Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Txorakeria galantak gaurko “Berria”n

Txorakeria galantak gaurko “Berria”n

mzap 2006/03/30 20:25

Hemeretzigarren orrialdean, zehazki. Asier Iturriagaetxebarriak izenpetu du artikulua, baina sindikatuek kazetaria manipulatu dute, gezurra hedatuz.

Unibertsitateko irakasleen grebaren berri dakar. Klasismo akademikorik higuingarriena nabari du.

Hitzez hitz: "egiten dugun lanari ematen dioten ordainsaria lotsagarria da, gu garelako hezkuntza sistemako goi mailako irakasleak." Alegia, Haurtzaindegia estolda eta Unibertsitatea hegazkina, eta bertako irakasleak Unibertsoaren kapitain pilotu.

Adierazpen hori gainera ertainetakoon soldatei buruzko gezur biribil zenbaiten ostean dator: "Institutuko irakasle doktore batek 37.600 euro jasotzen ditu urtean".

Institutu bateko irakasle doktorea naiz eta 30.000 baino gutxiago jasotzen dut. Espainiak azpikeriaz bahitu eta itxiriko Arnaldo, Petri eta Olanoren askatasunaren truke eskatzen duten zerga inperiala ordaindu ahal izateko urte mordo batez beharko genituzke ertainetako hamaika irakasleren soldatak pilatu.

Unibertsitateko irakasleek bezalaxe, guk ere kudeaketa eta ikerketa lana egin behar izaten dugu, eta gure ordutegia askoz ere gogorragoa da sindikatuen informazioan oinarrituriko “Berria”ren artikuluak aditzera ematen duena baino, askoz ere latzagoa inolaz ere Unibertsitateko edozein irakaslerena baino.

Harrigarriena, hala ere, ikustea da zelan larriak badira ere gure herriaren arazoak, sindikatuak elkartu ez direla elkartzen bake prozesuan laguntzeko, ezta txiroen alde egiteko ere, edota EHUren beraren arazo gogorrak konpontzeko –irakasleria propioa, eta abar-, baizik Unibertsitateko irakasleen soldata ertainekoenarekin berdintzeko.

Hori bai, behetik berdintzea eskatzen dute soilik, Unibertsitatean gutxien jasotzen duenarena bat etor dadin Institutuetan normal jasotzen duenarenarekin. Aldiz, klasismoa akuilu, ez dute eskatzen Unibertsitatean gehien kobratzen duenarenarekin pareka dadin ertainetan gehien kobratzen duenarena.

Ordea, ertainetako lana askoz ere gogorragoa da: ikasle asko behartuta doaz Institutura, Unibertsitatera ez bezala.

Eta, egia bada ere gure jendartean lanaren gogorra eta soldataren tamaina sarriegi alderantziz proportzionalak izaten direla, ez du antzua ematen harreman horren inguruko eztabaidak, Unibertsitateko zenbait irakaslek kontrakoa uste badute ere, aldarrikatzen baitute eztabaida horrek ez lukeela balioko langile gehienen eskakizunak ezereztatzeko baino.

Izan ere, hor dautza meatzariak, eta eraikuntzakoak, hainbeste hiltzen dira urtero aldamiotik jausita, eta arrisku hori diruz saritu beharko litzateke, al norte zetozen Guardia Civilena legetxe. Haatik, hori eskatzeko sindikatuak ez dira elkartzen, ez da estrategikoa.

Edozein gisaz, gure lana Unibertsitatekoena baino gogorragoa den arren, guk ere soldaten berdintzea exijitzen dugu, kontseilari jauna, baina erabat, behetik bezala goitik, eta jakina, lan baldintzen eta ordutegien berdintzea ere exijitzen dugu.

Duguna gutxietsi eta ez dugunaren mina sentitzeko joera arrunta ei da, eta nik egia erran bekaizkeria diet Unibertsitateko irakasleen ordutegiei eta oro har ikasleek Unibertsitatean izaten duten jarrerari, borondatez baitoaz eta maite dutena ikastera gainera, edo interesatzen zaiena.

Hala ere, egia oso-osoa aitortzeko: polita da Batxilergoan Filosofia irakastea etorkizunean Fisioterapeuta, Idazle, Arotz, Abokatu, Langabetu, Sendagile, Kazetari, Psikologo izango direnei, ugaritasun hori lasaigarria da.

Unibertsitatean sartzeko ahaleginei uko egiteko muntazko kezka: Filosofia ikastea aukeratu dutenengandik ezin dudala itxaron ezinegon ilun bat baizik, nire antz handiegia izan baitezakete.

etiketak: bermeo
patxi gaztelumendi
patxi gaztelumendi dio:
2006/04/07 20:56

Ni, instituto batean nago. Ikasle. A ereduan ari naiz, modulo bat egiten.

