Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / SALBA GAITZAZU, NANOBOT

SALBA GAITZAZU, NANOBOT

mzap 2004/10/17 11:20

Tomateak gero eta karratuagoak dira, kaxetako espazioa hobeki aprobetxatzeko, eta dirudienez laster izango dira zeharo karratuak.

Ildo berean, atzo Eneko Astigarragak bere blogean iragarpen txundigarri baten berri eman zigun (http://www.eibar.org/blogak/prospektiba/52): 2020 urte inguruan, ordenagailuak ez ditugu mahai gainean jarriko, ez digute tokirik kenduko, kanpoan beharrean barruan eramango baititugu, edo eramango gaituzte, burmuinetan itsatsirik, garunarekin bat eginik. Sakonagoa izango da gure neuronen harremana "Nanobot" konputagailuarekin, gure jainkoekin, amaginarrebarekin edo telebistarekin baino.

Halaber, 2030 urte inguruan erdietsiko da alde biologiko handirik izan ez dadin hogeita hamar urteko gizaki baten eta ehun eta hogeiko baten artean: giza gorputzaren biokimika birprogramatu ahalko dugu.

Halako miragarriak entzunda eszeptizismoa nagusitu ohi da, telebistaren, koheteen eta interneten iragarpenen aurrean bezala behinola.

Hala ere, Astigarragarentzat sinesgarri samarrak dira eta Astigarraga bera ere sinesgarri samarra da.

Ondorioetako bat: Mendebaldean luzaro ezagutu izan dugun lehia gogorrak, hitzezko sendabideen eta pilulen artean, buru gaixotasunak, depresioak eta halakoak sendatzeko buruzagitza eta lehentasuna lortzeko, pilulen alde egingo du, baina itxuraldaturik. Geroak euskarri materialari eragingo dio, gizakiaren eta makinaren arteko fusioarena eta manipulazio genetikoarena izango da. Horrek mutazio txundigarri eta izugarriak ekarriko dizkio giza endari.

Bazen ordua!

Nik behintzat "Nanobot" bat lehenbailehen erosi eta nire barne-muinari aplikatuko diot, ea interesanteago bihurtzen naizen.

etiketak: bermeo
eneko
eneko dio:
2004/10/17 20:08

Beno, hitz jokoak aparte utzita, uste dut seguru interesatzen zaizun eztabaida filosofiko garrantzitzua dagoela honen inguruan.

Erabili daiteke teknologia gizakiak, gizartea, giza enda, hobetzeko? ona da hori egitea?

Ez nago oso murgildua horretan, baina, besteak beste, gaur bertan ailegatu zaidan erreferentzia bat:

http://www.wmaker.net/tendencias/index.php?action=article&id_article=81711

eneko
eneko dio:
2004/10/17 19:39

Beldur gehien ematen didana, erosi, errezetatu edo erregalatuko dizkiguten Nanobot eta garunen artean, gure buru koittaduetan sortuko diren saltsak dira. Sekulako komediak kaskarretan!

Dena dela, kuriositateak eramanda www.nanobot.info webgunean ibili naiz gainbegiraka eta termino berria ikusi dut: medikuntzan eta farmakologian, gaixotasunei aurre egiteko nanobotak, "medibot" (medical nanobots) terminoarekin izendatzen dituzte.

Badirudi bada, urte batzuk barru "Medibotak" enkargatu ahal izango ditugula, baina momentuz "mendi-botak" jantzi eta horrelako gaixotasunak konpontzeko, edo interesanteagoak, lirainagoak, umoretsuagoak izateko, paseada eder batekin konformatu beharko dugula :-)

Patxi
Patxi dio:
2004/10/22 18:08

Atzo nere ezagun batekin topo egin nuen. Izurratuta dabil oso. Morfina ematen diote duela dexente, bizkarreko gaitz sendaezin bat duelako. Berarekin topo egin nuen, aio esan nion, eskilarak jetsi nituen... Mezu honekin gogoratu nintzen, eta atzera eskilarak igo nituen, eta "medibot"ez hitzegin nion. Irriparrez erantzun zidan. Zenbait jendek, zerbait estimatzen badu, esperantzari leiho txiki txiki bat izaten da.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.