Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Lurraldearen defentsa animalien artean

Lurraldearen defentsa animalien artean

mzap 2006/08/26 11:41

Etologiaren ekarria ere erabil liteke Exkixuren, Gurutzeren eta Euskal Herriaren arteko gorabeherak azaltzen ahalegintzeko.

Zakila nabarmen erakutsi, ziminoak helburu bi lortzeko egiten du: emea epatatu eta erakartzeko, eta lurraldea etsai sarkinarengandik babesteko. Pistola zakilaren ordezko eta luzapena ote den auskalo, kontua da Exkixuk bere ingurua zaintzeko erabiliko duela iskilua, bere lurraldea defendatzeko. Joxe Azurmendik, "Gizaberearen bakeak eta gerrak liburuko" “Abereen agresibitate naturalaz” atalean, eremu edo jabego borroken berri eman digu.

Rousseauk uste ez bezala, eremu bat nork beretzat hartzeko eta zaintzeko grina ez zuen gizakiak abiatu. Baditu ehun milioika urte. Hezurdun guztietan ageri da: arrain, hegazti, narrasti zein ugaztun.

Zertan datza zehazki? Azurmendiren hitzetan, “aberea eremu baten, ‘aberriaren’ jabe altxatzen da, eta bere kemen guztiekin ahaleginduko da eremua zaintzen. Eremu propio gabeko abereak ez du etorkizunik: ez janleku segururik, ez pausalekurik, ez haurgintzarako posibilitaterik.”

Ikus dezagun zelan babesten duen arrainak bere ur eremua: “Koral uharrietan arrain klase ikaragarri dago, eta lehenengotik nahas-mahasean eta oro bakean bizi direla ematen du. Arrainen egiazko paradisu bat. Baina ez: arrain txikiok hain zuzen kolore bixi-bixiak desarroilatu dituzte. Bakoitzak bere barrutia dauka, eta eremu honetan beste klase askotako arrainak ikus ditzakegu. Baina mota bakoitzeko arrain eremu-jabeak, bere koloreko beste arrainen bat ‘bere lurretan’ (edo uretan) sartu zaiola ikusi orduko, derrepente erasotzen dio. Lapurra bertako jabea baino indartsuagoa bada ere, ia beti etxeko jabeak irabazten du: naturak inondik ere lur jabegoaren babespenerako mekanismoak muntatu ditu. (Gerran soldaduek ‘morala’ edukitzea bezalatsu izango da hori). Baina lapurrari pertsegituz, arrain jabeak bere eremutik irten badu, bere indar magiko guztia galtzen du arraintxoak, eta indartsuenak irabazten du berriro ur neutraletan. Atzera ‘bere uretara’ erretiratu orduko, berriro jabea garaipentsu da. Arrain bakoitza norbere lurretan ia beti nagusi da. Umeak ere ez al du errazago irabazten borroka nork bere kalean?: ‘ya verás, cuando pases por mi calle’.”

Hurrena barrutia mugatzeko zakurren eta katuen modua erakutsiko digu Joxe Azurmenik: “Sudurraz ‘pentsatzen’ duten abereek, beren eremua usainez markatzen dute. Zakurrak, adibidez, ia zuhaitzondo eta farol guztiak bustitzen baditu, ez da, noski, puxika beti larri duelako. Bere eremu jabegoa mugatzen ari da, bere barrutia markatzen du. Bere eremuaren jabego-dokumentua atzeko hanka jasoaz ‘firmatzen’ du. Eta zakurrek aise irakurtzen dute firma hori. Bazter guztietan usmaka dabiltzalarik, badakite eremu hartan zein ibili den. Baita haren ‘kalitatea’ ere, tamaina, tankera, indarra eta beste: sinadura guztiz argigarria baita atzeko hanka jasotzearena. Zelaietara irteten duten ehiza-katuek ere beren kotoa dute, eta katuek badakite batek bestearen kotoa errespetatzen. Katu batek baino gehiagok lur-koto berdina badu, egundoko abenikoa horixe, bakoitzak bere ordu jakinak izaten ditu, ordutan partitzen da kotoaren jabegoa, eta ordu-jabego hau ere ibilaldi bakoitzean ‘dokumentatzen’ da, ‘kredentzialak’ barrutian utziz.”

