Ur-jauzia eta ortzadarra
Kojeverentzat, lehengoan esan bezala, "zakur" hitzean zakur erreala hilda dago. Zakurra eternala balitz, denboraz at existituko balitz, edo denborarik gabe, zakur adiera ez legoke zakur errealaz berex. Zakur esentziaren existentzia enpirikoa zakur biziduna litzateke, ez "zakur" hitza (pentsatua edo esana). Beraz, ez legoke mintzorik (logos) mundu errealean; eta enpirikoki existitzen den mintzoa gizakiarena bakarrik denez gero, ez legoke orduan gizakirik munduan. Egia dioen mintzoa zentzumenezko kokagunetik ateratzen da, baina atera daiteke soilik hemengo kokagunea, hauxe da, izaki espaziala, denborazkoa ere badelako, iraganean suntsitzen delako. Eta iraganean desagertzen den errealitateak mintzo legez dirau, jadanik errealitate zentzumenezkorik gabe, orainaldian.
Kojevek metafora hau asmatuko du bere ikuskera argitzeko: egia azaltzen duen mintzoa ortzadar garaikidea da, ur-jauzi baten gainean sortzen dena, eta ur-jauzia denborazko errealitatea da, iraganaren ezerezean suntsituz doana.