EUSKARAREN EGOERA TXUKUNTZEKO
Jendeak ez du euskaraz espero adina ikasten. Estatistikek gora egiten dutenean, pixka bat baino ez dute egiten; behera, aitzitik, ezin biziago.
Gizaki hutsekin, dirudienez, ez dago zereginik, pikutara doake euskara. Ikaragarria da, kasurako, erdararen nagusitasuna hedabideetan.
Kontua da gizakiei onartzen diegula hiritartasuna, gizakiak baino ez ditugula zenbatzen estatistiketan.
Baina Txillardegiren gogoetek bestelako ate bat ireki diote esperantzari.
Gaurdaino, erdi onartutzat-edo jo dugu gizakia gainerako animaliengandik bereizten duena teknologia eta kultura dela, eta bion oinarrian mintzamena dagoela.
Mintzodunei ematen diegu hiritartasuna, mintzodunak sartzen ditugu estatistiketan.
Gormutuak barne, jakina. Ahozko hizkerari ez diogu ezein gailentasunik aitortzen.
Horra hor gakoa. Txillardegik usu nabaritu du, batetik, gizakion funtsezko aberetasuna; bestetik, tximinoen gaitasuna gormutuen zeinu-hizkuntzak ikasi eta erabiltzeko. Honen berri ez duenak benetan txunditu nahi badu, irakur dezala UZEIren "Hizkuntzalaritza" hiztegiko "Mintzamena gizonetik at" artikulua.
Washoe, Moja, Lucy, Bruno primateak ezagutuko ditu bertan, "Ameslan" (American Sign Language) delakoaz mintzo, hots, AEBetako gormutuen zeinu-sistemaz, ehundaka hitz erabiliz, hitz berriak sortuz (Washoek ez zuen "ahate" hitza ezagutzen, eta ahate bat lehenbizikoz ikusi zuelarik, "water bird" bataiatu zuen, "ur txori"), txinpantze elebidunak ahozko ingelesa entzun eta "Ameslan"era itzuliz...
Alegia, gizakion eta tximinoen artean ez dago alderik. Mintzamenaren aitzakiarenarekin batera, gure berezitasunarenak ere egin du.
Zeregin garrantzitsu bat dugu aurrerantzean euskaltzaleok: milaka tximino erosi, "Ameslan"en pareko "Euzehizk"(Euskarazko zeinu-hizkuntza) bat sortu (konplikatuagoa izan zen euskara batua), tximinoei irakatsi eta ondoren tximino euskaldunok ere estatistiketan zenbatuak izan daitezen erdietsi, hedabide erdaldunek arroztu ditzan baino lehen. Gainera, auskalo, baliteke gizakiok bezain traidoreak ez izatea hedabide arrotzetara lerrateko orduan.
Txillardegiri eskertu behar diogu aukera itxaropentsu honi ere bide teorikoa zabaldu izana.
Bai mezu argi,ironikoa. Parre pila bat egin det. Gorde eta noizbehinka irakurtzeko modukoa.