Hara lurraldea defendatzeko txoriaren teknika: “Txoriek, berriz, kantaz dokumentatzen eta agertzen dute beren esparru jabegoa. Sasartean txiruliru ari den zozoa, umore onean baino askoz gehiago sentitzen da: jabe eta nagusi sentitzen da, eta horixe aldarrikatzen ari da (arrak abesten du). Doinuak, zolitasunak, inguruko txoriei kantariaren jasa adierazten die. Eta, emeei, zuhaitz edo sastraka honetan bizi den honoko kantari hau jaun eta jabe dela, jakinarazten die: hau da, inguru honetaz jabetzeko eta bere jabegoa ondorengo mutur-sarkoi orotatik suharki babesteko trebe izan den txori jaun honek, habia egiteko eta kumeak zaintzeko eta hazteko itzala eta indarra eta onarpena aseguratzen duela. Kapareduna eta esposario partida ona dela honako hau, txorien erreinuan, dote aberatsez. Txoriemeak ez baitira edozein errumesekin esposatzen. Txorien kanta, ba, ez da espresio artistiko naturalik. Seinale bat da. ‘Hizkuntza’ bat. Inguruko arrentzat abisu bat eta amenazo bat da, maniobra militar bat, okupaturiko barrutian sartzen ausartzen badira, zeinek aurka irtengo dien jakin dezaten. Eta emeari dei bat da, ahalik eta urrutiena bidalia, ibar guztian entzun dadin, kantari hau ar bikaina eta eukitsua dela, eme-mundu guztiak inguruetan jakin dezan. ‘Kanta borroka’ zoragarriak ospatzen dira, horrela. Gure entzumenerako zoragarriak: txorientzat berentzat negoziazio eta eztabaida diplomatiko latzak, dudarik gabe. Beste arrek ere ez baitute beren arra eta harroa erakutsi gabe geratu nahi izaten. Sasi guztiak ibiltzen dira kantari horrela.”

Garbi dago beraz: soilik lur eremu ziur batean ahalbidetu liteke lasai elikatzea eta umegintza.

Baina zer harreman mota ote du eremuaz jabetzeko senak jatekoarekin? Eta sexuarekin? Nahasten ote dira? Hierarkizaturik ote daude? Eta hala balitz, zein litzateke garrantzitsuena?

Hona Azurmendiren erantzuna: “Sen honek [lurraldearenak] eta borrokok puntu askotan sexuaren senarekin bat egiten dute. Kumeak babesteko eta zaintzeko senarekin ere bai. Eta baita jateko senarekin ere. Baina ‘eremu baten jabe izateko senari’ aparteko sen independente bezala begiratu behar zaiola, dirudi. Ez beste haien funtzio soil bezala. Kainabera edo ihi-txoriek (akrokefaloek) nahi adina janari dute, baina eremu-borrokari latzak dira, janari urriko edozein abere bezalaxe. Kukuak ez dauka bere kumeez arduratzeko zergatik leku aproposik bilatu: habi arrotzean jartzen du bere arrautza. Ezta eme papoxta bat irabazteko ere, ez du kukuak eremu baten jabe izan beharrik: kukuemeak, ezagunki, poliandria guztiz liberala praktikatzen baitu (‘amodio librea’), inguruetako edozein arri, gainera igotzen gustura uzten diolarik. Beraz, ez sexuaren senak eta ez haurrak zaintzeko senak eragiten dio kukuari eremu batez jabetzera. Baina kukuen eremu-borrokak partikulazki gogorrak izaten dira. Howardek dioskunez, heltzaur-txolarreak, mehatxuaren aurrean, emea eta kumeak arriskuan abandonatzeraino defendatzen du, guztiaren gainetik, bere lur jabegoa: lehenengo norbere eremua, gero gerokoak.”

