Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Gure amama, golpista baten zerbitzari

Gure amama, golpista baten zerbitzari

mzap 2004/11/01 16:52

Atzoko "Berria"n Zeller jenerala aipatu zuten, De Gaulleren aurkako putxista. Algeriaren burujabetza onartzen ez zuelako matxinatu zitzaion André Zeller presidenteari.

Gure amama, Anttoni Peluaga, neskame jarri zuten Zellerrenean, Poitiersen, altxamendu faxista zela eta Irundik ihes egin behar izan ondoren. Oso ongi konpontzen ziren. Amamak batez ere Zellerren seme bat jagoten zuen, Michel, diabetikoa. Bestea, Jacques, bigarren mundu gerran, alemanen aldeko mobilizatze orokorra saihestearren Algerian ezkutatu zen, beste asko bezala. Gero, Indotxinan, lehergailu batek zango biak hautsi eta hil egin zen.

Amama Euskal Herrira 39an itzuli zen, ezkontzera. Baina aurrerantzean ere harremanak zainduko zituzten. Gerra ostean Zeller Parisko gobernadore militar egin zuten eta amamak, ordurako alargundua, pozik hartu zuen Tuillerietan bazkaltzeko gonbitea. Han joan zen, txiro batzuei darien dotorezia duinaz. Behin batean, Zeller, bere emaztea eta Michel diabetikoa Algeriara zihoazela, Irunen gelditu eta amamarekin Jaizkibel inguruan ibili ziren gure lurraz gozatzen.

Chez monsieur Zeller ikasiriko hitz jolas hau erakutsi zigun amamak txikitan:

"Un, deux, trois, nous irons au bois"

"Quatre, cinq, six, cueillir des cerises"

"Sept, huit, neuf, dans mon panier neuf"

Orduz geroztik, "cerise" dut frantsesezko hitzik gogokoenetakoa. Gaztelaniaz, berriz, "titilar", Luis Rosalesek bezala, baina baliteke nire euskaltasunak zerikusirik izatea.

Euskaraz txit ederra duzu "halabeharra"; baita "liluratura" ere, Juan Luis Zabalak asmatua oker ez banago. Italieraz ia hitz guztiak dira atseginak, baina ez ote da txundigarria minigona "minigonna" esatea?

Edozein gisaz, bada hizkuntza guztietan berbaren bat hain karrankaria eta itsusia erakargarri egiten baita, hala nola...

etiketak: bermeo
Gari
Gari dio:
2004/11/02 11:10

Markosenak palindromo eta horrelakoekin nahastuta, niri frantsesez gehien gustatzen zaidan hitza jouaient edo jolasten ziren da. Hortxe dauzkazu bost bokalak bata bestearen ondoan, tarteko kontsonanterik gabe.

Nire amamak ere egin zuen behin golpista baten familiaren alde:

Franco-tar batzuk Debara etortzen ziren udan oporretan. Horietako bat Carmen Martinez Bordiu hori, haur txikia zela. Baloia edo, kendu zion nire osaba bati hondartzan jolasean ari zirela. Nire osaba joan zitzaion belarrondokoren bat ematera eta txiripaz salbatu zuen nire amamak Carmencita txikia. Bizkarzainak ere inguruan zebiltzan eta horrek ere izango zuen bere eragina.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.