Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Carlosen lehen ametsa (astelehena)

Carlosen lehen ametsa (astelehena)

mzap 2005/06/25 20:28

Atxagaren etakide gizonezkoen ametsak, "Gizona bere bakardadean"eko Carlosenak eta "Soinujolearen semea"ko Davidenak eta Trikurenak, horiek baino ez baitute amets egiten, heriotzari daude loturik, era askotan, baina heriotzari, emakumezkoarenak bezala, alegia, "Zeru horiek"eko Irenerenak, eta, zehazki mintzatzearren, baita gainerako euskal idazleen etakide protagonistenak ere. Ordea, Ireneren heriozko ametsak kezka biziez josirik daude, bizigarri izango zaio heriorekin nahastea, bizitzaren aldeko palanka bat.

Hara Carlosen lehenbizikoa, eleberiaren hasieran bertan, non Carlos-asteroideak bere burua itsaso izozturantz erortzen utziko duen, goxo-goxo, eta gero saguzar bilakatuko den:

"Carlos esaten zioten gizonak bazekien itsaso izoztua amets-irudi bat besterik ez zela, eta bazekien ere –zeren halaxe adierazten baitzion zakarki bere kontzientziaren ahotsetako batek-, ez zuela lozorro hartan jarraitu behar, edo areago, jaiki egin behar zuela etzanda zegoen sofatik eta hoteleko behe-saloira jaitsi han bere adiskideekin biltzearren, hain zuzen ere iluntzen ari zuelako eta hastear egongo zelako astelehen hartan, 1982ko Ekainak 28, poloniarrek jokatu behar zuten erdi-finaletako partidua. Ordea, ametsean ikusten zuen itsaso izoztuak harritu egiten zuen bere zerebroaren zati erabat esnatu gabekoa, eta zati horrek begiak itxita jarraitzeko gogoa sortzen zion erorketa inpresio atsegin baten bitartez; iruditzen zitzaion itsasora erortzen ari zen harria zela, asteroide baten antzeko zerbait-edo, eta ur izoztuek, auskalo zein paradoxaz, epeltasun goxo bat gordetzen zutela beraien baitan, eta prest zeudela izotz geruzan zuloa egiteko bera handik barrena murgil zedin. Edonola ere, nahiz ukitzeraino hurbildu itsasora, azkenean ez zen urarekin kontakturik egon. Aurrez, ametsaren aldaketa bat zela-eta, saguzarraren antzeko txori handi bat bezala ikusi zuen bere burua: hegaka zihoan uraren gainetik poliki baino polikiago, eta mirestu egiten zuen –bere pizti-begiek ematen zioten ahalmen berriarekin- elurraren txuritasuna eta itsasoak une hartan zeukan lautada birjinaren irudia.

Carlosek, sofan areago etzanez, egunaren azken eguzkia jasotzen zuen leihoari bizkarra emanez egokitu zuen bere gorputza. Ez zuen esnatu nahi, eutsi egin nahi zien amets-irudi haiei. Bestalde, itsasoaren sakonetik orkestra batek interpretaturiko doinua iristen zitzaion, eta hori ere laguntza zen, sosegua soseguaren gainean.

Bere nahia ez zen bete. Galdera bat erne zen musikaren gainetik, emakume batek Ruiz Agirre izeneko paleontologo bati egiten ziona, eta horrenbestez –Bartzelona aldean bizi zenez geroztik deitura euskaldunak deigarri egiten zitzaizkiolako-, begiak zabaldu eta hamasei hatzetako telebista ikusi zuen bere aurrean, eta pantailan gazte betaurrekodun bat, paleontologoa, programaren aurkezle-andreari erantzuna ematen:

"Ez, jakina, zuk ere badakizu, orduko euskal kostaldean nekez egon zitekeen pterodaktilo izeneko saguzar erraldoirik. Eta egotekotan, gainera, ez ziren hegan ibiliko, zeren saurio haiek, oraingo saurio guztiak bezala, poikilotermoak baitziren, hori da, ez zeukaten beren gorputzeko tenperatura erregulatzeko gaitasunik, eta beraz izotz haien artean makalduta egongo ziren, inola ere ez hegan aritzeko moduan".

"Bai, egia da", ametitu zuen aurkezle-andreak irribarrez. "Ezin zen pterodaktilorik egon gaur aintzat hartzen ari garen Paleolitiko aroan, zeren saurio haiek milioika eta milioika urte lehenago ezkutatu baitziren lurraren azaletik. Baina nahitaezkoa zitzaidan pterodaktiloez galdetzea, bestela nire seme-alabek ez baitzidaten barkatuko. Nire seme-alabak txoratuta daude pterodaktilo eta gainerako saurio erraldoiekin".

Zientzia dibulgazioko programa zen, eta bai aurkezleari eta bai paleontologoari kosta egiten zitzaien elkarrizketa zinezkorik lortzea. Carlosek –apur bat dezepzionatuta bere ametsaren jatorri arrunta ezagutu ondoren-, erlojuari begiratu zion. Orduerdi bat falta zen bederatzietarako; orduerdi beraz Lato, Boniek eta beste poloniarrek belgiarren aurka jokatu behar zuten partiduaren hasierarako. Bigarren kateak erretransmititzen zuen, ez historiaurreari buruzko programa ematen ari zenak."

etiketak: etakideen ametsak
markos zapiain
markos zapiain dio:
2006/03/18 17:49

magabila, ba Antton Ihartzegarairen ametsa izan da azkena

hogeita bat amets, nik dakidala behintzat

egia esan, ikaragarriak dira amets horiek, itzelak, oso ondo pentsatuak

Magabila
Magabila dio:
2006/02/25 01:49

Bua, atal hau la hostia duk benetan. Hasi besterik ez nauk egin eta... Bua, kriston pinta dik

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.