Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Elizak husten ari

Elizak husten ari

mzap 2006/09/25 19:12

Elizak bekatu larri pilo bat egin du eta egiten jarraitzen du eta ondorioz husten ari da. Elizak gero eta ahalmen eskasagoa du informazioa manipulatzeko eta jendeak oro har ez du zerikusirik nahi halako erakunde ikaragarri batekin, zentzunari eta adimena erabiltzeari hastapenetik beretik uko egin ziona. Benediktoren adierazpenek harritu gaituzte, bistan baita kristauak krudelagoak eta gaiztoagoak izan direla islamdarrak baino. Asisko Frantzisko bezalako martzianoak salbu, kristautasun ofizialaren historia gorroto hiltzailearena izan da. Gisakoetan gertatzen denez, Espainia eredugarri. XVIIIko lehen erdian bezain berriki Errege Katolikoek fundaturiko eta beti monarkiaren menpe ibiliriko Espainiako Inkisizioak 111 lagun bizirik erre zituen, heliozentrismoa aldezteagatik edo judu kiratsa zerielakoan. Nazismoak baino askoz ere jende gehiago akabatu du Elizak. Bide batez, Pio XII.a Aita Saindua ezin hobeki konpondu zen naziekin. Elizak Voltaire, Unamuno edo Bergsonen liburuak debekatu zituen, baina ez Hitler-en “Mein Kampf.”

Elizak emakumea, homosexuala, judua eta mairua iraindu, baztertu eta garbitu egin ditu.

Bizitzaren funtsa, sexua, bekatu bihurtu eta aldi berean emakumea eta sexua berdindu ditu. Emakumea menpekotasunetik ateratzeko urrats bakoitzaren aurka egundokoak eta bi egin ditu Elizak. Jarrera horrek oinarri sendoa du Biblian, Jainkoak idatzia. "Lebitarrena" liburuan, 15, emakumeak hilekoa duenean ustela dela dio, ezin duela otoitz egin. Hilekoa duen emakume bat eseri den aulki batean eseriko bazina, zeu ere kutsatu eta ustel, zeuk ere ezin otoitz egin, hainbat bainu berezi beharko zenituzke purifikatzeko, berriro otoitz egin ahal izan aurretik.

San Pablorengandik aurrera Elizak inperio hiltzaile gehiegi bedeinkatu ditu: dotrinaren arabera, Jainkoak egin du agintaria agintari, eta men egin behar zaio, nahiz nabariki bidegabea izan. Hori Ebanjelioen idaztearekin batera hasi zen: erromatar boteretsuei koipea eman behar, Pablok sumatzen baitzuen kristautasuna indartsu eta garaile Inperio baten erlijio ofizial bilakatzeak egingo zuela, eta Jesusen heriotza juduei leporatu zieten, erromatarren erantzukizun larriagoa gezurren bidez ezkutatuz eta antisemitismo zitala abiaraziz, holokaustoak burutu eta gaur egun palestinarrek errebotez pairatzen dutena. Afganistan eta Irak kristautasunaren izenean bonbardatu dituzte. Ebanjelisten kristautasunak bultzatzen du Bush. Eta Aita Saindua islamdarrak leziatzen...

Ulergarria, jendeak polikiroldegia nahiago izatea Eliza baino. Hor ez da gorputza gaitzesten, alaiagoa izaten da. Badira arriskuak, noski, txokolate tabletaren histeria eta abar, baina ez dira Elizak dakartzanak bezain gogorrak.

Historia azterturik, kontuan harturik Elizak zer egin duen, eta baten batek erantzungo balu gizakiak hala ere beti behar dituela ereduak eta idoloak eta bitartekariak sakratura igotzekotan, orduan Jesukristo baino egokiagoa dirudi Fernando Amezketarrak, giputxa izan arren: bertsolari hobea zen, barre egiten zuen noizbehinka -Jesusek ez bezala-, inork ez du haren izenean hil, ezta gurutzea bezalako tortura-tresna bat ikur sakratu gisa distirarazi eta ezarri ere.

etiketak: kalakakoak
markos zapiain
markos zapiain dio:
2006/09/28 13:56

Hala ere, Euskal Eliza berezia izan da eta hainbat eztabaidatan euskal apaizen ikuspuntuak izaten dira zentzuzkoenak. Gainera, lagunik maitagarrienak sarritan lekaimeak izaten dira, edo apaizak eta fraideak, kastitateak on egiten dienak, hala nola Eladi Larrañaga Shakespeareren itzultzailea, Xanko Iturriotz behiala Donapaleun eta orain Arantzazun dabilena, edota Bitoriano Gandiaga bera. Atsegina behar zuen halaber XVIII. mendeko apaiz frantziar hark, Jean Meslier, materialista, ateo, komunista, hedonista, libertino, internazionalista, iraultzaile, libertario, maitasun librearen aldeko eta praktikatzaile...

