Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Alardea formoletan

Alardea formoletan

mzap 2006/06/28 13:50

Bereizi beharra dago alde batetik erantzun espontaneoa, sentipenei eta hautemateari dagokiona neurri handi batean eta bestetik sentsazio horren itzulpen ideologiko-morala. Itxura, ohitura edo arraza desberdinen aurreko beldurra edo nazka ez da arrazakeria edo xenofobia; aldiz, oso naturala da.

Arrazakeria, beldur eta nazka hori ideologia bilakarazi eta zu ez bezalakoak oro har beldurgarriak eta nazkagarriak direla aldarrikatzea da, edota, zehazkiago, jendea arrazaren arabera sailkatzea eta balioestea.

Alardea berritu nahi ez izatea ulergarria da, normala da bizitza osoan modu batean ikusi duzun zerbaitek, sentsazio eta sentimendu atseginei lotua, bere horretan jarrai dezan nahi izatea. Orain dela lau bat urte luzaro atzerrian egon ondoren irundar bat bere Larrendira itzuli eta haurtzaroko belardiak eta iturriak beharrean oraingo etxetzar piloa ikusi zuelarik negarrez hasi zen.

Alardearekin berdin. Txikitatik ezagutu duzun alardeari lotzen dizkiozu emoziorik eta sentimendurik politenak eta halako batean aldatu behar dizutela entzun eta iruditzen zaizu sentimendu haiek ezin dituela piztu alarde jakin horrek baino eta beraz betirako galduko dituzula.

Baina emozio horiek ez ditu ezinbestean eragiten kanpoko jainko, aberri, garaipen, arte obra edo alarde mota jakin eta zehatz batek. Lotura hori ezinbestekotzat jotzeak itxikeria ideologikoa dakar, platonismorik arriskutsuena, uste duena gaur egungo alardea beti izan dela horrelakoa eta beti behar dugula aurrerantzean ere horrelaxe atxiki, bestela alarde izateari utziko diolakoan. Nietzsche eta Deleuze ez zebiltzan lore jolas filosofikoetan platonismoa alderantzikatzea proposatu zutelarik. Eginkizun dugu oraino xede zail bezain artez hori, Foucault, Azurmendi, Onfray eta abarren ahalegina gorabehera.

Alardea bizirik dago eta bizirik dagoen guztia bezala etengabe ari da aldatzen, sortu zenez geroztik aritu da aldatzen eta garaian garaikoari egokitzen, Xabier Kerexetak, Gorka Morenok eta Mertxe Trantxek besteak beste erakutsi bezala (“Bidasoako alardeak: Herria versus Hiria”, UEU).

Joan den mendeko lehenbiziko hamarraldian futbolak zatitu zuen Irun. Sporting Klub eta Racing Klub elkarren etsai porrokatu ziren. Alardean Sporting konpainia sortu zen. Eta bertako kantinerak, ohiko upeltxoa beharrean, baloi bat eraman zuen. Hatxeroen zapi zuririk ez zen lehen, baina San Martzial batean hatxero batek bazkal ondoren serbileta lepoko zapi gisa jarri, besteei gustatu eta horrela atera ziren. Hurrengo urtean berdin. Azkenik ordenantzetan sartu zuten. Pedrós jeneral ospetsuak xanpaina edan zuen naziekin, berak gonbidatuta. Buenos Amigos konpainia berri samara da, Elizaren ingurukoek sortua. 76an poliziak soldadu batzuk atxilotu eta musikarik gabe egin zen desfilea. Beltza dut koinatua, alardean ibilia, eta lehen ez zebilen beltzik.

Bizirik dagoena sendotu egiten du ingurukoa eta berrikuntzak integratzeko ahalmenak. Hizkuntzari bezala alardeari eta edozein bestari, mesede eskasa egiten dio formoletan babestu nahi izan dezaten, betiereko ideia platoniko bilakarazteko asmoz.

Eta orain emakume batzuek soldadu irten nahi dute, edo txilibituarekin. Ba alardea emakumeei zabaltzeak indartu eta edertu egingo luke.

