Bonoboak, elkarrekin gustura
Gizakiok ez dugu asmatu elkarrekin gustura bizitzen. Zimino mota batek sozietatean elkartzeko modu atseginagoak sortu ditu (Frans de Waal, "Bonobo: The Forgotten Ape", Berkeley, University of California Press, 1997; lan hori gero Jesus Mosterín-ek laburtu du: "¡Vivan los animales!", Random House Mondadori, Bartzelona, 1998, 162-164 orr. Ikus orobat Frans de Waal beraren "Chimpanzee Politics: Power and Sex Among Apes" bikaina, Johns Hopkins University Press, Baltimore, 1982, non besteak beste erakusten baita Makiaveloren gogoeta aginteaz eta politikaz bat datorrela txinpantzeen betiko jokabidearekin.)
Bonoboak bereziki argiak omen dira. Horixe adierazten du beren behako zuzen, zabal eta zirraragarriak. Bizitza sozial harmoniatsu eta barea dute, gatazkarik ez. Txinpantzeek edo gizakiek ez bezala, bonobo batek egundo ez du beste bat hil, behatzaileek bederen inoiz ez dute halakorik ikusi. Promiskuitatez nahasten dira, maitasun librez eta etengabeko sexu harremanez, ia beti ugaltzeko xedeaz berex. Bonoboak beti ari dira sexuarekin jostari eta beste bonoboen sexuekin igurtzitzen, harreman aukera guztietan: ar-eme, ar-ar, eme-eme, heldu-gazte, ahoan musu, larru jotze, zurrupatze, edozelako kontaktu.
Horrela, eme bi urdurituz gero, elkar besarkatu eta, elkarri tinki so, kanpoko sexu organoak igurtzi egiten dituzte lasaitu arte. Sexualitatea baita bonoboen sozietatea mugitzen duen gasolina, eta tentsioa baretzeko balio du, adiskidetasuna pizteko, aliantzak ezartzeko, bakea egiteko edo beste barik denbora pasatzeko. Emeak ia beti daude harkor eta irekirik, arrekin larrua jotzeko gertu (“como las humanas” dio harrigarriro Mosterínek; giza primateak izango gara Mosterín eta biok, espezie berekoak, baina bai desberdinak gure bizipenak, zorionez).
Ondorioz, arrek ez dute emeengatik borroka egin beharrik. Gainera emeek, beren artean aliantza sendoak eratuz, arren erasokortasuna eta kumeak hiltzeko joera (beste primate batzuen artean ohikoa) eragoztea lortzen dute.
Izan ere, emea duzu sexu nagusia, arra bezain nagusi behintzat bai. Oro har, bonoboek osatzen dute ezagutzen dugun primate sozietaterik kohesionatuena eta baketsuena, eta ez dago bertan inongo oldarkortasunik, ezta obsesiorik ere hierarkia dela eta, edo nagusitasuna. Aitzitik, gozamena eta laguntasuna zaintzen dituzte, modurik hedonistenean, hots, zentzuzkoenean. Horixe da bederen egoera naturalean aztertu dituzten zientifikoen inpresioa.
Dene den, oraindik gelditzen zaigu Afrika...bonobo sortzaile traketsen paradisu amestua.