Karmeleren senarra
Ohiko jolasak eguneroko kezketatik aparte daude hein batean: txorromorro, ziba, partxisa, kanikak, kartak. Esparru autonomoak dira, fikzioak, oporraldiak, egunerokotasunetik atseden hartzen laguntzen digutenak.
(Egia da xakea sarritan igarotzen dela dibertsiotik tragediara, baina kontuan hartu behar da kirol olinpikoa dela, ez dela jolas hutsa, eta literaturako xakeak erakusten duela gehiago tragedia, Zweig-en "Xake nobela"k edota Nabokov-en "La défense Loujin"ek esaterako, ohiko xakeak baino.)
Edonola ere, trabesak eta jokozalekeriak ia berez egiten dute beren esparrutik gainezka eta ondorioak eguneroko bizitzan sartzen zaizkizu uholdea legez, era katastrofikoan.
Alde batetik, zenbait apustuzalek ez du egonarririk izaten helarazi zaigun lanaren etikari eusteko. Gurean zintzotasunaren adierazpentzat hartzen da ordutegia txintxo bete eta dirua apalki eta zuhurtzia handiz erabiltzea. Ostera zenbait jokalarik kontrako joera izaten du, aldarrikatuko balu bezala “ez naiz txingurri bat, ez dut pazientziarik, nahiago espetxean, nahiago hil, bizimodu gogaikarri hori baino. Dena ala ezer ez.”
Bestetik, jokatzeko irrika kristauek "bekatu" eta modernoek "adikzio" edo "heriotza-sen" deritzotenaren adierazpen bat da. Hots, bada zerbait kaltegarri zaizuna, nabarmen. Ingurukoek gaztigatzen dizute, zure arrazoia ere garbi ohartzen da. Hala ere, ezin duzu eragotzi, bazoaz putzuan amiltzen hondamendirik mingarrienerantz, gero eta bizkorrago, leran bezala mendi elurtuan beheiti. Eta joran gaizto hori behin eta berriro errepikatzen da zure bizitzan.
Baina hori bekatu eta adikzio ia gehienetan gertatzen da.
Zertan da ordea jokalariaren berezitasuna?
Badut lagun bat, Karmele deituko diogu. Apustuzale irten zaio senarra. Bikote bizitzan oso garrantzitsua da bestearen zikloak ezagutzea. Frontoira baino lehen, senarrak beti “gaur posturarik ez, laztana, euskaldunaren berba, zin dagizut.” Eta gero frontoitik dirurik gabe baina batez ere errudun sentituz etxeratzen zaio maiz. Bere burua umiliatu egiten du Karmeleren aurrean, emaztearen errieta eta zigorra bilatzen du. Karmelek aldarri eta zigorra, gupida barik. Eta senarra, behin zigorra beteta, lasai eta frexko gelditzen omen da, belardia bezala ekaitza eta gero, lanari ganoraz ekin eta dirua berreskuratzeko inoiz baino gogotsuago.
Dirudienez, zenbait jendek zigorra behar izaten du, kanpotik ezarria, gizarteak zein emazteak; kanpoko zigorrik ezean, bere burua zigortzeko joera bortitza baitu. Lagun askok atseden hartzen du zigortua izatea erdiesten duelarik.
Karmelerentzat bere senarra gaixorik dago, pikaro ludopata deskontrolatua da, baina atzemana dio erritmoa eta tira, aitzina doa bikote bizitza.
Edonola ere, Karmeleren ustez bere senarraren kasuan sakonagoa da hustuta, erreka joa eta zigortua sentitzeko beharra, dirua irabaztekoa baino.
Kaixo markos; ez dakit nitaz gogoratuko zaren, Asier Goikoetxea nahiz eta pasaden urtean testu bat bidali nizun. Esan didate nire selektibitateko azterketa zuzentzea zuri egokitu zaizula eta zera esan nahi nizuke: badakit kaligrafia eskasa dudala eta gustatuko litzaidake horrek zure zuzenketa ez baldintzatzea; gomendatzen dizut pazientziaz eta lasai irakurtzea idatzitako guztia. gainera uste dut horrela egin ezkero, Marx-i buruzko iruzkin kritiko nahiko interesgarri batez gozatzeko aukera izango duzula. mesedez ez ulertu mezu hau era ezegoki batetan. nire asmoa ez da zuri pelota pasatzea baizik eta nire azterketa ongi eta zuzentasunez epaitzeko dudan nahia erakustea.