Berebat, Jesusek bultzatuta hartzen omen ditu bere gain zenbait kristauk, modu zeharo anonimo eta desinteresatuan, estatuak eta jendarteak konpontzen ez dakiten marroiak eta nekeak: txiroenei laguntzea, adiktorik goibelenei eta abar. Guk deus egiteke erruki horrek benetako justizia oztopatzen ote duen eztabaidatzen dugun bitartean, horiek berehala laguntzen diote oinazetsu konkretuari, eta sufrimendua arintzen ahalegindu.

Japonian bestelakoa izango da kontua noski, ezta Asel?

asel
asel dio:
2006/09/26 22:44

oldarkortasun eta desberdinarekiko mespretzu eta gorroto horiek denak monoteismoaren kontzeptutik beretik datoz. Egiazko Jainko bakarra gurtzen duenak zelan utziko ditu bizirik egia hori ez onartzen eta jainko faltsuak gurtzen tematzen direnak? Bestalde, noiz ikusi dugu jainko politeisten, panteismoaren edota jainkorik gabeko korronte filosofiko edo mistikoen izenean piztuta gerrak, sarraskiak, genozidioak...? Monoteismoak desberdinaren aurkako zapalkuntza gorenera eroan du.

grktz
grktz dio:
2006/10/16 14:07

Kaixo,

Elizak bekatu asko egin ditu, eta egiten jarraitzen du, baina hori ez da elizak husteko arrazoi nagusia. Bai ordea, bekatu horiek behin eta berriz errepikatzea, eta elizaz hitz egiten denean, inkisizioa eta beste hainbat topikotik haratago ez iristea. Zuk aipatzen duzun manipulaziorako gaitasun hori, lehen elizaren alde zegoena (eta agian, ez horrenbeste kristautasunaren alde), orain materialismoaren alde jarri dela esango nuke. Manipulaziorako teknika berdina da funtsean, komeni diren irudiak behin eta berriz errepikatuta, gehiegi erreflexionatzen ez duen jendea konbentzitzea (nahita, edo nahi gabe). Eta askotan, korrontearen aurka igeri egitea baino errazagoa izan ohi da, beste zerbaitetan pentsatu eta “amen” esatea, konbentzitua izan zarela ohartu gabe. Norbaitek esan zuen bezala, lehen ardiak bezala joaten ziren elizara, eta orain ardiak bezala alde egiten dute elizatik.

Elizak hasieratik zentzunari eta adimena erabiltzeari uko egin ziola diozu. Ez nago ados. Bere baitan Jainkoaganako fedea sentitu duenak badaki ez dela hori baino sentimendu handiagorik. Jainkoaganako fedea diodanean, ez naiz ari hala-hola definitutako zera baten existentzian sinesteaz. Fede hori, maiteminduta egotearen moduko zerbait da. Zoriona ekartzen du, eta norbere bizitzari benetako zentzua ematen dio. Honelako sentimendu bati uko egitea zentzuzkoa ote da? Adimenari dagokionez, fedea ez da oztopoa. Bai ordea aurreiritzi eta sineskeriak. Horregatik, fedea ongi bideratu ahal izateko, behar beharrezkoa da adimena.

Beharrezkoa da, baita ere, kristaua izan nahi baduzu behintzat, Kristoren irakaspenak ikastea. Bestela, gerta daiteke, Lebitarren liburua irakurri, eta gaur egungo bizimodua zehaztu diezagukela pentsatzea (ejem, ejem...). Interesgarria da, baita ere, gaur egungo liburuak kontutan hartzea. Astronomiaz hitz egiterakoan erdi aroko idazlanek garrantzi historikoa bakarrik duten bezala, kristautasunaz aritzean, gaur egungo teologia da interesatzen zaiguna.

Bush eta bestelako adibide piktorikoez hitz egiteko, honako pasartea egokia da: “Ez dago zuhaitz onik fruitu txarra ematen duenik, ezta zuhaitz txarrik ere fruitu ona ematen duenik. Bere fruituetatik antzematen zaio zuhaitzari; ez da arantzatik pikurik biltzen, ezta sasitik ere mahatsik hartzen” (Lukas 6,43-44). Honek ez du esan nahi, kristauak ekintza onak bakarrik egiten dituenik, edo beste modu batera esanda, ekintza onak egiten dituena bakarrik dela kristaua. Baina bai, Jainkoaren aurka behin eta berriz egin eta damutasunik adierazten ez duena ezin izan daitekeela kristauentzako eredu. Beraz, kristau eredugarririk ez dagoelako ote dago gero eta jarraitzaile gutxiago? Ez dut uste. Asisko Frantzisko eta Kalkutako Teresa bezalako “martzianoak” gutxiengoa badira ere, hor daude. Beste gauza bat da, beraiei jarraitzeko asmorik ba ote dugun. Eta hau, lehendik ere esanda dago: “Sar zaitezte ate estutik; zabala baita hondamenerako atea eta lasaia bidea, eta asko dira hortik doazenak. Baina bai estua dela bizirako atea eta meharra bidea, eta gutxi dira aurkitzen dutenak” (Mateo 7,13-14).