Ordea, itsusia bezain tristea ematen du elkarrizketa honek: “Alardean atera nahi dut.” “Ez, ezin duzu.” “Zergatik?” “Emakumea zarelako”.

etiketak: irun
Gerrillari
Gerrillari dio:
2006/07/15 19:54

Pete historiarekin pixka bat jarraituz, 1552koa ekainaren 30ean izan zen eta 1813ko bataila aldiz abuztuaren 31an. Asuntoa da 1522ko gudaren ostean Aldabe mendira (egun San Martzial mendia) prozesioa egitea erabaki zutela Irundarrek, galtzen joan zen ohitura baina 1813ko batailaren ostean berriz indartu zen. Hortaz, ez zuten inolako arazorik izan bi egun "historiko" ezberdin bakar batean batzeko ez hasierako haien ez eta 1881koek ez gaurko "betikoek".

Pete nahigabe agian baina hain zuzen arazoaren guneetako batean jo duzu zuzen-zuzen. Inork gutxik daki Irunen bi gudek egun ezberdinetan gertatu zirela eta ez dela inoiz inolako arazorik izan, ez lehen ez gaur. Eta hori bakarrik adibide bat da, alegia, Irundar askok ez dakite Alardearen historia ezta oinarrizko datu xume batzuk ere. Haiek ikusi dutena "betidanik" izan da horrela eta, hortaz, horrela mantendu behar da. Markos Zapianek flash historiko batzuk ematen ditu bere idatzian, non Alardearen garapenaren berri ematen den (zazpigarren paragrafoan).

"Betikoek" dira ohitura defendatzen dutenak, beraz haiek jakin beharko lukete historia sakontasunean. Gu festa aldarrikatzen dugu, historiaz haratago folklorizatu den gertaera, jai giroa eta alaitasuna. Hortaz, gertaeraren oinarriak garrantziaz haratago, egun jaietan ondo pasatzea da garrantzitsuena (Irunen, Donostian, Bilbon, Tolosan...). Bitxia bada ere, ni, berdintasunaren eta jaiaren defendatzaileetako batek, Alardearen historiaz gehiago dakit "tradizioaren" aldeko diren askok baino.

Gerrillari
Gerrillari dio:
2006/07/07 19:56

Pete, Irundar gutxi batzuk badakigu 1522an tamalez Nafarroako tropen kontra egin genuela. 1813, aldiz, Frantziako Napoleonen tropen kontra egin genuen, hau diot zeren bigarren gudu hori da berez Irungo Alardearen "benetako" jatorria (lehenengo Alarde "modernoa" 1881an ospatu zen eta hark eragin gehiago zuen janzkeran, armetan... 1522koan baino). Horrek eraman du irundar asko uste izatera Frantziaren kontrako garaipena izan zirela bi gudak.

Baina garai haiek pasa dira, gauzak aldatu egin dira eta egun jai bat baino ez da Irungo Alardea (folklorea). Jai horretan parekidetasunean ospatzerik ahal ez izana da gaur egungo borrokaren ardatza, txorakeria izango da bai, baina txorakeria hori aldatu beharra dago eta berdintasuna lortu. Jai moduan ulertzen baitugu Alardea, San Ferminak Iruñean, Danborrada Donostian, Alardea Tolosan... ulertzen den modu berean (nik behintzat, irundarra izanik, horrela ulertzen dut Alardea).

pete
pete dio:
2006/07/12 19:04

Gerrillari, alardeko jazkera,armak... 1813ko guduan oinarritzen dela suposatzen nuen. Baina alardea ospatzen den eguna ez al da 1522ko guduaren egun berean ospatzen? Uste nuen hala zela, baina agian oker nago, 1813koa ez dakit ze egunetan gertatu zen.

Bestalde nik esan nahi nuena da ongi dagoela festa egitea, baina jakinda zergatik ospatzen den. Are gehiago horrenbesteko garrantzia ematen zaion festa batean.

Festa edo ohitura bat txorakeria dela irudituko balitzait enintzateke beragatik interesatuko. Baina beragatik muturjoka hasteko bezainbeste interesatzen bazait ohitura edo festa hori, ba gutxienez interesatua egongo naiz nundik datorren festa hori, zer den ospatzen dena eta zergatik.

Bestalde emakumeen parteartzearena lehenago ala beranduago lortuko da, ez bait dauka inolako zentzurik horregatik borrokan aritzeak eta pixkanaka mentalitatea aldatuko delako.

Gerrillari
Gerrillari dio:
2006/07/02 02:22

"Gu gara etorkizuneko Alardea", esaldi horrekin gelditzen naiz gaur egunkariei errepasoa egitean. Gu gara etorkizuneko Alardea gu garelako garai berrietara moldatu eta emakumea berdintasunean ikusten dugunok.

