Jakintsuaren Liburuaren irakurketa kosmikoa
Zientzia osoa, Estatu globalaren oinarri, jakintsuaren emaitza izango da, giza izaeraren ahalmenak erabat gauzatu dituen gizaki integral akats gabearen ekintzaren emaitza. Baina zientziaren existentzia enpirikoa ez da gizakia, Liburua baizik. Ez da jakintsua, hezur eta mami; zientziak mundura eginiko agerpena Liburua izango da, Liburuak ekarriko du mundura jakintza absolutua.
Ekintzaren emaitza objektiboa egilearengandik aldentzen da beti, eta sarritan hark baino luzaroago irauten du. Baina emaitza hori akatsik gabea, hots, unibertsala eta homogeneoa (ezin hedatuzkoa eta kontraesanik gabea) ez den heinean, amaikizun da bera ere, aldatu egiten baita. Denboran dago beraz, historikoa da, gizatiarra. Horregatik, gizaki baten ekintzaren emaitzak badu beti bere abagunea eta bere zergatia, eta sormen lan berri gisa burutzen da.
Alabaina, Kojèveren definizioaren arabera, jakintsuaren ekintzaren emaitzak ez du akatsik. Jakintsuaren obra ez da inoiz aldatzen eta ezin gaindi daiteke sekulan: ez du benetako etorkizunik. Halatan, emaitza hori ez da benetako gertaera historiko bat, ez da denboran barneko benetako une bat. Ez baita izango ezein giza emaitza bat. Kojèverentzat zientziaren bizimodu enpirikoa munduan ez da gizakia, ezpabere Liburua, guztiaren funtsa azalduko duen Liburua. Gorpu horrek mamituko du eternitatea.
Egia da hala ere Liburuaren bizimodua “enpirikoa” dela, iraun badirauela. Ordea, egia izan arren Liburua honda daitekeela, ostera inprima litekeela, eta abar, kontuan hartzekoa da n-garren argitalpena ez dela deusetan ere lehenengotik aldenduko: ezin da bertan ezer aldatu; ezin zaio ezer erantsi. Beraz, Kojèveren esanetan, naturala izango da Liburuak dirauen denbora, kosmikoa, ez historikoa edo gizatiarra.
Egitez, gizakiek irakurri eta ulertu beharko dute Liburua, Liburu izan dadin, eta ez koadernaturiko eta tindaturiko paper huts. Baina ondozka datozkeen irakurleek ez dute Liburuan ezer ere aldatuko. Eta Liburua irakurri ahal izateko gizakiak bizi behar baldin badu ere, hots, jaio, hazi eta hil, funtsean irakurketa horretara mugatu den bizitzak ez du ezer berririk sortuko.
Liburuarekin batera etorriko den Estatu globalak, Estatu unibertsal homogeneoak, giza desira guztiz aseko du. Behin Estatu hori gauzatu ondoren, hortaz, ez da borrokarik ez lanik izango: behin Historia amaiturik ez dagoke giza zereginik. Gizakiak gizaki iraungo du izan den eta izan zitekeen guztia azaltzen duen Liburua irakurri eta ulertzen duen heinean: Liburua oraindik irakurri ez duen urliaren etorkizuna, ez da izango Liburua irakurria duen sandiaren iragana baizik.
Halatan, gizaki Liburu-irakurleak dirauen denbora Aristotelesen denbora zikliko biologikoa izango da, baina ez Hegelen denbora historiko lerrozkoa.