Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Carlosen beraren interpretazioa

Carlosen beraren interpretazioa

mzap 2005/06/27 15:49

Arrazionalista batzuen ustez ametsa zentzugabekeria hutsa da, anabasa bitxia, ezertarako balio ez duena. Euskal eleberrigileentzat berriz ametsak badu zentzu bat, edo asko, hainbat eginkizun beteko ditu behintzat narrazioan. Carlosen amets honek bere loa babestuko du: batetik, kanpoko ahotsak, telebistatik datozenak, bertan integratuko baititu; bestetik, barruko sentsazioetatik ere babestuko du Carlosen loa, itsaso izoztu baten promesa goxoaz konpentsatuz uztaileko bero zakarra Bartzelonan.

Baina batez ere Carlosen lehen amets honek GURI Carlosen nortasunaren eta egoera sonanbuluaren berri emateaz gainera (etakide guztien artean berari lanbrotuko zaizkio nabarien ametsaren eta errealitatearen arteko mugak), CARLOSI BERARI ere abisu bat emango dio, biziki garrantzitsua.

Etorkizuna iragarriko dio, uretan hiltzera doala. Baina Carlosek ez dio heriotza saihesteko adina jaramonik egingo.

Zergatik baina?

Carlosek valium ugari hartzen baitu, eragin antsiolitikoa, sedantea eta amnesikoa duena. Carlosek gustura onartuko ditu efektuok eta ametsetako zeinu ugariak ez ditu behar bezala aintzat hartuko.

Baina valiumagatik soilik ez du neurri zehatzik hartuko ametsetako zeinu itzelek iragarririkoa eragozteko?

Izan ere, paradoxazko era bitxi batez, Carlos amets horrek heriotza igarri diola ohartuko baita.

1982ko ekainaren 28ko ilunabarrean egin zuen lehen ametsa. Biharamun gauean, asteartez, Carlosek ametsa kontatu eta interpretatu egingo dio Guiomarri (158-9 orr.). Baina ametsaren gaineko berbaroa Guiomarri gezurra esateko erabili nahiko du. Guiomarrek zergatik ari den gutun bat idazten bere azken borondatearekin galdetu eta Carlosek, egia osoa esan beharrean, egiaren zati bat adieraziko dio, heriotza hurbil sumatzen duela, baina zergatia ezkutatu egingo dio, Jon eta Jone gorde dituela eta polizia hurbil sumatzen duela hain zuzen.

Egia horren ordez, ametsaren presagio izaera aipatuko dio Guiomarri, ustez gezurretan. Ordea, ametsaren gezurra ahoskatu ahala, gero eta egiantzekoagoa egingo zaio. Gezurra esateak dakarkio egiaz jabetzea:

"-Lehengoan amets bat izan nian -hasi zen Carlos zigarroa itzali eta honen hondakina Guiomarrenaren aloban utziz-. Itsaso izoztu bat ikusi nian, oso hederá, desertu zuri bat ematen zuena, eta nik Itsaso hori goitik ikusten nian, asteroide bat banintz bezala aurrena, eta saguzar erraldoi bat banintz bezala gero. Eta bi kasuetan, ur izoztu haiek hartu egin nahi nindutela iruditzen zitzaidaan, hotsegin egiten zidatela beraien baitan murgil nendin. Eta kontua duk nik atseginez neureganatzen nuela aukera hura, erori egin nahi nuela Itsaso hartan, eta haren uretan betirako izkutatu. Gainera, nahiz eta paradoxa izan, Itsaso izoztu haren barruko urak epel epel egongo zirela iruditzen zitzaidaan.

-Eta? -begiratu zion Guiomarrek eszeptikoki. Marxismoaren inguruan ibili garaietatik, amets kontuak ez zitzaizkion batere gustatzen.

-Ziurtasun batekin esnatu ninduan. Luze gabe hilda egongo nintzela. Eta horregatik idatzi diat gutuna. Badaezpada ere.

-Hilda? -esan zuen Guiomarrek. Leihoan areago apoiatu eta gauari begira geratu zen. Bere lagunaren aitorpenak hitzik gabe utzia zuela zirudien.

Nahiz eta gezurretan ari, suma-ahala kontatzen ari zen guzti hura lojika berezi batez kargatua juzkatu zuen bapatean Carlosek. Ipuina faltsua izango zen beharbada, baina ipuinaren bukaera seguraski ez. Bere erresuma berrian -sartuta zegoen asteriskotik asteriskorako ibili arriskutsu hartan- onik ateratzeko probabilitateak urriak ziren. Bera ez zegoen entrenatuta, urteak ziren pistola bat hartzen ez zuela. Aldiz, Stefano eta bere lagunek oso gogorrak izan behar zuten, oso profesionalak, ez inola ere berak gaztetan aurrean edukitako polizia makal eta gaizki prestatuak. Gainera, gutxitan uzten zuten terrorista bat bizirik -demokraziarekin batera Gobernuak eskainitako amnistiarekin konforme ez zeudelako, esaten zenez.

Gogoeta bukatutakoan, Carlos lasaiago sentitu zen: azkenean, aitortu egiten zion egia bere buruari, eta beraz, egia horrek berarekin ekarritako etsipena lagun, lasai abia zitekeen Don Beldurri aurre egitera. "Hiltzeak ez dit axola", etorri zitzaion orduan burura, eta hotzikara atsegin batek azpimarratu zion esaldia. Lilura bat zen ezpairik gabe, lo faltak eta egun oso luze baten ondorengo nekeak eragindakoa, baina berak –doilorrak txanpona bezala- esaldia harrapatu eta bere memorian gorde zuen. Esaldi hartan islatzen zen joera asko baliatuko zitzaion Stefanoren aurka borrokatzeko.

-Mesedez, Carlos! Hire anaia bezala hitzegiten hasi haiz! -arrapostu zion Guiomarrek bere lagunaren erantzunak eragindako mututasunetik ateratzea lortu zuenean-. Orduan zerekin hasi behar dugu orain? Presagioekin, garai biblikoetan bezala? Egia, nik uste diat benetako presagio bat eduki zuen azkeneako Nabucodonosor izan zela."

etiketak: etakideen ametsak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.