Aselek dioenaz, indarkeria eta intolerantziaren kausa monoteismoa dela ulertu badut, gaizki ulertua izango dut. Izan ere, mota guztietako kontra-adibideak daude, eta enaiz hemen aipatzen hasiko. Seguruena, monoteismoak intolerantzia dakarrela esan nahi duzu. Ba hori ere ez da horrela. Intolerantzia, gizaki guztiei, ezezagunak edo desberdinak ematen dion beldurrak dakar. Beraz, monoteismoan “desberdina” epaitzen da? Gauza jakina da, pertsona konkretu monoteistek “desberdinak” epaitu izan dituztela, eta epaitzen dituztela, baina justifikatuta dago? Kristautasunari dagokionez behintzat, EZ! Hona, bi kontra-adibide: 1.) “...Zuetan bekaturik gabe dagoenak jaurti diezaiola lehen harria...” (Joan 8,1-11). 2.) “Badakizue legean agindua: Maitatu lagun hurkoa eta gorrotatu etsaia. Nik, berriz, hau diotsuet: Maitatu etsaiak eta egin otoitz pertsegitzen zaituztetenen alde; horrela, zeruko zeuen Aitaren egiazko seme-alaba izango zarete, hark zintzoentzat eta gaiztoentzat ateratzen baitu eguzkia, eta zuzenentzat eta zuzengabeentzat isurtzen euria. Izan ere, maite zaituztetenak bakarrik maite badituzue, zer sari zor zaizue? Zergalariek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Eta zeuen senideak bakarrik agurtzen badituzue, zer egiten duzue berezirik? Jentilek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Izan zaitezte, bada, guztiz onak, zeruko zuen Aita guztiz ona den bezala” (Mateo 5,43-48).

-----------------------------------------------

Onorioa: Goserik dagoenak lurrera eroritako sagar ustelari begiratuko al dio? Edo, zuhaitzean dagoen sagarrik ederrenari? Zoritxarrez, sagar ustelaren irudiak bakarrik behin eta berriz erakusten badizkiote, agian gosea kenduko zaio. Jan gabe ordea, ezin da bizi.

Ez dakit nire komentarioak egokiak izan diren, baina behintzat beste ikuspuntu bat eman nahi izan dut. Agur.

asel
asel dio:
2006/09/28 19:46

japonian ez dakit, egia esan. dakidan apurra historiari lotuta dago: lehen jesuitak allegatu zirenean pentsatu zuten, lehenago budismoarekin gertatu legez, jesusen mezua eta shintoismoa uztargarriak zirela, ez zegoela kontraesanik. jesuitak, ordea, tematu ziren bata ala bestea aukeratu behar zirela, eta gainera fedea interes politiko eta ekonomikoei lotu. emaitza: shogun berriak, jesuiten estukeria ikusita, kristau guztiak erre eta hilarazi zituen bakar bat ere japonian geratu ez zen arte, eta mende batzuetarako ateak atzerritar guztiei itxi. ez dirudi mezua oso ondo bideratu zutenik orduko katolikoek... gaur egun norbait ibiliko da han holako premia gorriak dituztenei laguntzen, ez dakit giristinoa, shintoista, budista edo ateoa. nik neuk kristoren mezu nagusiaren aurka ez dut ezer: elkar maitatzea. beste guztia elizak asmatutakoa delakoan nago. eta ados nago euskal elizak paper oso desberdina jokatu duela askotan. misioak etab. hor daude. baina modu berean, banku islamdarrak dira gaur egun herrialde txiro askotan jendeari gosez ez hiltzen laguntzen dabiltzanak, eta horri esker islama bizi-bizi zabaltzen. onerako da hori? gosea kentzen diotenarentzat, jakina, bai. munduarentzat? ez dut hain argi ikusten.

pete
pete dio:
2006/09/28 14:37

Jesukristo gaur berriz ere mundu honetara berpiztuko balitz, eliza kristaua ikusita harrotasun baino lotsa gehiago sentituko luke, eta mundu hau behin betirako abandonatu, ikusirik mesede baino kalte gehiago ekarri duela.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.