150 urte Freud jaio zela
Oinarri neurologikorik gabeko buru eritasunen sendabideen artean, Freuden psikoanalisia da gaur egun ezagunena herri aberatsetan. Aldiz, erlijioa benetan bizirik den herrietan eta txiroen artean ez da batere zabaldu. Roudinescok horrela planteatzen du: zenbat eta libreago emakumea, orduan eta indartsuago psikoanalisia.
Frantzian berriki egundoko zalaparta eragin duen txosten ofizial baten arabera, sendatzeko orduan psikoanalisia baino eragingarriagoak dira psikologia kognitiboa eta psikologia humanista, besteak beste. Zergatik eusten dio hala ere psikoanalisiak zabaltzeari? Behar bada Institutuetako ikasleentzat Freud pentsalaririk gogokoenetarikoa egiten duten zio biongatik: gainerakoak baino idazle hobea da, eta barregarriagoa.
Freudek abiaraziriko ildo bati, gertaera larriak metafora kotxanbroso bezain ausart eta liluragarrien bidez “azaltzea”ri, fidel atxiki zaio psikoanalisia.
Freudek idatzi zuen arratoien gizonak, Ernst Lanzer-ek, tortura txinatar baten berri ematean (presoari arratoiz beteriko ontzi bat lotzen zioten ipurdian, harik eta arratoiak, goseturik, uzkitik sartzen zitzaizkion arte) “ezezaguna eta imajinaezina zitzaion gozamen batengatiko izua” sentitu zuela.
Lacanentzat, “Las Meninas”en bihotz espirituala erdiko meninaren “zakil ausentea” litzateke.
André Greenen ustez, doluaren amaiera mokordo batek adierazten du, ametsetan egina. Alegia, bezero doludunak psikoanalistari “bart ametsetan mokordo harrigarri bat egin dut” aitortzeak, sendatzea adierazten omen du.
Millerrek dioenez, Dorre Bikiak eraitsi zituztenean AEBkoak ez beste guztiok poztu ginen ezinbestez, jendaurreko mintzamolde zuri zuzena gorabehera, jende ororen osagai sadikoaren kariaz, hein handi batean indartsuenaren aurka bideratzen baitugu.
JJ Lasak oroitarazten digunez, azkenik, besteren autoak gidatzeko guraririk edo jakinminik ez izateak monogamiarako joera adierazten du; eta gizon euskaldunaren ohiturak txokoan lagunartean mantala jantzirik pixkanaka emakume haurdunaren tamainako sabela biribiltzeko, berriz, zapalduriko homosexualtasuna.
Autoa gidatzen ez dakizuenok oasis frexkagarriak zerate gizarte gaixo honetan. Zarata eta ke artean, zuekin gogoratzen naiz ni, kotxe guztiak - nerea barne - mazoarekin txikitzeko gogoa etortzen zaidan aldi gero eta maizago hoietan.
Egia esan, gidatu ez, baina "pakete" gisa bai jungo zerate askotan, eta horrek beharbada esanahi sexual izkuturen bat izan lezake. Freudek izango zuen beharbada zeresanik zuei buruz.