KARENA TXAPELDUN
Esferak trilogiaren lehen liburukian, "Burbuilak" azpititulukoa, Peter Sloterdijkek kontatzen du behiala karena edo plazenta arras serioski zela aintzat hartua, mundu osoan barrena, erritoetan, artean, erlijioan. Haatik, zenbait mendez geroztik karenarenganako ardura baztertu egin dugu, Mendebaldean bederen.
Ugaztun gehienek umatu eta berehala karena jan egiten dute; berdin jokatzen dute Brasilgo indio askok. Zehazki, yakutoarren artean karenaren jatea erritual bat da, jaio berriaren aitak bere senide eta adiskideei eskaini behar diena.
Beste toki batzuetan karenaren patua umearenarekin bat datorrela sentitzen da; karena zaindu behar, hortaz. Antzinako Egipton, esate baterako, zinez ikusgarria izan zen karenaren kultua: alde batetik, erregeren karena momifikatu egiten zuten, eta gero tenpluko sazerdoteek ohore handiz jagoten zuten. Bestetik, faraoiaren karenaren momia talisman gisa gordetzen zen. Azkenik, prozesioetan, faraoien karena erregeren aurretik eramaten zen; ohitura horretatik dator, antza denez, banderen kokagunea gaur egungo prozesioetan eta manifetan.
Europan, XVIII mendera arte, amaren osasunarentzat oso egokitzat genuen bularra ematen zuen aldian karen freskoa jan zezan, eta garai batean boladan jarri zen "haragizko biribilkiak karenaz beteak" errezeta.
Alemanian, jaio berrien karenak etxe ondoko zuhaitz ongileen azpian lurperatuz babesten ziren: sagarrondoen azpian neskenak, mutilenak berriz madariondoen.
Gaur egun, Afrikako zenbait eremutan, bizialdi osoan eramaten dituzte karenezko kutunak.
Hainbat herritan karenak zuhaitzetatik zintzilikatzen dituzte, are gizakiz mozorroturik ere: kotoizko alkandora jantzi, txapela ipini, eta, soka batez lotuta, zuhaitzaren abarretan jartzen dituzte.
Halako harreman zentzuzko eta osasungarriaren ifrentzuak bizi gaitu gu ordea, karenarenganako higuinak hain zuzen, Europako burgesia handiak XVIII mende amaieran asmatua. Orduantxe erabaki baitzen, nazka imintzioen artean, lagunik amultsuena izan dugun hori ez dela existitzen. (Bestalde, ezerk ez inork ez gaitu aurrerantzean hain amultsuki lagunduko.) Kulturatik egotzi dugu, zabor dugu bilakatu eta madarikatu. Peter Sloterdijk-ek, "jatorrizko adiskide" izendatzen baitu, ez dio alferrik dedikatu, bere lehenbiziko Esferak-en, requiem bat.
Aspaldion, aurpegiko azala biziberritzeko makillajerako lehengai gisa erabiltzen da. Ospitaleetan, karena ebatsi eta trafikatzen da; kliniketan infiltraturiko gaizkileen bandek karenen inguruan jesarririk antolatzen dituzte beren ekintzak.
Delinkuentziarekin batera, aprobetxatze tekniko irrikatsu eta surrealista: gaur egun, Alemanian, karena (hilik jaiotako umekiekin batera) zabor-errauskailuetan erabiltzen dute, errekuntza azkartzeko.
Giza ekimenaren erabilera kiskalgarriaren alboan beti piztu izan dira adituen arteko eztabaidak; gaur egun, karena amarena ala umearena ote den eztabaidatzen da (XVIII mendean su harrigarriz eztabaidatzen zen Adanek bere semeen karena jan ote zuen). Mundu osoko jakintsuek erabaki dute nasciturus-ari dagokiola, aleman hizkuntzaren ikuspuntuaren despit ("Mutterkuchen", "ama-opila") eta euskararen hazkuntza zirraragarriaren eraginpean, euskarak karena umeari lotzen baitio beti (haur-zorro, ume-ondoko, haur-ontzi, ume-gune...).
Ez legoke txarto, gizakiok karenaren begirunez eta mimoz hurbil gintezen dagoenarengana; oroz lehen, karenarengana berarengana. Mendebalderik doilorrenaren gainetik, indioekin bat egin genezan, afrikarrekin, egiptoarrekin, fruta arbolekin eta okindegietako labeekin. Aurre egin errauskailuen positibismoari, kliniketako utilitarismoari, beren burua jasaten ez dutenen dialogismoari, presari eta inperialismo yankiari. Halako estresaren aurrean, itxaronaldia zaintzea eta karena maitatzea da puntua.