Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / EUSKALDUNA EUSKALDUN

EUSKALDUNA EUSKALDUN

mzap 2004/07/02 02:00

EUSKALDUNA EUSKALDUN

Historia azterturik bistan da anabasa, txiripa, grina eta hondamendia izan dela nagusi, historialarien ahaleginak gorabehera arrazoiak, joerak eta hariak aurkitzeko zein asmatzeko.

Hala ere, zenbaitetan ematen du hitzak batera ala bestera erabiltzea garrantzitsua izan dela Historian, ondorio sakonak izan dituela; bestalde, ondoriorik sakonenak, kasu bitan bederen, ez ditu hitzen erabilera harrigarriren batek eragin, baizik gizakiok betidanik dakiguna zehazteak, Pernandoren egiei erne erreparatzeak.

1-Lehenbiziko kasua: garai batean, oro har, uste zen izaki bat aldi berean beste bat ere izan zitekeela, gizaki bat aldi berean oilo, berbarako. Halatan, uste zen aztiek gizakia oilo bilakaraz zezaketela, substantzia bereziak irentsi ondoren "artxila murtxila!" oihukatu eta gorputz atalak bortizki astinduz oiloaren arima gizakiaren baitan sartzen zutela. Haitin eta Brasilen, besteak beste, bizirik daude halako ikuspuntuak gaur egun ere.

Edozein gisaz, aurrenekoz filosofo grekoek adierazi zuten burubidea nagusitu da munduan: gizakia gizakia da, eta ezin da aldi berean oilo ere izan.

Ondorioei dagokienez, askoz ere eraginkorragoa izan da grekoen ikuskera garai magikoetako aztiena baino: "oiloa oiloa da" perpausa oinarri duten zientziak eta teknikak lorturikoa miragarriagoa da magorik abilenak oneski agin lezakeena baino.

2-Orobat, bigarren kasua: "euskaldun fededun" aldarrikatzen zen behinola, edo euskaltasunaren funtsa kokatzen zen arrazan, foruetan, lurraldean, historian, deituretan eta auskalo-mortun.

Halako batean, haatik, Txillardegik egia apal bat azpimarratu zuen, beti bertan eskura izana zelako inork merezi bezala nabaritu gabea: "euskalduna euskaldun" (Huntaz eta hartaz, Elkar, Donostia, 74. or.) Hots: deiturak, historiak, foruak eta arrazak gorabehera, euskarak, ez bestek, egiten gaitu euskaldun.

Eta tautologia xume bezain mamitsu hori mila bider sustatzaileagoa izan da eta izango, euskalduna beste ezerekin berdintzea baino, oiloa barne.

Izan ere, aldarrika dezadan bukatzeko irmoki, gehiegikeriatzat jo beharra dago euskalduna eta oiloa parekatzeko "Oilozaleen topagunea.com"ekoen seta, euskaldunen eta oiloen arteko antza euskaldunen eta fededunen artekoa bezain pertinentea baita, edo oraindik gutxiago. Edozelan ere, azare historikoei dagozkie bi-biak, ez euskaldunaren muinari. Euskalduna euskalduna baita mamiz, aldi berean beste edozer izan daitekeen arren, baita fededun ere, nahiz oilo.

etiketak: bermeo
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.