Montaigne aitzindari
Animalia eta gizakia zurrunki bereizten dituen filosofia izan dugu nagusi, baina bada tradizio gorde bat, Unibertsitateek eta ofizialtasunak baztertua eta isilarazia, gizakia animaliaren hurko egiten duena, Txillardegik bezala. Ildo horretako aitzindarietako bat, Montaigne.
Montaigneren xedea dogmatismo filosofiko eta teologikoan nabari den giza harrokeria zapartatzea da. Gizakiak bere burua aparte eta zeru goienetan kokatzeari utzi behar dio, bere arrazoimen, jakitate eta duintasun ustez bakanei zor omen zaizkien abantailei uko egin: ez gaude besteen gainetik ez azpitik, ez dugu adimenaren monopolioa, animaliak higitzen dituen naturaren lege berak bizi gaitu, bizidun guztiekin bat gara. Eta naturak berdintasun eta korrespondentzia perfektu bat jarri du gure eta piztien artean.
Montaignek erakusten duenez, animaliek badakite negar egiten, barre, mintzatzen, badute gainera barne mintzo bat, badakite elkar erabiltzen, ehizan, silogismoak sortzen, jolasten, zenbatzen, ikasten, hobetzen, erlijioa praktikatzen, orobat intzestua eta homosexualitatea, badakite aurrezten, gudukatzen, fideltasuna adierazten, esker ona, bihozberatasuna, elkartasuna, sozietateak eratzen, are konfederazioak, truke ekonomikoa baliatzen, eta matematika, badakite barkaberak izaten, damutzen, bere burua irudikatzen, abstraditzen, orokortzen, ideiak sortzen, ederrak izaten, zutitzen, ahalketzen.
Antzekoak ditugu akatsak. Ez du zentzurik gure nagusitasuna goresteak. Diferentzia handiagoa izan liteke gizaki batengandik beste batengana, gizaki batengandik animalia batengana baino. Eta badira gainera forma mestizo eta anbiguoak giza naturaren eta piztiarenaren artean.
Izan ere, Montaignerentzat animaliek eta guk ez dugu zentzumenak eta irudimena baino. Eta batetik gure zentzumenak ez dira bikainenak; eta bestetik animaliek badituzte guk ez ditugun zentzumenak. Ondorioz, baliokideak dira animalia guztion irudikapenak. Gure espeziearenak ez dira besteenak baino zoliagoak. Gezurra da gure errepresentazioak errealitate objektiboarekin bat datozela eta animalienak aldiz senezkoak baino ez direla eta hortaz soilik subjektiboak.
Halatan, bizidunen arteko funtsezko antzekotasunak baliokide egiten ditu haien irudikapenak. Horrek Fontenay-k "Piztien isiltasuna" bikainean “nahasketa printzipio” deritzona bultzatzen du: ez dagoenez bereizketa muga garbi eta egonkorrik, animaliaren eta gizakiaren arteko muga etengabe aldatzen ari denez, sarritan aldea hagitz izaten da txikia, eta maiz da desagertzen. Izakiak nahasi egiten dira, erdibideko formak ugaritu, gizakia gizotso bilakatzen da eta berriro gizaki, Peru Leartzako zimino eta kanguro eta berriro Peru. Deus ez da sekula betikoz ez identifikatzen ez bereizten.
Zaila ez da bakarrik antzeko aurpegi eta gorputzak ditugun gizakion artean desberdintasuna aurkitzea, baizik gu geu animaliengandik bereiztea. Ezein arauk ezin gaitu berma; diferentzia eta antza, ezegonkorrak beti, inoiz ez dira behin betiko erabakitzen. Bi-biek egiten eta desegiten dituzte izakiak naturaren jolasean.
Bereizketa zurrunen ukatze horrek adierazten du Montaignek ez duela legerik ezartzen, ez sailkapenik. Ez dago Montaignerenean genero garbirik, ez diferentzia espezifikorik, ez definiziorik, baizik bereziari arreta, gertaera singularrari. Ez dago horrenbestez giza generorik: Montaignek gizakiaren “berezkoa” desegingo du.