Beraz, 15 urte barru espero dut gaurko neskatxo horri inolako arazorik gabe Alardean parte hartzea uztea. Biharko nerabeak etorkizuna dira eta etorkizuneko Alardea gu.

Gerrillari
Gerrillari dio:
2006/06/28 19:20

Aupa Markos:

Zurekin bat nator, baina aldarrikatu beharra dut askok dugula Alardearen inguruan sentimendua (betikoek sentimendua beraiena soilik esaten badute ere).

Neri ere lehenengo momentuan harritu ninduen 1996an gertatu zena (San Juan plazan nengoela gogoratzen dut eta jendearen orroek harritu ninduten batez ere, ez hainbeste 50 emakumek 8.000 gizonen artean desfilatu nahi izatea), ulergaitza egin zaidana azken hamar urteotan Alarde ustez "betikoa" defendatzeko erabiltzen dituzten argumentuak dira, izan ere, argumentu horiek logika erabilita ezabatzen baitira (historia dela, politika dela, gehiengo-gutxiengo...).

Bestalde, jaso dudan hezkuntza (etxean zein ikastolan) berdintasunaren oinarrian jaso dut (ikastolan denok elkarrekin, etxean errespetua...) hezkuntza horrek eta Alardearen historiaren inguruko liburu baten irakurketak (1522-1813 Batallas de San Marcial. Titulua zuela uste dut, 1994an argitaratua ez banago oker) bultzatu ninduten Berdintasunezko Alardea defendatzera.

Orain buruari bueltaka, behin entzun nuen garai berrietara moldatzen ez dena hiltzera kondenaturik dagoela. Alardea arrisku hori bera du formoletan gordetzen bada.

Pete
Pete dio:
2006/07/07 12:51

Lotsagarria iruditzen zait alardearen kontu guzti hau. Hor dabiltza mutur-joka emakumeen parte hartzea dela eta, badirudi garrantzitsuena hori dela, emakumeen parteartzea, berdintasuna.... eta beste horrenbeste txorakeri. Alardean benetan inportantea dena alardea bera da, hau da, alardeak errepresentatzen duena. Eta zer errepresentatzen du ba? Nafarroako erregeen porrota beren erresuma berreskuratzeko saioan, eta Gaztelaren garaipena gipuzkoarrek(eta Irundar prestuek) lagunduta.

Alardearena adibide argia da gure historia nola izan den manipulatua ikusteko. Bertsio ofizialaren arabera españolak dira, noski frantsesen aurka garaipena lortu zutenak. Zein ziren ba frantsesak? Bada nafarrak, zuberotarrak biarnotarrak eta zenbait alemaniar(azken hauek hemen zer egiten duten ez badakit ere, mertzenarioak edo...)

Egia esan etzait gaizki iruditzen gertaera haiek gogoratzea, baina ez festa bezala. Ez direla garaipena ospatzen ari, derrota baizik! Hortik aurrera, emakumeen parteartzearena beste kontu bat da eta enaiz horretan sartuko.

Ba, esandakoa, elkarri mutur joka dabiltza txorakeriengatik, alardearen benetako esanahia ulertu gabe. Gutxienez hori da pentsatu nahi dudana, ez dutela ulertzen, okerragorik ez suposatzeko. Negargarria.

Emakumea banitz ere erabat lotsatuko nintzake alardeagatik.

A, eta azken galdera bat alarde tradizionalaren aldekoentzat: uste duzue 1522ko jazkerak eta oraingo alardean erabiltzen direnak berdinak direla?

Alberto
Alberto dio:
2006/07/03 21:36

Eta ze ondo, dio jendeak. Ez da istilurik izan. Jai giroan, aurtengo sanmartzialak, diote, inoiz baino gehiago. Errespetua elkarri, nonbait. Baina betiko alardekoek San Juan inguruko tabernak erosi zituzten, eta pintxoak oparitu zituzten dohain, Zabaltza plazan, jendea hara joan zedin emakumeak soldatu jantzita ateratzen zirenerako, espaloietan inor ez egoteko. Eta San Juan inguruko taberna gehienek ateak itxi zituzten. Beste isiltasun harresi handia, Irunen bertan. Eta ze ondo, ikusezin. Etorkizuna? Beltza

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.