Ospa
“Deslokalizazio” hitza susmagarria da, hain baita itsusia. Jardun mingarri bati hots zientifiko potolo bat eman nahi dio, “grabitazioa” bezain ezinbestekoa dela iradoki. Zortzi silaba luze, eta ez du esan nahi lekuz aldatzea baino, alde egitea. Ez du barnebiltzen esaterako hain funtsezkoa den “etekinen emendatze” zentzua. Praktikoagoa litzateke “ospa” edo “hanka”: soilik silaba bi, eta esanahi berdintsua.
Edozein gisaz, deslokalizazioak ekarri zizkigun guri ere multinazional horiek guztiak, sorterria abandonaturik, eta ez Euskal Herriaren nortasuna eta bertako sukaldaritza maite zutelako, merkeak ginelako baizik. Dagoeneko ez gara ordea. Eta doazen herrietan, ia beti gu baino txiroagoak, guk bezain ongi hartuko dituzte. Hona batezbesteko zenbait soldata industrian, eurotan eta urteko, Eurostatek jakinaraziak: Espainia, 13.009; Txekia, 5.016; Hungaria, 3.082; Lituania, 2299; Letonia, 2.069; Bulgaria, 1.176.
Txit urruti hartzen dira gure eguneroko bizimoduan eragin zuzena duten erabakiak, eta guk aukeratu ez ditugun buruzagiek hartzen dituzte. Eta saldu nahi digute demokratikoki aukeraturiko Jaurlaritzek eta Gobernuek ezer gutxi egin dezaketela inork aukeratu ez dituen enpresaburuen ekimenen aurrean. Uhin apartsuaren indarra nolabait profitatu nahi luketen surflari zalantzatiak lirateke, ia beti kilin-kolan. Eta egia da Gobernuen jarrera, eta herriarena, pasibo-agresiboa izaten dela, Mia Farrow-ena bezala Woody Allen-en “Senarrak eta emazteak” filman: multinazionalak datozenean ongi etorri irribarrez, ateak zabaldu, tapiz gorria, eta badoazenean malko eta deitore. Umeak ere txiki-txikitan uste izaten du badela batetik titi ona, elikatzera eta goxatzera datorkiona, eta bestetik titi gaiztoa, badoana, itzelezko hoztasunes abandonatu duena. Erabakigarria omen da heldutasunera bidean titi ona eta gaiztoa bat eta bera direla egiaztatzea, tentuz ibili behar dela titiekin, titiak ez duela bihotzik. Errapez bete zaigu mundua, eta mundua alde batetik bestera ziztu bizian zeharkatzen dute, langileari bertan goxo egitea eragotziz.
Guztiarekin ere, Gobernuek badute zeregina, nahiz Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren eskumenak lan arloan hutsaren hurrenak izan. Batetik, lantokien ixtea aurreikusi eta langabetuak birkokatu edo bederen langabezi sari eta pentsio duinen bidez babestuko dituen politika ekonomikoa mamitu beharko lukete, titi barik karrika gorrian geldituriko langileari biberoia eman.
Bestetik, multinazionalen interesen aurrean otzan eta esaneko agertu beharrean atzerriko inbertsioen morrontzatik askatzen ahalegindu beharko lukete. Administrazioak diruz laguntzen dituen enpresak kontrolatu beharko lituzke, eta lan egoki eta iraunkorrak eskainiko dituztela ziurtarazi. Ikerketarako inbertsioak handitzea ere ona ei da.
Orobat bertako enpresa bultzatzea. Sindikatuak sektore publikoaren enpresen garrantzia indartzearen alde mintzo dira.
Aldiz, Mari Karmen Gallastegik dioelarik deslokalizazioari benetan aurre egiteko konpentsazioekin eta kontrolekin batera ekonomia alai eta erasokorragoa saiatu beharko genukeela, ez soilik zauriak sendatzen ahalegindu, sektore pribatua du gogoan. Bergararraren ustez ez dago arriskatu beste erremediorik, enpresagintza ausart bati ekin porrotari beldurrik izan gabe. AEBetan 100 enpresetatik bi baino ez omen dira aurrera ateratzen.