Txortakideari gezurra. Elsa Scheelen
Elsaren eta Luc-en ezkon bizitzan, bikote gehienetan legez, jukutria eta iruzurra gailen: ez dugu bakarrik Luc-en infideltasuna (Annie, Marthe, Micheline, Olga, Suzanne...), eta Elsari benetakoa gordetzea edo benetakoa gehiegikeriaz hanpatzea, emaztea mintzearren; Elsa-k ere, aldarrikatu arren “egia jakitea hobe da beti, nahiz askotan egia garratza izan” (46), sentimendu garrantzitsuak ezkutatuko dizkio Luc-i, baita gerora ere Jean Vanden Broeck-i, gezurra esango die Antoine Vanhamme-ri eta Pierre Meunier apaizari, ipuinak asmatuko gurasoak engainatzeko... Elsak bere edertasuna bera ere gezurtitzat joko du, antzua baita.
“Ezin zezakeen egia esan”, dio narratzaileak (40). Luc-i buruz ari da, baina Elsa-z ere ari zitekeen. Luc-en iritzia: “emakumeak beti egia izkutatzen...” (73) Eta Luc-ek Elsari diotsolarik “horren guztiaren berri zuri ematea erabakirik neukan... Baina zuk ezer ez jakitea hobe ote zen ez nekien”, narratzaileak ziplo: “Gezur hutsa zen hau.” (47) Elsak egia hau bederen garrasika aurpegiratuko dio Luc-i: “Gezurra! Gezurra zuk diostazun guztia!” (48)
Altxor zoragarria dateke Luc feministendako. Bereiztera doazenean, Elsari esango dio: “Ni gertu nago, halere, itxuraz orain arte bezala jarraitzeko... Aditzen duzu... Zure gurasoek eta lagunek bestela problema handiak ekarriko dizkizute. Emakumeok, bestalde, usuago begiratzen diezue itxurari eta esamesei, egiari baino. Bertuterik gabeko entzute ona nahiago duzue, entzute onik gabeko bertute mardula baino...” (49)
Azkenik, Elsak idatziz onartuko du: “ohartu gabe, nik Luc tronpatu nahi nuela ikusi nuen; eta berak ni ere bai.” (127)
Hain zuzen, gezurra esateko ahalmena ere gizakia eta animalia bereizteko mugarritzat jo izan da. Animaliaren sen itsua egiatia litzateke erremediorik gabe; giza burmuin indartsuak, berriz, hitzezko gezurra ez ezik gurarien disimulua ere ahalbidetuko luke.
Trikimailua eta gezurra baizik ez dabilen mundu honetan, era berean, anitz etologori nabari zaio bere ikergai kuttunak zein interesgarri diren saltzeko grina, direnak puztuz eta ez direnak kontatuz. Horregatik, engainatzeko ziminoaren gaitasunen berri pasadizoen bitartez emateko orduan Volker Sommer lako ikerlari bereziki eszeptiko eta arduratsu batengana jotzea komeni da ("Elogio de la mentira", Galaxia Gutemberg).
1-“Paul” izeneko Hegoafrikako zimino ar gazte batek, papioia, eme heldu bat bulbo goxo batzuk lurretik ateratzen ikusi zuen. Paulek ingurura begiratu baina ez zuen beste papioirik ikusi, hurbil behar zuten arren. Orduan garrasika hasi zen gogor, papioiek mehatxaturik daudenean egiten duten bezala. Berehala agertu zen Paulen ama eta beste eme heldua ihes egitera behartu zuen, mehatxatzailea zela sinetsita. Horrek Pauli bulboa lasai jateko aukera eman zion. Primatologoek egiaztatu ahal izan zuten Paul tronpariak taktika hori lurretik atera ez zitzakeen jakiak lortzeko txitean-pitean erabiltzen zuela. Amari mehatxaturik zegoela sinetsarazten zion arren, benetan ez zuen batere beldurrik.
2-Txinpantzeek lantzean behin beren ibilaldiak eten egiten dituzte atseden hartzeko. Taldekideren bat aurrera jarraitzeko altxatzen bada, besteek segitu egiten diote, taldekide garrantzitsua ez izan arren, demagun gazte.
Bestalde, Jane Goodall ziminozale ospetsuak bananak oparitzen zizkien txinpantzeei, hauen konfidantza bereganatzearren. Baina txinpantze talderen bat Goodallen kanpamenduan sartu orduko ar handi eta indartsuenak janari guztiaz jabetzen ziren.
