Kaka egiteko ezkutatu
Baltzak, Antton Ihartzegarairen txakurtxoak, “Labartzari agur” nobelan ez du kaka egiten; Txillardegiren giza pertsonaiek ere ez. Nekez ageri da halakorik ezein eleberritan, nahiz eguneroko gainerako eginbeharrak naturaltasunez aipatu, argumentuarentzat pertinenteegiak izan ez arren. Zer gertatzen da hemen? Zein enigma desestali beharko dugu oraingo honetan?
Berbinzanako gure bizilagunak, Jero eta Maria, Fiteron egon dira aste biz, eta egunero, goizez eta arratsaldez, atera diegu zakurra, Tobi, arraza puru ezezagunekoa. Alaia duzu Tobi, jostaria eta bat ere ez zaunkalaria, diskretua. Ehiztari kaskarra bada ere untxi pare bat harrapatu du, itsu baitzeuden koitaduak, begiak gorri-gorri, mixomatosiak joak. Tobik, hori bai, kaka egiten ari delarik ez du gustuko inork begiratzea, batik bat begietara.
Michel Polac telebista-aurkezle eta idazle frantziarra ohartu da zaldiek eta behiek, kaka eginean, zeharo ezaxola erantzuten diotela giza behako begiluzeari. Basapiztiak berriz ezkutatu egiten omen dira; orobat noski zakurra. Begiratzen badiozu lotsa eta etsipena erakusten du, “comme si le chien ne supportait pas sa merdité esentielle” (Michel Polac eta Clément Rosset, Franchise postale, PUF, Paris, 2003, 122 or.).
Clément Rosset ere ohartua zen zakurraren larrialdiaz eta begitarte errukarriaz trantze horretan. Ohartze hori egonezin lauso batez nahasten zitzaion, eta sentsazio mordo horrek azkenik harridura eragin eta horrenbestez filosofatzeko prestatu zuen.
Zergatik ematen ote du zakurrak, behako goibel horren bidez, barkatzeko mesedez eskatzen dizula, atea eta krisketa ixtea ahazteagatik? Fenomeno horrek apala dirudi, baina bitxia da, eta gizakiaren eta animaliaren arteko mugaren arazo txillardegitarra bete-betean jotzen du.
Rosseten filosofatzearen ondorioa: gizakiak zakurra etxekotu du, domestikatu. “Domestikatu” “domus”ean sartzen uztea da, etxean, sarkina etxekotzat hartzea eta beraz etxeko ohiturak erabilaraztea, ahal den neurrian. Kontua da gizakiak hainbeste etxekotu duela zakurra, horrenbeste nagusitu zaio intrusoari, ezarri baitizkio zenbait giza sentimendu eta jokabide, kaka egiteko orduan gordetzea kasurako.
Halatan, zakurra bere funtsezko kakatasunaz herabe bada, Rosseten iritziz lotsaria gizakiak kutsatu diolako izango da ziurrenik. Gizakiak bere irudira moldatu du zakurra, eta zakurrak ederki itzuli dio kaka lotsa (Ibidem, 127).
Zer egingo ote du tximinoak kaka eginean dagoela begietara begiratzen badiozu?
gure pisutxo honetan txakurra bagenu, kumetatik hazi eta hezita, lagunduko nizuke Rosseten teoria baieztatzen, gure artean ez baitugu hori ere ezkutatzen eta ohitu baikara horretan ere elkarren ondoan naturaltasunez jarduten. ikusiko genuke, beraz, gure balizko txakurra ahalkatzen zen bere txandan... Umeei, guk bere intimitaterako gordetzen irakasten diegun arte, poza ematen die, garaipen sentsazio modukoa kaka erakustea, eta lotsa ez dut uste berezkoa dutenik. Hortaz, tximinoek ere agian ez dute arazorik horretan. Batek daki...