Hiztegi, hilerri
Kojevek dioenez, egia lortzerik balego, denboran barrena bereganatu beharko luke gizakiak. Eta filosofian, definizioz, kontzeptuetan barnebiltzen eta adierazten da egia. Baina kontzeptuzko ulerkuntza oro heriotza da. Azter dezagun astiro.
Esentzia, enpirikoki existitzen den izaki batean gauzatua dagoen bitartean, esentzia hori, eta aipaturiko izakia, bizirik daude. Esate baterako, zakurraren esentzia, izaki zehatz batean mamitua den heinean, bizirik dago: zakur erreala da, jan eta edan eta lasterka egiten duen zakur biziduna. Baina gizakiok zakurraren esentzia "zakur" hitzera igaroarazi eta adiera abstraktu bilakatzen dugunean, orduan esentzia hil egiten da. "Zakur" hitza, jakina, bere adieraren bitartez argitzen eta ezagutarazten duen zakur erreala ez bezalakoa da, bertan esentzia hilik baita: "zakur" hitzak ez du edaten, jaten, zaunka egiten; esentzia ez da jadanik zakur errealean bizi, hilik da. Hiztegi, hilerri. Euskarak dio izena izanaren itzala dela, eta Kojevek errealitate enpirikoaren ulerkuntza kontzeptuzkoa heriotza dela. Jakina, ez da beharrezkoa zakur bat hiltzea bere kontzeptuaren arabera ezagutu eta definitzeko, ez da nahitaezkoa hil dadin arte itxarotea haren ezaugarri nagusiez jabetzeko. Hala ere, kontuan hartzekoa da zakurra zientifikoki ezagutzeak disekzioa eskatzen duela.