Egun batean txinpantze talde handi bat ibilaldia eten eta Goodall-en kanpamenduan sartu zen atseden hartzera eta banana bila. “Figan” gazteak, bederatzi urte, oso banana gutxi lortu zuen. Bat-batean altxatu eta joan egin zen. Besteek jarraitu zioten. Hamar minutu barru Figan kanpamenduan zen berriro, eta etologoek banana mordo eder bat eman zioten. Hasieran kasualitatetzat hartu zuten, baina Figanek trikimailua errepikatu zuen: Figanek taldekideak alde egitera bultzatzen zituen, minutu batzuen buruan bera bakarrik itzuli ahal izateko.
Lehenengo aldian, ordurako bakar-bakarrik, zurituriko banana bat eskuan prest zuela, jateko poza adierazten duen oihua egin zuen; taldekide batzuek entzun, kanpamendura itzuli eta bananak kendu zizkioten. Bada Figanek biharamunean pozari eutsi zion, zenbait intziri eskas gorabehera, eta hortaz berak bakarrik banana guztiak jan ahal izan zituen. Orduz geroztik Figanek ez du inoiz egin jateko pozaren oihua.
3-Gatozen orain arren eta emeen jelosia eta amarru komedietara, Elsaren eta Luc-en erresumara.
Etiopian, papioi sakratuek harenak osatzen dituzte. Nagusiak jeloskor zaintzen ditu emeak. Beste arrekiko edozein harreman eragozten ahalegintzen da. Lortzen ez duenean gogor zigortzen ditu. Behin batean buruzagi jeloskorra eme bat zaintzen ari zen. Arroka baten atzean zegoen emea, eta nagusiak burua eta bularra baino ez zizkion ikusten. Ezin ohartu beraz emea behean etzanda zeukan beste ar bati zorri kentzen ari zitzaiola: kontaktu estua, bekatu larria. Azpijokoa. Eme honek ondo kalkulatua zuen nagusi jeloskorrak bere zein atal ikus zezakeen eta zein ez. Engainua behar bezala gauzatzeko engainatuaren begietan jartzeko gaitasuna erakutsi zuen.
4-“Nikkie” txinpantze ar nagusiari ez zaio batere gustatu “Luit” gaztea eme batengana hurbiltzea. Nikkie-k harri bat hartu du mehatxuz. Luit-ek Nikkie hurbiltzen ari zaiela ikusi du, baina nagusiari bizkarra ematen jarraitzen du. Ez du nahi zakila tente duela ikustea, eta zakilaren arrosa biziki nabaritzen da ilaje ilunean. Luit-ek txandaka begiratzen die bere zakil zutari eta hurbiltzen ari zaion buruzagiari, eta soilik behin zakila lasaiturikoan abiatu da Nikkie-rengana, astiro, harria itxurazko harriduraz usaindu eta azkenik nagusia emearekin bakarrik uzteko.
5-Papioi emeek hanpadura deigarri bat erakusten dute aluan eta uzkian obulazio egunetan. Oro har, alu eta uzkiko hanpadura hori goren gradura heltzen denean, sasoirik ugalkorrenean, larrua jotzen dute. Estalketan emeek garrasi egiten dute. Ar helduak erne egoten dira garrasi horiek nondik etorriko, lehiakideen txortaldiak eragozteko. Garrasi gogor samar hori alu-uzkiko kilikadurak sortua da. Eme ugalkorrek kaka egitean ere garrasi bera egiten dute, estalketaren efektu kilikagarri berdina baitu kaka egiteak.
Hala ere, ar gazte batek estaltzen duenean emea, honek ez du ia garrasirik egiten. Ziur aski, alu-uzkia ez diolako behar bezala kilikatzen, ez dakielako ondo txortan, edo zakila ez duelako aski handi. Ar helduek ez dute oso serio hartzen ar gazte batek emea estaltzea eta toleratu egiten dute.
Egun batean, Shirley Strum etologoak “Danielle” emea oso “hanpatua” aurkitu zuen, hortaz larrua jotzeko irrikaz. Saiatu arren, ordea, ezin ar helduen arreta bereganatu. Azkenik, hainbat ar gaztek estali zuen. Zuhaixka batzuen atzean ezkutaturik jo zuen gazteekin. Gainerako arrek ezin zuten ikusi. Supituki, egundoko txortaldi garrasiak egin zituen. Shirley Strumek uste du ar helduen “jelosia” pizten ahalegintzen ari zela, hauek jaramon pixka bat egin ziezaioten.
Haurride eta lehengusu tronpari azkarrak dituzte Leturiaren gezurrek Mireni, Perurenak maitaleei, Elsarenak eta Luc-enak elkarri, Exkixurenak Gurutzeri... Izan ere, iruzurra ez balitz amodioaren gasolina, gizakien artean bezala ziminoenean ere, literaturaren bi heren desagertuko lirateke, eta bizitzaren piperra.