Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Kirol medikua, gure garaiko heroi

Kirol medikua, gure garaiko heroi

mzap 2006/09/22 09:42

Goi mailako kiroletan guztiek irabazi nahi dutenez, eta irabazteko osasuna neurri batean sakrifikatzeko gertu daudenez, berez doa “debekaturiko sustantzien zerrendan” ageri ez den sustantzia indartzaile berria asmatzeko trebetasuna lukeen medikuaren ekipoak izango duela irabazteko aukera gehien, Perico Delgadok bezala 88ko Tourrean: atzeman zioten sustantzia indartzailea, betiko dopina, ez zen zerrendan ageri, eta beraz ezin izan zuten zigortu. Hurrengo urtean zerrendan sartu zuten eta medikuek berehala ekin zioten antzeko efektuak eduki bai baina zerrendan aipatuak ez ziren konbinazio berriak bilatzeari. Batzuetan ondo ateratzen da dopinarena: Delgadok Tour hari esker ateratzen du orain bizimodua, kazetari dabil.

Kirol lehian medikuak dira aspaldi handian benetako heroiak eta antiheroiak: ikerlari jakintsuak, bere taldeak irabazten badu; edo ganorabako ergelak, kontroletan dopina atzemanez gero.

Kirolari ez garenok ere beti nahi izaten dugu hobeto bizi, indartu, ondo lo egin. Xaguekin eta animaliekin egiten diren esperimentuak ez dira aski doiak. Tuberkulosiarekin, hiesarekin eta abar, Afrika beltzean egiten ditu esperimentuak botiken industriak, “The constant gardener”en ikusi genuen.

Baina dopina probatzeko gure gorputzen antzekoak behar dira. Ondo entrenatuak hala ere, indartsuak. Gurean, kirolarien gorputzak bihurtu dira gero arruntok erabiliko dugunaren edo ez dugunaren esperimentu gune. Jimenez eta Pantani suizidiora bultzatu zituzten sustantziak ez ditugu hartuko. Aitzitik, ongi etorri Delgado Tourrean garaile egin zuen dopina, kontroletan detektatua baina oraindik debekaturikoen zerrendetan ez zegoenez onartu egin ziotena. Kirolariek arrakastaz erabili dituzten kreatina, karnitina eta abar profanooi errezetarik gabe saltzen zaizkigu orain botiketan, nahiz gogorrak diren benetan.

Horrenbestez, guk oparitzen diegun ospearen ordainez, kirolariek probaleku bihurtzen dizkigute beren gorputzak. Batzuk zerraldo jausten dira bidean, baina ez digu axola, bikainak baitira epe luzera guztiok gozatu ahalko ditugun onurak: osasuna, kemena, viagra, poza, zerua lurrean.

Kirol taldeek, irabazitakoan, zaleak eta ikusleak agurtzeko orduan, orkestren eredua bereganatu beharko lukete: guztien aurretik medikua, aztia, intxixua, kontrolari iskin eginez kirolaria bizkortzen iaioena; eta ondoren bere neska-mutilak, giza laborategiak, ahalmenak muturrera eramanez ikuskizuna emozioz bete eta oinezkooi egundoko mesedea egiten digutena, garaipenera igo dituzten pilulak gerora geuk erabililko baititugu, arrisku zehatzen jakitun.

etiketak: kalakakoak
asel
asel dio:
2006/09/22 13:15

Eta egunero laborategi ibiltari horiek telebistan ikusiz sortzen dugu engranaje horiek guztiak martxan edukitzeko dirua. Politak dira txirrindularitza eta eliteko kirola gure gizartearen norareza irudikatu eta laburbiltzeko. Denon artean egunez egun bultzatzen dugun iparrik gabeko baina beti aurrerako lasterketa itsua.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.