Ordutegi librearen alde
Hain zaigu miresgarri ziminoa!
Eta, Elias Canettik dioenez, gizakiok salerosketan gabiltza tximinoengandik antzekoen.
Zuhaitzaren adarretatik goiti doala, ziminoaren esku biek ez dute zeregin berdina: lehenbizikoak adar berri bati heltzen dion bitartean, bigarrenak aurreko adarrari oratu behar dio. Abiada arriskutsuz doalarik gora, sarritan oratze horrek salbatuko du erortzetik, bigarren esku horrek bakarrik eusten baitio gorputzaren pisu guztiari.
Lehenbiziko eskuak adar berria hartu orduko, hori bai, ziztuan askatu beharko du bigarrenak adar euslea. Lasterrago, bizkorragoa igoera.
Esku bakoitzak, hortaz, oratu eta askatu beharko du, arin-arin. Noski, ezkerrak eskuinekoaren aurkakoa egin beharko du, txandaka.
Zuhaitzetik lurrera jaitsi ondoren ere tximinoak eskuen arteko txandakatze azkarrarekin jarraitu zuen.
Eta Canettik jatorri horixe bera ikusi dio komertzioari.
Izan ere, salerosketan, jasoriko zerbaiten ordainez beste zerbait ematen duzu. Lehenbiziko eskua nahi duzun salgaira abiatzen den bitartean, bigarrenak oraindik zurea duzun trukegaiari oratzen dio. Behin lehenbizikoak gutizia harturikoan, bigarrenak ordaindu egingo du. Ez lehenago. Estu zaindu beharra dago saleroskidea.
Iruzurra arbolatik erortzea duzu: lehenbiziko eskua hutsik baina bigarrena jadanik sosa emana.
Edonola ere, gizakiok salerostean sentitzen dugun poz fisikoak adieraziko luke arrakastaz errepikatu dugula antzinako igoera adarrez adar.
Horrexegatik gaude gizakiok tximinoarengandik hurbilen saltzaile zein erosle gisa.
Zergatik oztopatu poz hori igandez zein jaiegunez?
Izan ere, ez ote da askoz ere desorekatuagoa eta arriskutsuagoa igandez Anoetara zein San Mamesera joaten dena Max Centerrera joan nahi duena baino? Begien bistakoa den arren, sindikatuek ez dute txintik ere esaten.
Ez gara gutxi haatik aukeran nahiago dugunok tximinoa alboan, futbolzalea edo ehiztaria baino.
Sindikatuek langileentzako baldintza eta soldata egokiak lortzen ahalegindu behar lukete eta ez lanpostu berriak itotzen, ondoren beren ezina eta porrota ezkutatzeko erru alegiazkoak besteri garrasika leporatuz.
Langabetuak ez dira sindikatzen eta langabetuak dira ahulenak. Baina sindikatuek afiliatukeria babesten jarraitzen dute. LABeko eta ELAko militantea naiz aldi berean, eta lotsatuta nago.
Drogaren eta abortuaren zigor-gabetzearen aldekoek aldarrikatzen genuen legalizatzeak inor ez duela drogatzera edo abortatzera behartzen. Orobat erosteko orduan, eta ez dugu zertan onartu erosketak noiz egin behar ditugun gure ordez eta gure onerako erabaki nahi dutenen gurasokeria.
Jaiegunez eta igandez, menturaz, euskal ehiztariek mendia hustu eta saltoki tzarra beteko dute aurrerantzean. Eta, Jainkoa lagun, beharbada, amets bat dut, etorkizun eder batean, ehiztariz zein futbolzalez bete Max Centerrak Saturno aldera hegaldatuko dira, edo ifernu zulora amildu, eta tximinoak izango gara berriro Lurrean nagusi, eta bozkarioz beteko dugu Lurra, zeren Lurra berez ez baita bizkarroi bat, ez baita esaterako kuskuta edo, Zuberoan esaten den bezala, ogitina.
Ondo legoke osotasuna bai. Mundu mailako estatu bakar bat, aberastasunaren banaketa suposatuko lukeelako.
Eta utopia hutsa dirudien arren, nik inoiz baino gertuago ikusten det. Teknologiaren abiadura izugarriak, laister lanik gabe utziko gaitu, eta datorren iraultza, lanik ezean, aberastasunaren banaketa izan liteke.
Ea egia den.
Esperantoa? Zertarako, ingelesa badaukagu?
Ni pixkatxo bat ibili naiz, munduan zehar, eta oso gauza bitxia gertatu zait. Nere halamoduzko ingeleraz aritu naiz, gustora aritu ere, angolatarrekin, marrokiarrekin, daniarrekin, italiarrekin, frantzesekin... Baina ezin izan det inoiz lau hitz baino luzeagoko alkarrizketa txiki bat osatu, ingelesekin. Beti uzkur eta hotz,nerekin.
Beharbada, gogaituta daudelako, ingelera hain gaizki hitzegiten duten haiekin saiatzeaz...
Eurei tokatu zaie. Ze pena.
Euskerari uko egin? Sakrilego halakoa...