Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / FENOMENOAREN MAISU FENOMENOAGOA

FENOMENOAREN MAISU FENOMENOAGOA

mzap 2004/10/11 10:33

Retegik telebistan bere maisu baten berri eman zigun, ereduzkoa inondik ere. Ikasleei batere jaramonik egin gabe eseri eta irakurtzen aritzen zen, zigarro puruak lagun. Gelako leihoek Eratsun inguruko mendietara ematen dute. Ikasleak, maisua ehiztari amorratua zela jakinki, ikusten ei zituzten eta pasatzen omen ziren usoez mintzo ziren, baita pasatzen ez zirenean ere, zenbat hurbilago usoak hainbat urduriago eta ozenkiago Retegi eta bere ikaskideak, maisua itxurak gordetzen saiatzen zen bitartean, liburuak zeharo irentsirik balu bezala, harik eta tupustean zutitu eta desagertzen zen arte. Handik pixka batera mendi hegietan harat-honat ikusten zuten ikasleek, eskopetarekin, eta frontoira joaten ziren.

Frontoian, berriz, Retegi pilotan ari zela, nagusiagoak heldu eta "alde hemendik, ergela!" botzen zioten maiz. Retegik aurre egiten zien ordea, eta makina bat jipoi hartua da frontoia handiei besterik gabe utzi nahi ez izateagatik.

Kontatzean zerabilen oroit-poza aintzat harturik, zorionekotzat jo behar psikologo, maina, orientatzaile, "bullying" berba, tutore, gurasokeria eta lainezarik gabeko egoera hura.

Ikasgela girorik egokiena, honez gero galdua: ikasleak bakean uzten dituen irakasle bat, irakurtzea benetan atsegin duela erakusten diena, atseginago bederen irakastea baino, normal.

Irakasle bat, gainera, Retegiri eta lagunei bizi-bizi sentiaraziko diena nork bere sakoneko nahia atxikitzen eta aitzina eramaten jakin behar duela, negoziaziorik eta konpromezurik gabe.

etiketak: bermeo
Patxi
Patxi dio:
2004/10/11 18:14

Merkea aterako zaidak gero, blog honetan komentarioak uzteak! Azkenean nere kantzontziloen marka eta guzti konfetsatu beharko diat.

Ezin hala ere, galdera zuzen horri zuzen erantzun. Hori baiño makurragoa nauk ni.

Elgoibarko Txiki egunean, arratsaldeko bostak aldera, txarangak kanta horrekin amaitzen dik. Horra, nere lanbidea.

Txiki eguna ezagutzen ez duenarentzat, tori helbide hau, (tenporalki) umezurtz utzi gaituen Etiam zoragarriarena.

http://www.eibar.org/blogak/maite/daylist_html?year=2004&month=8&day=24

Patxi
Patxi dio:
2004/10/11 14:04

Astelehen goiz batean irakasle batek eginiko komentarioa, inondik inora. Jai-Zubia izanda ere, bere barne-erlojuaren gatibu. Neri, garai hartako irakasle haiek, beste gauza bat laguntzen didate ulertzen. Zergaitik dauden gure herri honetan hainbeste funtzionario, parretxikuak baino ugariago. Irakasle izan nahi zuen funtzionario batek idatzia.

mzap
mzap dio:
2004/10/11 15:20

gaurkoa lan eguna diagu, Patxi, zubirik ez; bihar goizeko bederatzietan Institutua zabalduko zieat halako jai afrusak onartzen ez dituzten ikasleei; hobeki hago ziurrenik funtzionaritzaren beste alor horretan; zein da, zerga-biltzaile, menturaz?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.