KRITIZOIREN TEOREMA
Uste dut "Kritizoiren teorema" deitzen dudana garrantzitsua dela moralaren funtsa argitzeko. Behinola ospetsu izaniko Louis Guilloux-en Odol beltza eleberriari hartu diot.
Kritizoi hori filosofia irakasle dabil Frantziako mendebaldeko herri batean. "Kritizoi" ezizena Kanten obrarik ezagunaren izenburu-aldaketari zor dio: Arrazoimen hutsaren kritika, Arrakamen hutsaren kritizoi bilakatua. Pertsonaia ilun eta korapilatsua da Kritizoi, antisoziala eta antikapitalista; hala ere, bere bizilekuan, bere gelaxkan, urrezko txanponezko altxor ttiki bat ezkutatzen du, baita ardura handiz babestu ere, uste baitu jazarpen unibertsal baten jomuga dela, batez ere irakasten duen Lizeoko lankideen aldetikoa, baina orobat "Klopurto" izeneko baten aldetikoa, bere etxe inguruan ibiltzen dena zelatan, asmo gaiztoek bultzatua antza.
Egitez, Kritizoi bere buruarekin baino ez da solastatzen, egonaldi luzeak egiten dituen kafeko ispiluek itzultzen dioten irudiarekin, azkenik "Jauna" deitzen baitio. "Jaun" hau Kritizoi fio den solaskidea da, aholku eskatzen dio maiz, estualdietan, baina Kritizoi "jaun" hori ispiluek itzultzen dioten Kritizoiren beraren islarekin ez nahasteko bezain destxolindurik dagoelarik, Flaubert oroitarazten duen zalgurdi-eszena honetan bezala:
"Eta lantzean behin, hark harrapatzen zuelarik, ez zegoenean irudikapenetara jolasteko bezain bero, Jauna itauntzen zuen.
Zaldia trostan, zalgurdiaren gidariak bere zartailua klaskarazten zuen. "Jaunak" erantzun zion:
-Nire buruari galdetzen diot. Hain erraza litzateke alde egitea, eguteran amaitzea, basatien egian, zikinkeria honetarik urruti.
-Beti ere Java?
-Zeure bizialdi osoan horren gainean baino ez duzu pentsatu."
Kritizoik, zenbait orrialde gorago, bere nahigabearen izaera laburbildu du, gauzak beren buruarekin bat etortzeak eragiten dion sentimendu jasangaitz legez azalduz, alegia, errealitatearenganako amorrua, errealitatea identitate- hastapenaren mendean dagoen heinean:
"Jasangaitza zen saltzailea beti saltzaile izatea, abokatua abokatu, Poincari jauna beti Poincari jauna bezala mintzatzea, egundo ez, adibidez, Apollinaire bezala, eta alderantziz...
Eta Kritizoi Kritizoi bezala.""
Hamabi orrialde geroago, Kritizoik ele bat botzen du horixe da neuk haren teorema deritzodana- haren filosofia laburbiltzen duena eta Louis Guilloux-en garaikideak txunditu behar izan zituena, Robert hiztegiko Guillouxi buruzko sarrera laburrak baitakar: ""Bizitza honen egia, ez da hil egiten garela, baizik lapurtuak hiltzen garela"".
Izan ere, ele hau oso da azpimarragarria. Neure aldetik, bertan ikusten dut giza itsukeriaren ereduzko adibide bat, bere molde moralarena zehazki.
- Lehenbizi, gauzatzen duen balio-alderantzikatzeagatik, zeinaren emaitza baita osagarria (lapurtuak gara) funtsa bailitzan agerraraztea, eta funtsa (hil egiten gara) osagarri gisara. Zeren egia Kritizoik dioenaren justu kontrakoa baita. Geure bizitzaren funtsezko egia, bistan da, heriotzarantz goazela da; gainera lapurtuak hiltzea, bigarren mailako gorabehera baino ez da, garrantzi eskasekoa egiazki, heriotzaren egitatearekin alderatuz gero. Halatan, Kritizoiren teoremak ezin hobeki adierazten du Cioranen gogoeta bat, Pricis de dicomposition liburukoa: "Funtsezkoari muzin egiten dioten ideiak dira gizakiek aintzat hartzen dituzten bakarrak".
- Baina orobat da adierazgarria Kritizoiren elea ""heriotzari garrantzia kentzeagatik"", eta lapurreta gehiegiesteagatik (noren eta zeren lapurreta, bestalde? Kritizoik ezkutuan uzten baitu); hots, ideia honengatik: kaltetua izatea hiltzea baino gaitz askoz ere larriagoa dela. Jarrera moral ororen alde sakonago bat baita, eta nire ustetan adierazgarriagoa, tragikoa ezin onartzea, eta eskukaldi soil batez baztertzeko erraztasuna, -hain harrigarria erraztasuna, Kritizoiri ahalbidetzen baitio serio demonio aldarrikatzea lapurtua izatea ziurra eta dramatikoa dela beti; aldiz, heriotza aurrean izan dezagun ez diola axola, zalantzazkoa dela ia ("Bizitza honen egia, ez da hiltzen garena").
Kritizoiren teoremak egia legez adierazten du nabariki faltsua den judizio bat, hitzaren zentzu aldi berean intelektual eta juridikoan, ongi ezaguna den esamoldeak ilustratzen duena, deitoratzen baitu justiziak pisu bi eta neurri bi darabiltzala. Balantza faltsutu batek ahalbidetzen du pisatze miragarri bat gauzatzea, arina astun bilakatuz, astuna arin. Kritizoiren ele hori, orokorkiago, judizio-faltsutasunaren eredu bat da, "faltsutasun" berbaren bi zentzutan: zehazgabetasuna eta gezurra. Alferrik luzatzea egitate honen gainean: nire ustez judizio-faltsutasun hori, eta barnebiltzen dituen zehazgabetasuna eta gezurra, mintzamolde moral ororen euskarririk garrantzitsuenak dira.
Eskerrak eman nahi dizkiot Markos Zapiaini testu hau euskaratzeagatik.
Ideia hauek nire Le demon de la tautologien (Minuit, 1997) sakonki jorraturik aurki ditzakezu.