Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Lehen eta bigarren: lema kolpea

Lehen eta bigarren: lema kolpea

mzap 2005/06/14 10:14

a-Lehen Kojeverentzat, hogeita hamarreko hamarraldian, Introduction a la lecture de Hegel idatzi zuena, denbora gizakiak Izateari eragindako erauzketa da.

Lehen Kojeverenean, adimenaren kemen itzelak existentziaren eta esentziaren artean burutzen duen bereiztea miragarria da, naturak agindutakoaren aurkakoa delako.

Lehen Kojevek garbi nabaritzen du bigarrenak esango duenaren kontrakoa, hots, kontuan hartu behar dugula esentzia bere euskarri naturaletik bereiztea ez dela naturaren baitan berez gertatzen den zerbait, adimenaren jardueraren ondorioa baizik, edo oinarrian adimenaren erabateko ahalmena duen giza lanarena.

Bigarren Kojeverentzat, berriz, gauza naturala izen bilakarazten duen giza ekintzak aurretik izaera bereziko prozesu bat eskatzen du, "prozesu orokortzaile" deritzona, berezkoa, gauzaren esentzia bereizten duena dagoen kokagunetik eta dirauen aldi tartetik. Prozesu hauxe da Introduction a la lecture de Hegel-en aintzat hartu ez zuena. Orduan, lehen Kojevek, esentzia existentziatik bereiztea bera ere giza ekintza zela zioen.

Berrogeita hamarreko hamarraldiko bigarren Kojeve honek Le Concept, le Temps et le Discours liburuan idatziko duenez, aldiz, aipatu prozesua berez gertatzen da, eta gizakiaren zeregina esentzia izen bilakatzera du mugatzen. Hauxe litzateke bigarren Kojeve deitu dugunaren jarrera mintzoaren denboraz den bezainbatean.

Bigarren Kojeverentzat, prozesu orokortzailea gauza orok beti eta edonon ezinbestean eta pasiboki "jasan" behar duen prozesu bat da, ez da gauzaz at den edonork nahiz edozerk aktiboki "ezarririkoa". Bigarren Kojevek dioenez, existitze hutsak eragiten dio gauzari prozesu hori. Izan ere, gauza, hemen eta orain baten baitan kokaturik dago; baina, aldi berean, bere existentziaren edo iraupenaren une bakoitzean, hemen eta orain horietatik bereizi egiten da, iraute hutsaren kariaz. Beste era batera esateko, gauza batek denboran zehar irautea aski izango da, abstrakzio prozesu orokortzaile horrek gauza hori izen baten adiera izateko gai bilaka dezan. Horrexegatik esan dezakegu hain zuzen izena dirauen gauzari "dagokiola". Edonola ere, gauza bera da prozesua jasaten duena, irauten hasten denetik eta denboran barrena dirauen bitartean, eta iraute hutsa dela zio gainera.

b-Bigarrenik, "Tyrannie et Sagesse" testua idatzi garaian, 1952 inguruan, Kojevek, bigarren Kojevek, dio, Introduction a la lecture de Hegel-en erradikaltasuna bareturik, hogeita hamarreko hamarraldian Hegel benetako jakintsu orojakile legez aurkezten baitzuen, jankintsu orojakilea oraingoz ez dela ideal filosofiko bat baizik, eta ez politikoaren aurrez aurre jarri ahalko genukeen errealitate historiko bat. Kojevek orain, horrenbestez, definizioaren araberako filosofoa hartuko du aintzat, hau da, egiaren eta jakituriaren bila dabilena, eta ez jadanik aurkitua duena: lehen Kojeverentzat, hortaz, jakintsu orojakilea eta historiaren amaiera jadanik gauzatuta zeuden; bigarren Kojevek dioenez, berriz, jakintsu orojakileak ideal filosofiko bat izaten jarraitzen du, ez da errealitate historiko izatera heldu eta historia bera ondorioz ez da oraindik burutu.

c-Lehen Kojevek jendaurrean egite zuen Stalinen alde eta gizakiaren alde suntsitzaile, ebakitzaile, hiltzailea nabaritzen zuen.

Stalin 1953an hil zen. Berrogeita hamarreko hamarralditik aurrera, ezinbestean ebaki, suntsitu eta hil beharra zeharo baztertu eta zer gertatzen ote den une baten eta hurrengo unearen "artean" eta gisako gai metafisiko eta arinagoak aztertuko ditu.

d-Zeri lotu kehre hori? Hitz beste egin zuen, besterik gabe, eta antropologiatik ontologiara igarotzeak beti dakar mintzamoldea baretzea, Heideggerren kasuan bezala? Hala ere, hitz beste egite hori, baretze hori, naziekiko zein Stalinekiko lotura filosofiko nabarmenegiak (hizkeraren biolentziak erakutsiak) askatu nahiak ekarriko zuen agian, izan zedin kalkuluagatik (irabazleen artean lasaiago bizitzeko), izan zedin aitortu gabeko erru sentimendu batengatik? Edota adinak bultzatu ote zuen erradikaltasunetik posibilismora?

KGBrekiko loturaz susmoak Mendebaldean, disimulatu behar?

etiketak: globalizazioaz
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.