Unibertsitatean aspaldi egon nintzen, liburu gabeko euskal adarrean.

Batean eta bestean ikusten dudana, eta lehenagotik gogoratzen dudana, antzeko parezido.

Irakaskuntza versus jetalaritza... erakusteko gogo gutxi daukan funtzionari eta funtzionarigai larregi ikusten da bazterrotan.

Nik, Metaleko komenioa aplikatuko nuke, eta irakasle onak bakarrik geratuko lirateke ofizioan... peoigintzan inoizko gehien ordainduko nuke, eraikuntza nazionala ondo doa eta. Etxeak eta txaletak egin eta egin...

Irakaskuntza txarto dago. oso txarto.

Eta Markos, al duzunean igorridazu zure tesi hori etxera. Apalean ondo egingo du. Ezta?

markos zapiain
markos zapiain dio:
2006/04/06 13:47

EHU-UPVn diru arazoak dauzkatela egia da, baina gastatzeko orduan sarritan lehentasunak ez dira oso arrazoizkoak

iaz doktore tesia egin nuen eta pentsatu nuen agian EHUk euskaratik ingeleserako itzulpena ordainduko zidala, Kojeveri buruzko interesa munduan, Fukuyama eta enparauen bitartez, ingelesez gauzatzen baita

hori da hori inozoa eta kokoloa izatea

tesia testu hutsa da, argitaratzeko beraz arrunt merkea

liburu moduan argitaratu nahi nuen, zenbaiti oparitzeko

horretarako, zure departamentuak argitalpenaren ehuneko txiki bat jartzeko prest dagoela adierazi behar du, eta gainerakoa EHUren kontura

deitu dut Filosofiako departamentura eta idazkariak, Galparsoro jaunak, hitzez hitz: "imposible, no tenemos ni para fotocopias"

baina aldi berean, eta hauxe da auziaren iltzea, EHU-UPVko gonbitea jaso nuen, doktore berriak ekitaldi solemne batean izendatzeko, soineko eta txano xelebre horiek eskainiz

alegia, prest daude dirua halako sarao kanpoeder kutre batean gastatzeko, maionesa berdedun kanape izugarri horiekin, eta tesiak argitaratzeko berriz ez

neronek ordainduta atera dut azkenik Erroteta argitaletxean

tesia egia esan txapatzar itzela da, inork ez luke erosiko, nik oparituta ere egundoko estutasuna eragiten diet hartzaileei, baina Kojeveren ibilbideari eta zenbait kontzepturi buruzko ikuspuntu berri bat interesgarri izan lekioke argiturriren bati

urbinaga
urbinaga dio:
2006/04/03 08:24

Arrazoia duzu, gainera ez diete kenduko greba egiteagatik dirusaria ez baitute bitartekorik hori kontrolatzeko.Dena den Unibertsitatearen funtzezko sentsua eztabaidatzeko baliagarria bada hobe.

markel
markel dio:
2006/04/01 02:15

Gaur zure aurka jarri beharko dut markox. Ez, jaja egia esan gutxiago kobratzen dute EHUn eta gainera opor gutxiago dute. Hori gutxi balitz unibertsitatea gainera erortzeko arriskua dute, ez dakizu nola dauden fakultateak, lotsagarri!. Beharbada horretan gastatu beharko lukete dirua.

Beste barik, neu

Ugutz
Ugutz dio:
2006/04/06 00:05

Nik nagusitan EHUko irakasle izan nahi dut!

Kazetari edo langabetu izango den zure ikasle ohi bat.

xa2
xa2 dio:
2006/04/03 13:01

Nire ikasle garaiak gogoratzen ditut... Fisikako ikasketak UPV-n... Klasera gutxi joaten dan horietakoa nintzen, lehenengo urteetan batipat... Baina irakasle(???) askoren jokaera ikusita.... Alperrik zegoen fitxatzeko makinia, inork ez baitzuen erabiltzen. Eta euren lan orduak bete ( tutoretzak kasu askotan, klase orduak kasu gutxitan) .... inoiz... Eta irakasle onak zeuden bezala, oso txarrak zirenak ere (onak zirenak ez zuten saririk jasotzen, txarrak zirenekin ez zan konponbiderik bideratzen). Ikasleei maila danetan eskubideak eta betebeharrak batera datozela esaten diet askotan, eta egiten dugunaren erantzukizuna norberana besterik ez dala. Zaila da egungo gizartean horrelako eredurik topatzea, zailagoa oraindik eredu izatea, baina irakasleok eredu gara, eta ezin diogu geure erantzukizunari uko egin. Bukatzeko, bere lana betetzen ez duen langileak(??) denoi kalte egiten digulaz jabetu behar gara, berak egiten ez duena norbaitek egin behar dabelako (normalian ondoan dakon langileak, are gehiago behin-behiniko kontratua dakonian).

