Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / COLONNA DONAPALEUN

COLONNA DONAPALEUN

markos zapiain 2004/07/10 13:46

Gobernuaren ordezkaria garbitu zuen urtean izango zen agian, 1998an, edo hurrengo urtean. Hori bai, abuztuan, Donapaleun, frantxixkotarren egoitzan. Tesia behingoz amaitzera joan nintzen, aste bete. Biziki xarmanta du klaustroa. Donejakueko erromesak bertan gelditzen dira. Juan Joxe Iturriotz legorretarra zebilen orduan arduradun. Orain, oker ez banago, frantsesek komentua ostu digute, eta Juan Joxe, Donapaleun "Xanko", Arantzazun da.

Otorduak erromesek, etxeko jendeak, noizbehinka agertzen ziren apaiz batzuek, Xan Casenave besteak beste, elkarrekin egiten genituen.

Egun batean, afaltzera berandu agertu nintzen. Iturriotzek "arazo bat izan duk ordenagailuan, erakutsiko diat" esan eta gela batean sartu ninduen: "kontuz, txorakeria handirik ez bota, Starsky eta Hutch zauzkaagu afaltzen": erromesarena egin nahian zebiltzan bi morrosko haiei urrutitik usaintzen zitzaien txakurtasuna.

Biharamun gauez, afalostean, zinerako asmoa nuen. Bazen hirukote aleman bat heldu berria, bi neska eta mutil bat. Mutila eta nesketako bat amorosten hasiak izaki, beste neska, Friburgoko yogi pertxenta, gurekin zebilen gehiago.

Zinera joateko zapatak janzten ari nintzela, halako batean, gelako atea zakarki jo zuten. Zabaldu eta bortz polizia: gela goitik behera miatu, karneta eskatu, zertan nenbilen: "Tesia idazten". "Zeri buruz?"."Kojèveri buruz". " Nor arraio da hori?" "Filosofo bat". "Filosofo bat? Gezurra! Filosofia ikasi nuen Lizeoan: Platon, Descartes, Kant... Kojèverik ez haatik! Ekarri ordenagailua eta zaude hemen miaketa egiten dugun bitartean." "Filma ordea..." "Ez, berton!"

Neska alemana, lehenbiziko eguna Euskal Herrian, zuhur eta elur zegoen abuztu gori hartan, Euskal Herriko gauak oro halakoak ote ziren galdezka bere buruari.

"Zabalik" egoitza xumea xehero-xehero miatu ondoan alde egin zuten; aurretik, ordenagailua itzultzeaz batera, erromes batek Colonna bertan zela salatu zielako etorri zirela ziurtatu zidaten. Zehazki, Colonnak erromesei... bazkari-afariak zerbitzatzen zizkiela! Eta Starskyk eta Hutchek nirekin nahastu zutela.

Juan Joxe Iturriotzen ustez, berriz, aitzakia merke bat zen hura guztia; Txalapartakoek, laborariek, emakume idazleek, besteak beste, hainbat bilera egiten zutenez bertan, ziur zen mikrofonoz bete zutela.

Irailean, epelago, Donostiako Koldo Mitxelena kultur etxean tesia burutzen ari nintzen. Lan gelatik hamar minutuz desagertu -komunera eta hantxe bertan zegoen Bixente Ameztoiren erakusketa bat ikustera- eta bueltan ordenagailutik, tesia bere baitan gordetzen zuen ordenagailutik, kablea baino ez zen gelditzen, dardarka oraino.

etiketak: bermeo
Xabier Mendiguren
Xabier Mendiguren dio:
2004/07/19 14:42

Markosek, tesi bakoitzeko, hamar nobelatarako gaia emango liguke

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.