Hagitz naturala dugu horrenbestez Exkixuren jokabidea Euskal Herriaren defentsa Gurutzeren gainetik paratzen duelarik. Izan ere, “senik oinarrizkoena ‘aberriarena’ edo lur jabegoarena litzateke. Abereek beren ahal eta ezin guztiekin babesten dutena [...] Bere ‘aberriarengatik’ abereok beste dena ahazten dute: emea eta kumeak berak. Areago, beste sen denen joko ordenatua nolarebait ‘lur’ honetan fundatzen eta finkatzen dela, esan liteke.”

Hala ere, Azurmendik ñabardura garrantzitsu hau erantsiko du: “sen guztiak elkarrekin josita daude, eta elkarren artean araberakatuta. Koordinatuta. Zorakeria dirudi, ordea, historiaren zenbait filosofiari jarraiki, eta ia beti haietxek egiaztatu nahirik bakarrik, sen guztiak oinarrizko sen bakarren baten adaska moduan bururatzeak. Oinarrizko sustraia bizitza da. Senok bizitzaren agerpenak, tresnak eta euskarriak dira denak. Baina batasun hori egon arren, isuri edo sen diferenteok benetan diferentetzat eta autonomotzat har genitzake.”

Azkenik, Exkixuren hats beherapena eta amorrua baserritik eta inguru euskaldunetik egozten dutelarik, bere lurraldea inbaditua eta zafratua kausitzen duelarik, eta ondoriozko oldarra, ohikoa duzu eta arrunta animalien erresuma zabalean: “Bizimolde sozial guztiz ordenatua zeramaten abereak, lurraldez aldatuz (‘erbesteratuz’) gero, anarkia izugarrian endreda-nahasten dira (deserrotuak ohi deritzegun lumpen gizataldeetan bezala), lur-jabegoen banakuntza berria atondu arte. Ama, kumeak elikatzeaz ahazten da; arrak sexuaren sena galtzen-edo du, inpotente. Eta janari faltarik denentzat egon ezta ere, ar eta eme, haundi eta txiki, ezeren begirunerik gabeko elkar borroka absurduan orapilatzen dira. Puskatu egin zaie beren nongotasuna eta birregin egin behar dute borrokan. Gaurko primateek, abere sozialak eta barazki jaleak izaki, lurraldearen ‘usadio komunista’ izaten dute (alabaina, gizona, dudarik gabe, primate ehiztarien motatik sortu da, mota horretako biziraun duen bakarra orain bera dugularik). Ez zaie, beraz, lurra, propietate ekonomiko bezala interesatzen. Halere, primateei beren eremua kentzea, sozietatea hondatzea adina da. Desordenu izugarrian katramilatzen dira, bapatean denak neurasteniko baleude bezala.

>Eremu jabegoaren sena konflikto artean endredatuta dabilen artean, ez da egoten atarramenturik. Ez dago beste senen funtzionamendu zuzenik. Hitz batean: giro asozial bat sortzen da, eta ‘kriminalitatea’ ugaltzen da, jokaera anomaloak eta ‘gaiztoak’, destruktiboak.”

Guztiarekin ere, Azurmendik ohartarazten duenez, jakingarria izan dakiguke arrainaren, katuaren eta ziminoaren jokabidea, baina gizakiok ez gara ez arrain ez katu. Eszeptikoa da zenbait etologoren temaren aurrean, giza natura abereen analogian eta homologian oinarrituta definitzeko eta ondorio etikoak ateratzeko. Zehazki, Azurmendiren iritziz etologiak ez du froga erabakigarririk aurkitu ezta gizakiak oldarkortasuna naturala duela finkatzeko ere. Horrenbestez, etologiak ezin duenez gizakia behar bezala definitu, ezingo dugu naturan oinarrituta Exkixuren erantzun biolentoa bidegabea edo morala ote den erabaki. Hots, ezin da aldarrikatu ziminoak, inbaditzen dutenean, lurraldea babesteko bortxaz ihardukitzen duenez, bidezkoa dela Exkixuren pistolaren desarratzea, “natura kontzeptu anbibalentea baita” .

