"Putzu"ko zenbait animalia
Putzuri pairagaitza zaio denboraren joanak birrinduriko herria galdu izana. Oinaze horixe nozitu dute Elsa Scheelenek, “Haizeaz bestaldetik”eko protagonistak, Exkixuk eta baita “Labartzari agur”eko Anttonek ere.
Txillardegiren zazpi eleberriak aztertu eta zazpiak bat eginik, bistan da haren pasio eta zauririk eragingarri eta oparoena, literaturaz denaz bezainbatean bederen, denboraren emana ezin onartzea dela. Leartzako Peru: “Aurrera zihoan denbora, eta nire pozak atzera.” (31). Baina ez dirudi Txillardegiren eleberrietako gai soil, Jose Luis Alvarez Enparantza bera ere iltze berak hilduratu du, hainbat testu autobiografikok erakusten dutenez, haurtzaroko oporretako Igantzira helduaroan itzulita sentitu zuena kontatzen digunak kasu.
Putzuk eromen leun baten hasiera sumatu du bere baitan, ezin baititu bereizi ametsetako Donostia, betirako iragana, eta oraingoa, zuzenean hauteman dezakeen bakarra.
Eta zer da funtsean galduriko Donostia hori Putzurentzat? Animaliak, animalien eragina Putzuren zentzumenetan zehazki: koloreak, usainak, zaratak. Protagonistari ezizena ematen dion “Putzu” karrika astoz mukuru esaterako, edo arrain–ustel kiratsa, edota zezenen etorrera, eta zezenek jasan beharko duten sufrikarioagatiko Putzuren pena sakona, adiskideengandik bereiziko duena, Txillardegi haurra jendartetik bereiziko zuen bezalaxe Igeldoko hartzaren, ziminoen eta astoaren oinazeak (“Haizeaz bestaldetik”en kontatua).
Badira hegaztiak nobelan: kaioak eta antxetak arriskua eta heriotza igartzen dituzte, “Labartzari agur”en legetxe: “Inguru hartantsu ari baitziren jiraka Donostiatik aldegindako antxetak eta kaioak, goiztiriarekin erotu bailiran. Eta halako patu-seinale kutsua hartzen nion ikuskariari. Eta laztu ere egin nintzen lipar batez, harrigarriro...” (52)
Enarak berriz bozkarioaren zantzu dira.
Iparraldean antzarak haziko dituzte foie gras egiteko eta edredoiak prestatzeko lumak erdiesteko.
Eta Alfonso XII.a eta beste buruzagi karlistak Donostiako kaleetatik Santa Maria elizara doazela “loreak jaurti eta usoak jaregin egin dituzte puntuzkoen andereek”. (283)
Azkenik, beleen eta putreen bazka geldituko dira gerra karlistaren gorpuak Jurramendiko mazeletan nahiz Abartzuza inguruetan.
Dena den, animaliei gagozkiela, zaldiaren liburua duzu “Putzu”.
Txillardegik ederki nabaritu du hemeretzigarren mendetik hogeigarrenera gertatu den aldaketarik ikusgarriena animaliei dagokienez: zaldiaren desagertzea gerratik zein eguneroko bizimodutik. Putzuren garaian zaldia nonahi zebilen: ezusteko irrintziak edonoiz (behorrarena eta zaldiarena, kasurako, Lizarrako isiltasuna hautsiz...), soroan uztarripean, bidaian, dilijentzian (denborak eramaniko Donostiaz Putzuk maitasun bereziz oroitzen ditu dilijentziak).
Dena den, bizimodu zibilean ia beti jauntxoena zenuen zaldia; herri xeheak astoa zerabilen, edota oinak.
Eta guduan berdin, zaldiak bereizten zituen goikoa eta behekoa.
Eguneroko zibilean baino are erabakigarriagoa zenuen zaldia guduan, Karlos Setimo eta beste buruzagi karlistak gainean zeramatzana, edota Margarita erregina, txapel zuriz eta amazona beltzez jantzia. Eta, Putzuk zaldiak eta zaldieri-errejimentuak kanoiekin, batailoiekin eta bolondresekin batera zerrendatzen dituen arren (“16.000 infante, 1.000tik gora zaldi, eta 24 kanoi astun”, ohiko kopuru bat), karlistadetan malda nekagarri eta erpinak gerrako jauntxoek igoko dituzte zaldiz; gainerakoek, Putzu barne, oinez.
Hala ere denboragarrenean, armadan goiti eginik, Putzuk zaldiz ikasi beharko du: “nik, kaletar honek, zaldiei buruz ez bainekien deusik, berentzako pentsu saltzen besterik... Eta gainean jarri eta itzegoten, are gutxiago. Beldur galantak pasa nituen Zugarramurdira begira! Baina zaldiak oso otzanak dira.” (149), eta azkenik txukun ibiliko da.
Soldadu arrunta soilik zaurituz gero eramango dute zalgurdi dotoreren batean sendatzera. Baina hori gerra betean. Behin gerra galduta, ostera, erien garraioa zaldiz barik mandoz egin beharko dute karlistek.
Garazi maitearen bidez nabarituko du Putzuk klase arteko borroka Euskal Herrian hemeretzigarren mendean zaldiari eta astoari eta oinei loturik gertatu zela besteak beste.
Putzuk Garazi Baionako azokara Milafrangako baserritik astoz zetorrela ezagutu zuen.
Eta Putzuk Miarritze ezagutzera gonbidatuko duelarik, Garazik arrapostu: “dena errege, erregina, printzes, jauregi... zertara joanen hara baserritar xume hau?” (310) Izan ere, Miarritzen zalgurdi hanpurusetan joaten dira ostatu dotoreenetara handikiak, “zaldietako txilin-koilareek airea kariloi-hotsez betetzen zutelarik.” (313) Eta Garazi lako Milafranga eta Gotaineko baserritar xumeei astoa dagokie. Edota zangoa.
Tren geltokitik Miarritze erdira joateko Putzuk Garaziri kakoletan joatea eskainiko dio, handikiak karrozan bezala. Garaziren erantzuna:
“Tira, tira! Pentsatu ere ez!
Begirada tristeko zaldi argalaren gainean, orekan emana, bi kartolak osatzen zuten kakoleta, erosoki bikote bat esertzeko atonduak.
-Asto gainean gaur ere? Bo, bo...
-Ez duzu astoa, Garazi. Zaldia dela.
-Badakit, bai. Baina... tira, tira! Zamariak hurbil ez dituzten jauntxoen zozokeriak dira hauek. Ezetz! Ez naizela kakoletan joanen!
-Bego, beraz. Baina Miarritze urrunsko dago –errepikatu nion-. Ordu erdi bat bai, oinez.
-Eta zergatik ez oinez joanen? Ibiltzeko bikain dago. Abia gaitezen!” (314)
Bestalde, Bretxatik Ondarretara XIX mende bukaeran zaldi-tranbiaz joan zitezkeen kristauak; jenero hutsa eramateko, berriz, mando-tranbia erabiltzen zen. Baina aurki jarriko zuten tranbia elektrikoa, erreginak Miramar bere jauregi berrira aziendaren zikinkeriarik sumatu ere gabe heldu nahi baitzuen.
Dena den, “Putzu”ren amaierak ederki iradokitzen du karlismoa zaldiz bezala nazionalismoa berebilez ibiliko dela.
Zaldia desagertu ondoren, astoak iraungo du eguneroko bizitzan hogeigarren mendean.
Orain ordea, mende berri honetan, astoa gero eta gutxiago nabari da karrikan eta baserrian gorde zaigu.