Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Lasterketatik desertatu

Lasterketatik desertatu

mzap 2006/06/01 10:16

Gurean larregi luzatu da “garaitu” eredua, nagusitu, nork bere burua gainditu, igo, munduko gailurrik altuenak azpiratu, ilargia zapaldu, Amerika eta espazioa konkistatu, gero eta gehiago, gola sartu eredua; zeharo dopaturiko atleten, mendigoizaleen eta astronauten eredua. Energia nuklearra ere, atomoaren “konkista”ren ondorio ei da. Naturaren aurrean, “erabili” eredua nagusitu zaigu. Behin menperatuta, natura gizakion alde baliatu eta ustiatu. Eta horrek ondorioak dakartza, onerako zein txarrerako.

Mendebaldean naturaren aurrean jarrera pasiboago bat gailendu izan balitz hasieratik, zuhaitza ez eraitsi etekina lehenbailehen sakelaratzeko, baizik zuhaitzak mistikaz adierazi nahi ligukeenari jaramon egin sustraituago bizitze aldera, ezin jakin, natura garbiago legoke ziur aski, baina gu agian oraindik txotxoloago.

Nolanahi ere, Asel Luzarraga eleberrigile bermeotarrak, “Karonte”ren eta “Hamaika ispilu ganbil”en egileak, berriki adierazi du lanuzteren bat eta manifaren bat egin beharko genukeela gure soldaten jaistea eskatzeko. Bistan da etengabe hazi, hanpatu eta konkistatu behar hori eta aldamenekoarekin lehiatu behar hori ez direla nortasun eta bizimodu zoriontsu baten ez adierazpen ez lagungarri. Badugu bai apur bat baretzeko ordua.

Zurrunbiloan sartuta kredituak ordaindu eta putzutik atera beste kezkarik ez duzu. Baina jarrera kontenplalari batek garbi erakusten du gelditu beharra. Eta, Asel Luzarragak aldarrikaturikoaren ildotik, munduaren oraingo egoerari erreparatuz gero, energia kontsumoaren etengabeko puzteak artifiziala ez ezik eroa eta arriskutsua dirudi.

Alderdiren batek funtzionarioon soldatak murriztea proposatuko balu programan, eta aldi berean astean hiru egunez autoa debekatzea, botoa emango nioke, nahiz PP bera izan. Eta gainera sendagileen, haginlarien eta abokatuen zergak zorrozki kontrolatuko balitu alderdiaren karneta eskatuko nuke, alabentzat.

etiketak: kalakakoak
markos zapiain
markos zapiain dio:
2006/06/09 21:38

milesker, Asel, gaur Budarenean bazkaldu dugu hain zuzen;

mitinak emateko zu egokiagoa, nire ustez: gaztea, abeslaria, jendetzaren maitasuna jasotzera ohitua...

ni berriz porru eginda gelditzen naiz Kalaka eta gero, zirkuitulaburra garunetan;

lehengoan esaterako Fermin Etxegoienen aurrean egokitu eta ezin fundamentuzko ezer esaten asmatu hainbeste aldiz eta hain sakonki hunkitu nauen esatari eta idazleari; egia da Etxegoienen presentzia inponentea dela, bere ibilera aldi berean sendoa eta arina bezala... aitzakia merkeak!

bestalde, ikurrina... orain dela zapatu biko Serio Demonion Toñi Buru Batzarrekoek nire izena filtratu zuten, eta beraz egia osoa aitortzera auskartuko natzaizu: bakearen aldeko mahai politikoan Txikiteroa duzu Toñi Foroaren ordezkari, eta ni Txikiteroaren ordezko

Kalakak aurrera egin ahala pentsatu nuen ez ote nintzen independentistegi agertzen ari; nire balizko solaskideak bakearen aldeko mahaian markatuegitzat ez ote ninduten joko

eta otu zitzaidan konstituzionalistekin berradiskidetzeko modu egokia izan zitekeela bandera espainolaren laudorioa egitea eta ikurrina bere tokian jartzea

ez dakit asmatu nuen, bake mahaian ikusi behar, baina egia da "piperpoto" ezizen iraingarria asmatzeagatik autokritika egin eta barkamena eskatu beharko dugula behin askatasuna erdietsi ondoren; hobeto, Ajuriaenean, edo Lehendakaritza jarriko duten tokian, Iruñan ziur aski, ikurrina beharrean piperpotoa eskegi eta euskal eta nafar bandera nazionaltzat onartu

asel
asel dio:
2006/06/08 12:45

Eta alderdi batek hori proposatu zain geratu ordez, zergatik ez dugu zuk eta biok alderdi hori sortzen? Anarkista naizen aldetik, gainera, bost axola botoak lortzea zein ez, baina kriston ondo pasatuko genuke "mitin"en bat antolatuz!! (Bermeon bizi arren oraindik bermeotarra -bilbo-mundakarra, agian...- ez den idazleak egindako proposamen serioa ;)). Eutsi zure estiloari, atzoko Kalakan momentu itzelak, gorri-hori konbinaketaren gorespena tarteko, kar kar kar!!

asel
asel dio:
2006/06/10 00:08

Joder, ea noiz hartzen dugun kafea, garagardoa, kalimotxoa... edo zeozer, hain gertu bizi eta elkar ikusi ez! zure mezuarekin egin ditudan barreen erdiak egiten baditut ez diot onura txikia ekarriko nire osasunari! Arazoa ez dakit independentistegi agertzea den ala independienteegi, gutxiago barkatzen dena, batez ere bake eta negoziazio mahaietan... Ez egin etxetik kanpo otordu gehiegi, begira Budari zelako sabela geratu zaion! Etxean jaten zuen bitartean thailandiar estilokoa zen, fina, argala, ia femeninoa (gaurko athleticeko jokalarien kastakoa), baina gero hortik ateratzen hasi zen, jatetxeetara joaten, eta txinatar Buda, egungo ezagunena, bihurtu zen. Hori bai, irribarre zoriontsu neurrigabeari erreparatuz gero, agian merezi du! Eskerrik asko laudorioengatik, baina punk kontzertuetan jendetzaren maitasuna karkaxa moduan jasotzen dela kontuan hartuta, eztabaidatu beharko dugu zer komeni zaigun. Karkaxei botoen balioa ematen bazaie, tira, neuk emango dut mitina, baina bestela... (badaezpada aterkina ekarri). ea noiz asmatzen dugun banderarik behar ez duen nazioa! bitartean, piperpotoa ontzat emango nuke. batez ere pikillo bada barruan daroana...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.