Irmari txertoa
Pazienteek kontaturiko ametsen inguruan informazio aski jaso ezinik, Freudek bere ametsak analizatzea erabaki zuen. Eta bada amets nagusi bat, Freudek analizaturiko lehenbizikoa, 1895eko uztailaren 22tik 23rako gauaren biharamunean; Napoleonen biografietan Austerlitzeko bataila nola, halaxe azpimarratzen dute Freudi buruzko liburuetan “Irmari txertoa” ametsa.
Irma Freuden sendiari loturiko neska gazte bat da. Irma sendatzeko tratamendua kilin-kolan doa, kezkaturik dabil Freud. Oporrak heldu dira eta Freudek bisita bat hartu du, Otto lagun eta lankidearena, Irma ikusi berria duena. Freuden galderei berriekin erantzungo die: “Irma ez dabil guztiz ongi.” Freud zapuztu da. Hainbeste, arratsalde horretan bertan M. Doktoreari, Freuden taldeko kide nagusiari, Irmari buruzko ohar bat idatziko baitio. Gauez, amets hauxe egingo du Freudek, horrelaxe kontatuko du berak:
“Harrera gela handi bat, gonbidatu asko, gu gara gonbidatzaileak. Gonbidatuen artean, Irma, berehala aparte eramango dudana, leporatzearren, bere gutunari erantzunez, nire ‘soluzioa’ oraindik onartu ez izana. Diotsot: ‘Oraindik oinazeak badituzu, zeure erruz da benetan.’ Irmaren erantzuna: ‘bazeneki zelako mina dudan eztarrian, urdailean, sabelean, estutu eta ito egiten nau.’ Izutu naiz, begiratu diot. Zurbil eta puztuta ageri zait; nire buruari diotsot: ez ote diot sintoma organikoren bati ihes egiten utzi? Leiho ingurura daramat eta eztarria aztertzen diot. Nolabaiteko erresistentzia adierazten du, hortzordea duten emakumeengan ohikoa. Nire buruari diotsot: hala ere, ez du hortzorderik behar. Orduan Irmak ahoa zabal ireki eta eskuinean orbain zuri handi bat ikusten diot. Bestalde, formazio izugarriak ikusten ditut, inguratuak, sudur hegalen itxura dutenak, eta beraien gainean zarakar handi grisaxkak. Berehala deitu diot M. Doktoreari. Irma bere aldetik aztertu eta nik esanikoa egiaztatuko du. M. Doktorea ez dago beti bezala, oso dago zurbil, herren egiten du, ez du bizarrik... Otto adiskidea ere bertan da, Irmaren alboan, eta Leopold nire lagunak gerruntzearen azpian kolpekatuko dio: ‘gune mate bat du, ezkerreko oinarrian’ eta azaleko eremu infiltratu bat ere seinalatzen du, ezkerreko sorbaldan (hori nik ere egiaztatuko dut, jantziak gorabehera). M.k dio: ‘ez da zalantzarik, infekzio bat da, baina hori ez da kezkagarria; disenteriaz gaixotuko da eta pozoia eliminatuko du.’ Era berean, jakin dugu, zuzenki, nondik datorren infekzioa. Ottok, berriki, Irma minez zegoen egun batean, txerto bat jarri dio, propileoz, propienez... azido propioniko trimetilaminaz eginiko preparazioz (zeinaren formula begi aurrean ikusten baitut, letra larriz inprimatua). Txerto horiek ez dira egiten errazak... Baliteke gainera xiringa ez izatea garbi.”
Freuden interpretazioa: Irmarekin porrot egin duela-eta zapuzturik, Freudek ametsetan eritasun mordo bat asmatuko dizkio, hagitz organikoak, hagitz esplikagarriak, Irma zigortzearren. Ametsak nabari duenez, ez da Freuden errua, baizik Irmarena. “Behin oso-osorik interpretatuta, amets oro ageri da desiraren baten mamitze legez.”
Hori bai, Freudek kontu asko ezkutatu zituen bere interpretazioan, eta gezur ugari bota, berariaz. Horregatik, gaur egun, Freuden testuekin batera ezinbestekoa da fundatzailearengana aurreiritzirik gabe eta egiaren bila hurbiltzen ahalegindu den idazleren batenak aintzat hartzea, esaterako Catherine Clément-en "Inkontzientearen iraultzak".