Piztia hiltegira legez
Txillardegiri ugaztunenganako enpatia bizia nabari zaio. Bere eleberrietako abere batzuk zentzudunagoak dira eta sendoagoa dute arima hainbat giza protagonistak baino. Aise igar liteke abereak industrialki eta hormonaz hazi eta ondoren zuzenean pilatuta hiltegira bidaltzen dituen jarreraz Txillardegik senti dezakeena, edota giza jaia apaintzeko animaliaren aurkako krudelkeriaz. Txillardegirentzat arazoa ez baita ziurrenik animaliak pentsatzen ote duen, baizik sentitzen ote duen, eta begien bistakoa zaio sentitzen duela.
Zentzu honetan, Txillardegik berez bezala eta bihotzez baztertzen du arima eta gorputza, gizatasuna eta animaliatasuna fanatismoz bereizi dituen tradizio kristau eta filosofikoa, gizakien eta ugaztunen kidetasun ebidentea amorruz ukatzen duena. Izan ere, judaismoak eta kristautasunak gizaki guztiak funtsean bat direla diote eta gizakia animalia ez bezalakoa dela zeharo.
Clément Rosseten ustez, animaliaren ostrazismo horren arrazoia, animaliaren aurreko izu hori, giza izaera funtsean espiritualaren baiezte fanatikoari dago lotua, eta animaliarekin dugun antzak izaera espiritual hori zalantzan jar ote lezakeen beldurrari. Giza munduaren eta animalien munduaren artean artifizialki ezarri den burdinazko muga horrek garrantzi estrategikoa izan omen du ideologia zanpatzaile gehienak osatzeko orduan.
Batez ere Errenazimenduaz geroztik, Descartes eta Malebranche abiaburu, gizatasunaren funtsa oroz lehen animaliatasunari kontrajarririk pentsatu izan da. Kantek ere animalia eta patata berdindu zituen.
Humanista progresista hauen iritziz bizidunok piramide bat eratzen dugu, gailurrean subirano gizakia. Eta honela zuritzen dute bortxakeria: baldin giza ongizatea nahi bada ez dago animaliaren hildura, bibisekzioa eta, onartu beste erremediorik.
Bestalde, Elisabeth de Fontenay-k nabaritu duenez, animalien aldeko jarrera erakutsi eta animalien eta gizakien arteko kidetasuna azpimarratu duten filosofo batzuek ezin izan dute eragotzi gizakiak hierarkizatu eta animaliak hutsik utziriko mespretxulekun giza talde zenbait paratzea: Herder-ek gormutuak, Schopenhauer-ek juduak, Husserl-ek Europaz landakoak.
Nabaritu du halaber joan den mendean franko izan zirela animalien erabilera makurrarekin obsesionaturiko idazle juduak: Kafka, Singer, Canetti, Horkheimer, Adorno, Döblin... Döblinen "Berlin Alexanderplatz" 1929koa da. Hona laugarren liburuko izenburu bi, jarraian datozenak: “Franzek despedidako martxa jotzen die juduei. Zeren abereari bezala gertatzen baitzaio gizakiari; bata hil, eta bestea ere hil.”
Katastrofe historikoen zenbait giza biktimak kide susmatu izan baitu animalia biktima izate horretan. Animalien hiltegi industrialek badute antzik kontzentrazio eta esterminazio esparruekin. Izugarri zabaldu zen “ardia hiltegira legez” esaera, judua edo ijitoa gas kamerara nola zeramaten adierazteko.
Honen harira, irudi luke animalienganako Txillardegiren maitasunak baduela zerikusirik Euskal Herriaren aldeko haren borrokarekin.
Txillardegik sentitzera ematen du giza arrazoia goretsi eta abereen isiltasuna arbuiatu duen metafisika bat datorrela nolabait herri eta hizkuntza txikiak irentsi eta desagerrarazteko grinarekin. Esan liteke Txillardegirentzat animaliak Lurrean patxadaz bizitzeko eskubidea duela, potentzia handiei deseroso zaizkien herriek legetxe.
Adornok berak Kanten kontzeptu erabakigarri batzuk aztertu ditu: giza autonomia eta duintasuna, autodeterminazio morala... Eta antzeman du ez soilik naturaren gaineko nagusitasuna eta jabetza, baizik animaliaren aurkako benetako etsaikeria eta gorroto krudela. Adornorentzat, animalien aurkako iraina, edota gizakiaren aurkakoa animalia den heinean, idealismoaren egiazko bereizgarria litzateke: animaliaren eginbeharra sistema idealistan bat letorke juduarenarekin sistema faxistan. Eta logika horren arabera, animaliak eta juduak bat egingo lukete andrearekin eta umearekin, are atzeratu eta elbarriarekin...