DIOGENES TXAKURRA
Zinikoek ez digute doktrina bat helarazi, baizik eta esaldi eta pasadizo zirtolari mordo bat. Zinikoek goitik behera onartzen dute gizakion izaera naturala eta barre egiten diote giza handikeriari eta harrokeriari. Sokrates eta Platon gizakiaren eta animaliaren arteko aldeak nabarmentzen ahalegintzen ziren bitartean, zinikoek beren buruari pozik deitzen diote "kynos", hau da, txakur. Zinikoentzat egokiagoa da edozein animalia, ezagutzen dugun gizakia baino. Gizakiaren eta Jainkoen artean txakurra dago. Eredu argitsua da txakurra gure bizitzarako. Horrela, Diogenesek txakurrak jendaurrean egiten dituen guztiak, egiten zituen: plazan jaten zuen, lo egin, kaka, eta fusila garbitu.
Jendaurrean masturbatzea gaitzetsi zion bati erantzun zion gose mota hori asetzea oso atsegina eta merkea dela eta mundua ondo egina balego sabela igurtziz ase beharko genukeela janari gosea. Izan ere, Diogenesek ahalik eta independentziarik sakonena bilatzen zuen: ez zuen beste gizakien beharrik izan nahi, baina ezta gauzena ere. Halatan, behin batean mutiko bat iturritik esku ahurrez edaten ikusi eta ordu arte erabilitako katilua baztertu zuen. Janzteko ez zuen zaku bat baino erabiltzen, aldi berean lo egiteko ere baliatzen zuena. Hotz zegoenean kupel batean sartzen zen. Hala ere, beregaintasun horren bila bere buruarekin ere gogorra zen: uda minean harea kiskalgarrian etzaten zen kroketa lez gelditzeko, eta negu gorrian izoztutako estatuak besarkatzen zituen, bere burua hotz zein berora ohitzearren.
Txakur izaera muturreraino zeraman. Behin batean, jauntxo batzuk afaltzen ari ziren jatetxera sartu eta zerbait eskatu zien; hauek oilasko hezurrak bota zizkioten isekaz: "txakurra haizenez..." Orduan Diogenesek mahaira igo, izterra altxatu eta txiza egin zien.
Kalean eskatu egiten zuen, baina umiltasunak eta otzantasunak ez zuten zerikusirik berarekin: ematen ez ziona iraindu egiten zuen, bere makilaz jo. Dena dela, bere garaiko gizakirik ospetsuenen mirespena bereganatu zuen. Alexandro Handiak esan zuen bera Alexandro izan ez balitz, Diogenes izan nahi zukeela, eta Diogenes etzanda eguzkia hartzen zegoen batean eta Alexandrok hurbildu eta ea zer nahi zuen, edozer emango ziola, ziurtatu zionean, Diogenesek "paretik kentzea nahi diat, eguzkia kentzen didak eta" ihardetsi zion.
Atenastarren jakin-mina biziki pizten zuen, bestalde, bertako bi puta ospetsuenek Diogenesekin zuten harremanak: ez baitzioten kobratzen, eta, gainera, beste inori eskaintzen ez zizkioten zerbitzuak ematen zizkioten Sinopeko txakurrari.
Azken batean, zinikoek, izaera eta bizimodu berriak asmatuz, beren burua arte obra baten antzera landuz, artaldeak ezartzen duen ildoa gaindituz, historia osoko matxinoei kemena eman diete.
normaltzat hartzen ez zen bizimodu berri baten eredu izan nahi zutenez, zalaparta apur bat sortu behar
beren burua besteen gainetik jarri nahi zutela... besteek munduko gailur gisa ikusten zuten beren burua, animalia baino askoz ere gorago, eta zinikoek berriz animalia huts gisa: zentzu horretan, besteek baino apalago ikusten zuten beren burua; baina horretaz ohartzeak neurri batean besteen gainetik sentiaraziko zituen agian...
garbi dago ez zutela umiltasuna eta harrotasuna kristauek bezala ikusten
Platonek ere zuk egindako kritika egin zien: harrokeria kritikatzen zuten, bestelako harrokeria baten oinarriturik
azkenik, egia diozu, zakur etxekoiaren otzantasuna baino eredu egokiagoa lukete...
ZIMINOA!