso izoztuaren erakargarritasuna sentituko du berriro, heriotzaren dei urtsua.

"Ordea, iritsi bionboraino eta leihora itzuli zen ostera, zeren eta hotelaren inguruan hedatzen zen gaua -gau hezea, gau haize bigunekoa, gau ixil-ixila hamar edo hamaika izarrez inguratutako ilargi ezpal bat zuena- erakartzaile egiten baitzitzaion; eta ez soilik heze, haizedun edo ixil zelako, baizik eta, batez ere, masa likido bat bezala sentitzen zuelako eta iluntasun hartan -La Banyera-ko uren iluntasunean bezala- etzanda gelditzeko gogoa sortzen zitzaiolako. Carlosek, gauak tiratu egiten ziolako inpresio hura erabat bereganatzearren, begiak itxi eta leiho-markoaren aurka etzan zuen gorputza. Inpresioa, orduan, areagotu egin zitzaion, eta apur bat aldatu ere bai: edan egiten zuen haize biguna, bainatu egiten zen ixiltasunean, freskotasunak busti egiten zuen. Ordea likidotasun hura ez zen La Banyera-ko urei zegokiena, baizik eta itsaso izoztu eta ezti bati zegokiona..."

Lo kuluxka gorabehera, Carlosek bere burua nekatu eta astun sentitzen jarraituko du, eta beste behin hipnotizatuko du saguzar kezkagarri batek, liburu osoan zehar hotel atariko farola batetik bestera edota zerura eta buelta etengabeko biribilketan dabilena:

"Ostera begiak zabaldu zituenean lo kuluxka batetik ateratzen zelako susmoa izan zuen, eta susmoa ziurtatu egin zioten segituan bai erlojuak -seiak hogei gutxi markatzen zituen- eta bai alfonbran erorita zegoen Rosa Luxemburgoren liburuak. Geroxeago, erabat esnatu eta leihotik begira jarri zen arretaz, ea zer gertatzen ote zen arestian heze, ixil, eta batez ere urtsu juzkatu izandako gau hartan, eta betiko saguzar ttikia ikusi zuen hotel atariko farol batetik bestera, eta pittin bat haruntzago okindegiaren inguruko zuhaitzen errainu belatza; eta gasolindegiko argi urdin eta gorriak ere ikusi zituen, eta baita ordurako karreteran zebiltzan autoen argiak ere; eta Montserrateko murraila ere bai; eta zeruan orduantxe argitzen ari ziren bi laino arrosak ere bai. Mugimendu nagusia, iluna eta argitasuna txandakatzen ziren eszenario hartan, saguzar ttikiak jartzen zuen, bai bere etengabeko jiraketengatik eta bai zenbaitetan egiten zituen joan-etorriengatik ere, hoteleko ataritik arrosa koloreko zeru-zatiraino, eta zati honetatik, berriro ere, atariraino.

Carlosek eten egin behar izan zuen bere kontenplazioa. Gorputza, lo kuluxkaren ondoren, pisu sentitzen zuen, eta nekosoa egiten zitzaion zutik eta geldirik egotea. Beraz, liburua alfonbratik jaso eta bere gelara abiatu zen. Kontenplazioak utzi eta okindegira jaitsi beharra zeukan luze gabe."

Ametsik egin ote zuen Carlosek lo kuluxka horretan? Zer amets?

etiketak: etakideen ametsak
chuck aranberri
chuck aranberri dio:
2005/06/27 18:18

Ametsean lasterka egin zuen Carlosek, horregatik esnatuko zen nekatuta.

Emakume batek atzetik jarraitzen dio, bera ere lasterka, baina burua ezker-eskuin astinduz, "Oi Carlos! Poverino mio!" garrasika.

Carlosek iskin egin dio azkenik Nou Camp inguruko kale bihurri batean eta plazatxo bateko banku batean atseden hartzera eseri da.

Halako batean, jantzi, zapata eta betaurreko beltzekiko gizon bat bankuaren beste muturrean jesarri da: Sabino. Carlosi begiratu gabe da mintzo: "klandestino batek kontzeptuak argi behar ditik. Hi lehendik korrika henbilelako abiatu zaik segika italiarra ala beregandik ihesi ekin behar izan diok lasterrari?"

Jazarpenaren estuasuna arestian eta orain berriz erantzun ezinarena.

Hi bizi haiz hi, Carlos!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.