"Entseiuak"-en bigarren liburukiko "Krudelkeriaz" atalean, bestalde, bere etxaldeko abereak aurkeztuko dizkigu, zaldiketa eta ehiza. Montaigneren erraiak nabari ditugu bertan, gogoeta bideratzen. Txillardegi bezala animalienganako bere sentimendua adierazteko orduan "Haizeaz bestaldetik"-en, Montaigne ere ihizienganako sinpatiatik eta bere ume izaeratik abiatuko da.
Zaldun aberatsa, Erregerekin ehizan ibilia, bere errukia aitortzen digu, beldur barik bere gizontasuna zalantzan jarriko ote duten. Onartzen du gustuko duela ehiza, baina ez du gogoko bere burua defenda ez dezakeen piztia inozentea akabatzea. Oreinaren malkoak eta odola ez ditu ikusi nahi, ezta haren lantua entzun ere. Elisabeth de Fontenay-ren iruzkin bikaina: “Quand on sait à quel point l’aristocratie tenait à ce droit de chasse dont elle avait le privilège exclusif, on mesure la hauteur, la largeur, la profondeur de la "gentillesse" de Montaigne, et son humilité que la pitié pour les bêtes rend si peu chrétienne.”
Ihizia harrapatu orduko zelaira itzuliko du, Pitagorasek bezala: honek ez omen zuen arrainik ez txoririk erosten ez bazen itsasora edo zerura itzultzeko. Montaignek sentitzen zuen isuritako lehenbiziko odola ehizakiarena izan zela, eta ehizak ezinbestean dakarrela gerra. Ematen du krudelkeria ohituratik datorrela, gizakien heziketa jakin batetik. Baina une ezkor batean Montaignek susmo beltza adierazi du: baliteke instinturen batek bultzatzea giza krudelkeria: zergatik aspertzen da bestela gizakia abereei elkarrekin jolasean begiratuz, eta gozatu elkar zatikatzen eta hiltzen dutelarik?
Elisabeth de Fontenay-ren galdera: baina orduan zergatik ez dago Montaigne bera arau komun horren pean? Fontenayren iritziz, bistan da ez dagoela giza esentziarik, eta gizakien dibertsitatea azkengabea dela. Montaignek berak eman baitzion bere kezkari erantzuna: dibertsitate horren berri giza naturaren ideiari muzin egingo dion tipologia batek eman lezake. Eta hori lortzekotan jatorrizko bekatuaren unibertsaltasunaren ideia borrokatu beharra dago besteak beste.
Montaignerentzat, badugu betebehar natural gisako bat bizidun ororekin: maite ditugun abereak galtzean negar egiten dugu, abereok bezalaxe gu galtzean. Sentitzen duen orori zor diogu begirunea. Abereekin harremana dugunez, eskaerak elkarri, laguntza eta maitasuna, elkartasuna, beharrezkoa da harreman hori betebeharren batek gobernatzea. Montaignek hartara betebeharren tipologia bat proposatuko du, ezen ez sailkapen hierarkiko bat. Gizakiei, zuzenbidea idatzi, itundu eta elkarrekikotasuna mami dezaketenei, justizia dagokie.
Adiskide isilei berriz grazia eta ontasuna zor diegu. Hots, ordainik itxaroten ez duen eskuzabaltasuna eta kalkulurik gabeko ontasuna, izaki errugabe bat sufritzen ikusiz plazer hartzeak adierazten duen gaiztakeriaren aurkakoa.
Horrela, nire zakurra hurbildu eta jolastea eskatzen didalarik, nahiz nire bihotza doluan egon, ez dut zakurra gibelarazi behar. Ez du bestela jokatuko Labartzari agur-eko Antton Ihartzegaraik “Baltza” bere txakurtxoarekin.