asel
asel dio:
2006/05/02 22:28

Konturatu zarete ezkertiar zein eskuidar, denok beti eskatzen duguna soldata igoera dela? Noizko kontrako eskaera? Kontrako argudiaketa? Gure gizarte puta honetan gehiegi irabazten dugu, hori dela eta gehiegi kontsumitzen dugu, eta horren guztiaren emaitza mundua dagoen bezala egotea da. Kontrako prozesuari ekiteko garaia noizbait iritsiko da mundua erremediorik gabe izorratuo ez badugu, geuk erabakita zein ekonomiarenkolapsoak behartuta: soldata berdintsuak bai, baina denok gutxiago irabazi, gutxiago kontsumitu, bizitzeko benetan zer behar den, zer fabrikatu behar den, zertan aurreratu behar den erabaki, energia gutxiago xahutu eta gainera, gobernuek bultzatu behar dela esaten digutenaren kontra, jaiotze tasa drastikoki murriztu, oraindik ez dakidalako ze onura dakarkion mundu gainpopulatu honi gizarte aurreratuetan populazioa haztea. Ez da logikoagoa dagoen populazioa geografikoki orekatzea? Bada garaia pankartak egin eta kalera zera aldarrikatzera irteteko: langile eta enpresario guztiok gutxiago irabazi nahi dugu!! Soldata murrizketak guztiontzako!!

markos zapiain
markos zapiain dio:
2006/05/03 21:41

Asel, arrazoi osoa aitortzeaz gainera zorionak eman behar dizkizut filosofia irakasle naizen aldetik zure begirada zurrunbilotik libre kokatu ahal izan duzulako, behialako pentsalari haiek bezala.

Gu zurrunbiloan hondoraturik gaude, lotsagarriro: soldata eder bi dauzkagun arren, urtero izaten dugu auto istripu bat, isunak (azkena 400 euro, Legutianoko kontrol batean, abiaduragatik), alaben haginak eta begiak, gero gainera franko ematen diogu hirugarren munduari...

Izan ere, munduaren oraingo egoerari erreparatuz gero, herri txiroetako umeen gosea, eritasuna eta heriotza iruditzen zait jasangaitzena, izugarriena, nazkagarriena, lotsagarriena.

Eta nahi nuke lehendakari bat esango ligukeena EAEk txirolandiari %10a eman behar diola, ondo aztertu eta zehazturiko lekuetara bideratuko duela, eskola, lantegi, elikadura eta abarrez hornitzeko, eta horretarako funtzionarioon soldatak murriztu behar direla.

Uste dut hori askok eta askok onartuko genukeela goitik behera.

Eta medikuei, abokatuei eta dentistei diru sarrerak kontrolatuko balizkiete eta egiaren araberako zergak ordainarazi, are biribilago.

Jurgi
Jurgi dio:
2006/03/31 13:26

Neu irakasle, bai institutu batean, bai EHUn, heren bat dut leku bakoitzean. ez naiz dotorea baina diru gehiago Institutuan EHUn baino jasotzen dut, eta EHUn ordu gehiago izan behar naz.

Agian jornada osoa daukatenek gehiago irabazten dute (ez dut uste) baina ordezkoak garenok eta jornada murriztuta daukatenok EZ. (eta oso gutxi irabazten dugu EHUn)

ptx
ptx dio:
2006/04/12 21:44

aupa hi!

eskertuko deuat, zelan ez.

liburuak gero eta gitxiago irakurtzen, gauean ohera oso oso nekatuta heltzen nok eta...

zenbait terrorista derrigorrez irakurtzekoa dok ala?

tira, ahaleginduko nok.

markos zapiain
markos zapiain dio:
2006/04/08 16:51

patxi, maiatzaren hamabostean bidaliko deutsut edo bestela larrabetzura eroango, sukalderaino

eta tesiagaz batera "zenbait terrorista" be bai, onartuko bazenit

asel
asel dio:
2006/05/03 23:20

Eskerrik asko; dena dela neure buruari ezin diot meritu handirik aitortu, inguratzen gaituen Europa aberats honek ematen didan nazkatik eta etengabeko kontsumo eta ekoizpen burugabeak gertu eduki baina ikusi gura ez dugun amildegiak dakarkidan etsipenetik ateratako hausnarketa-amorraldia baino ez da. Bizi gara naturaren altxorrek betiko iraun behar balute legez. Ez dago herri txiroek gora egiterik gu behera egiteko prest ez gauden bitartean, ezinezkoa delako denok ohituta gauden bezain goian egotea. Badut buruan nobela bat ideia horietatik jaioa, ikusiko dugu zertan geratzen den... ;-)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.