Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Lévinas: hurkoaren aurpegitik

Lévinas: hurkoaren aurpegitik

mzap 2006/01/11 13:10

Lévinasen etikak ez du arau formalekin zerikusirik, baizik hurkoarekiko harreman zehatzarekin. Eta harreman horrek ez du nia abiapuntu, bestea baino. Lehenbiziko hitza ez da “pentsatzen dut, beraz banaiz”, baizik “kaixo, egunon, pasa zeu aurretik”. Lévinasen etikaren zentzua hurkoaren aurpegitik dator, ez lege unibertsal batenganako begirunetik. Inperatiboren bat izatekotan, hurkoaren aurpegian adierazia da: “ez duzu hilko”.

Biluzia duzu hurkoaren bisaia: batetik, testuinguru oro ebakiko du. Aurpegia ezin da pentsatu beste zerbaitetik abiaturik, ez da potreta, bere baitatik da ageri, ezin konparatuzkoa duzu, paregabea, muga infinitu bat.

Bestetik, aurpegi biluziak hurkoaren ahulezia ere erakusten du, bere hauskortasun sakona sufrimenduaren eta heriotzaren aurrean. Jatorrizko harremanean hurkoa aurrez aurre aurkezten zait, buruz buru, begiz begi. Heriotzaren aurrean dago, heriotzari buruz doa. Hurkoa ikustea heriotza ikusezina ikustea da. Heriotza hurkoaren bila dabilela ikusiz ohartzen gara giza hilkortasunaz, horrelaxe gara esnatzen.

Baina, aldi berean, hurkoa ikustea begira dauzkadan bere begien erregua sentitzea ere bada: bera bakarrik ez uzteko erregua, hurkoaz nire buruaz baino gehiago arduratzeko deia, hurkoaren heriotzaz beldur handiagoa izateko deia nireaz baino. Lévinasen etika hurkoaren biluztasunaz eta hauskortasunaz ohartzean pizten da.

Hurkoarenganako erantzukizun infinituaren etika da Lévinasena. Baina ezinezkoa da hemen elkarrekikotasuna: inmorala litzateke antzeko erantzukizunik itxarotea hurkoarengandik niregana. Hurkoa ez da beste ni bat, harremana ez da sistema. Hurkoak ihes egiten dit, nik ezin diot ihes egin.

Edozelan ere, niaren berezko egoismo menperatzailea alderantzikatzen duen erantzukizun horrek ez du nia suntsitzen. Hori bai, ni soilik izan naiteke benetan ni hurkoaren lekuan jartzen banaiz, hurkoaren errua eta sufrimendua nire bizkar hartuz.

Bikote etikotik abiatuz pentsatuko du Lévinasek jendarteaz, hirugarrenaren agerpenaz. Hirugarren horrek ezarriko dio neurria etikaren harreman infinituari. Dena den, jendartea ez dadin neurrian eta lege anonimoan urtu hurbiltasuna behar da eta Lévinasentzat, naziek aita, ama eta anaiak hil zizkioten Lévinasentzat, hurkoaren maitasuna da politikaren eta justiziaren egia.

Nazi bat Lévinasen lagun hurko bilaka litekeen? Bai. Gaizkiak ez baitu aurpegirik. Baina baezpada ere bigarren mundu gerra eta gero Alemania ez zuen zapaldu.

Azkenik, jokaera naziei ekin zieten lagun israeldarrei garbi utzi zien: “edozein pertsona da lur zati bat baino sainduago, are lur hori saindua delarik, zeren pertsonaren aurkako irainaren ondorioz lur saindua bere gordinean ageri baita, harrizko eta zurezko.”

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.