asel
asel dio:
2006/09/02 12:03

Sano interesgarria, baita ni lako anarkista batentzat. Neuk ere joera handia dut gizakion jokabideak animalienekin konparatzeko, batez ere arron rol sexuala (geneak ahalik eta gehien zabaltzeko grina hori) eta emeena (gen ahalik eta kalotatezkoenak aukeratzeko joera). Baina batez ere, artikuluaren bukaeran legez, pentsatzeko gizakiok arau horietatik at geratzeko aukera dugula. Niri, behintzat, burmuinek esaten didate egunen batean lurraldetasunaren kontzeptua (eta ez nabil Euskal Herriaren kontzeptuaz, munduaz baino), beste askorekin batera, gainditu beharko dugula. Zentzurik al dute Libano-Israel-Palestina inguruko sarraskiek lur jabegoaren izenean? Adibide bat baino ez. Betiko amets anarkista: mugarik ez, banderarik ez, armadarik ez, gobernurik ez... Sexu kontuetan, ez dakit naturak markatutako sena ezabatzea hain erraza den, baina tira, kontrolatzen irakasten digute, behintzat!

markos zapiain
markos zapiain dio:
2006/09/10 12:18

lurraldetasunaren kontzeptua gainditzearekin batera artea ere suntsituko ote litzateke?

artearen oinarri eta abiapuntu jarri zuten behintzat deleuze eta guattari erdi anarkistek lurraldetasunaren defentsa

ez du ematen epe laburrean edo bilakaera natural eta heltze prozesu baten ondorioz ez bata ez bestea gertatuko denik; lehenago bai katastrofe nuklearren bat, nola lurraldetasuna hala artea berehala "gaindituko" lituzkeena

pete
pete dio:
2006/09/18 15:11

Lehenik eta behin esan beharra dut bikaina dela Azurmendiren liburua, lehena(gizona abere hutsa da) baino ere hobea.

Oso ongi azaltzen du gizona ere animalia dela, ez besteak bezalakoa nahi badugu, baina animalia funtsean, bere sen eta joera irrazional guztiekin (sexuarena da adibide garbienetakoa)

Animaliak bere ingurune naturala behar du bizitzeko eta defendatu egingo du inbasioen aurren. Eta gizonak ere animalia den heinean, logikoa izango da berdin jokatzea.

Noski, bizirauteko gizonak ez du jadanik bere lurralde naturala defendatu beharrik. Euskalduna bizi daiteke Espainian, Frantzian edo Txinan, eta ez du bizirauteko arazorik. Hori da gizonaren eta gainontzeko animalia gehienen diferentzia, animaliak bere ingurune naturaletik kanpo bizirauteko arazo larriak dituela(lehoi arrotza ez dute sekula onartuko taldean).

Baina horrek ez du kentzen norbere bizilekua defendatzeko joera naturala denik. Orain, naturala den guztia ona al da?

Bestalde Aseli erantzunez etzait iruditzen berezko animali sen irrazionalak gainditu eta kontrolatu behar direnik, sen hauek dira gure ezaugarri onerako edo txarrerako. Eta gainera, hori gabe bizia askoz ere aspergarriago litzake, ez duzu uste? Eta bestalde Palestina-Israel arteko gatazka zentzugabeari dagokionez, uste dut hain zuzen ere Markos Zapiainen liburu batean irakurri nuela Fokaultek ume palestinar bati entzun ziola: "ez dakit zergatik ari naizen borrokan, dakidan bakarra da arbasoen lurra defendatu nahi dudala", eta ez dago askoz gehiago esplikatu beharrik.

Exkixuk bere lurra defendatzeko gogoa erabat naturala da. Nire ustez, horren atzean ume palestinarraren sentimen bera dago baina baita ere gogoeta razional bat. Zergatik izan behar du bada zentzugabea bere borrokak?.

Azkenik, Azurmendiren gogoeten hildotik duela gutxi dokumental batean ikusi nuen adibide bat: AEBetako parke natural batean txakalak ziren harrapari nagusiak, otsoa aspaldi desagertua bait zen. Parkeko arduradunek otsoa berriz ekartzea erabaki zuten arte. Otsoak txakala baina indartsuagoa izaki, txakalak akatu zituzten (enaiz gogoratzen guztiak akatu zituzten ala ez). Alegia, bere lurraldean lehiakidea dena traban dago, etsaia da eta bidali edo akatu egin behar da(bietako batek biziraun nahi badu)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.