Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Demokrazia eta giza eskubideak: Irungo Alardearen kasua

Demokrazia eta giza eskubideak: Irungo Alardearen kasua

mzap 2006/07/21 14:16

Alardearen aferak erakusten du demokraziak ez duela dena konpontzen, ez dela egia aurreiritzi zabaldu bat: zenbat eta demokrazia gehiago orduan eta babestuago giza eskubideak. Demokrazia eta giza eskubideak, bakoitza bere aldetik, ontzat har litezke, baina sarritan ezin dira aldi berean mamitu. Bata hobesteak bestea baztertzea dakar, biak politak izan arren. Ekialde Hurbilean diktadurek eusten diote laikotasunari; baina demokrazia ezarriz gero, herriak bere bizimodua Koranaren araberakoa nahi duela adierazten du, Bushen kalkuluen despit.

Era berean, Irunen gehiengoa onartu eta giza eskubideak zapuzten dituzu; edo bestela berdintasuna ezarri eta demokrazia ahantzi. Bistan da Irungo herriak ez dituela emakumeak nahi alardean. Oraingoz bederen ez dago giza eskubideen aldeko gehiengorik.

Baina gure agintariei alde batetik zenbaitetan ez zaie larregi interesatzen herriak zer nahi duen. Legea betearazi behar denean, gehiengoari ez zaio jaramon handirik egiten. Marseillan ez da galdetzen ea zer nahiago duten, etorkinei ongi etorri egin ala kohete batean sartu eta Groenlandiara bidali. Boroako zentrala dela eta zornotzarren nahia zelan erabili den kontuan hartuta, ondoriozta liteke jeltzaleek gehiago maite dituztela zentral termikoak emakumeen eskubideak baino, garrantzi handiagoa ematen dietela; hitzez agian ez, baina egitez bai.

Izan ere, Ibarretxe, Zapatero, Errazti, Gonzalez Txabarri, denek omen dituzte giza eskubideak iparrorratz.

Baina zer egin dute alderdi politikoek giza eskubide funtsezkotzat jotzen den gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarekin? Zein izan da alderdien jokabidea alardeari dagokionez?

PNVk, PSOEk, EAk eta PPk giza eskubideen aurka egin dute eta beste zerbaiten alde: beste hori esan liteke demokrazia dela, uste oneko interpretazioa; edo bestela boterea, interpretazio mesfidatiagoa. Gainera, ez botere erabakigarri bat, baizik zinegotzi goibel batzuk, gehienez ere alkatetza bat.

Alegia, giza eskubideak jendaurrean aldeztu bai, baina demokrazia edo botere pittin bat arriskuan sumatu orduko zokoratu behar dira.

Irunen, PNVk, PSOEk, EAk eta PPk garbi egin dute emakumea baztertzearen alde. PPren kasuan ez da harritzekoa, inoiz ez baitu ezkutatu giza eskubideak bospasei zaizkiola. PNVk alkategai izendatu eta alderdi barruan izugarri goititu du emakumea baztertzearen alde egitea beste meriturik ez duen irundar bat. PSOEk berdintasunaren alde zebilen bakarretakoa, Roman Rico, akabatu egin zuen politikarako. EAk Maribel Castello berrizale aitzindaria udaletxetik kanporatu eta betiko nabarmen bat jarri zuen alkategai.

Eta nori berea, alderdi guztiek ez baitute berdin jokatu: berdintasunaren alde benetan eta ausardiaz egin duten bakarrak Ezker Batua eta Batasuna izan dira. Prest egon dira giza eskubideak babesteko, jakinik ondorioz boto galera handia izango zutela. Ezker Batuak zeuzkan hiru zinegotziak galdu zituen 1999ko udal hauteskundeetan, eta Joxan Elosegik adore paregabez gidaturiko Batasunak ere botoak galdu zituen.

PNVk, EAk eta PSOEk giza eskubideetan benetan sinetsiko balute, prest leudeke botere pittin bat sakrifikatzeko. Aldiz, nabarmen jarri dute boterea giza eskubideen gainetik. Alderdi horietako buruzagien jokaerak zeharo desakreditatzen du giza eskubideen eta berdintasunaren aldeko Ibarretxeren, Erraztiren, Zapateroren eta Fernandez de la Vegaren ohiko mintzamoldea.

Bestelako gatazkak gertatu izan direnean, alderdiotako zuzendaritzek ez dute zalantzarik batere izan udal hauteskundeetako zerrendetatik, are alderditik, alderdiaren printzipioekin bat ez datozen militanteak egozteko, edo udal taldeak desegin eta berritzeko. Baina Irunen nagusi diren alderdi politikoen zuzendaritzei giza eskubideak axola zaizkie Madrilgo Windsor hotelaren erretzeak adina: izugarri.

etiketak: irun
asel
asel dio:
2006/07/25 14:27

Hitzak noiz eta zertarako erabiltzen diren ikustea baino ez dago. Non geratu zen demokrazia batzuentzako Hamasek irabazi zuenean Palestinan! Gure sistema "demokratiko" honetan pisu handiegia du alderdi disziplinak, azkenean alderdiak eurak dira helburu bakar, eta ez herria hobetzeko tresnak. Horretan inor ez salbu. Ez diot politikari jarraipen zehatzik egiten, baina zelan dago, esaterako, eskola liburuen kontua? Eusko Legebiltzarrean nork babesten du familien poltsikoa eta, bide batez, asmoa zuzenean hori izan ez arren, gizarte ez hain kontsumista, esaterako, eta nork industriaren interes kapitalista hutsak? Herri honetan jarrera ulertezin asko ikusten da gutxien espero duzunagandik! Horregatik onena, praktikak erakutsi didana, behintzat, inortxogandik ere gauza handirik espero ez izatea... ;-)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.