Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Lévinas

Lévinas

mzap 2006/01/10 19:44

Ostegunean ehun urte Emmanuel Lévinas jaio zela, Lituaniako Kovno-n, aintziraz eta freskuraz inguraturik, Letoniaren eta Errusiaren mugetatik hurbil. Judua zen. Bertan masakratuko zuten naziek Lévinasen sendia (aita, ama, anaia biak). Harrigarria da ordea zein urruti dagoen haren etika mendekutik. Merezi ditu sarrera batzuk blog honetan. Rodolphe Calin-ek asko lagundu dit Lévinasen obra hobeki ulertzen; bihotzez milesker, Rodolphe.

Heideggerrentzat izatea bera duzu zoragarrietan zoragarriena, miresgarriena, eta beraz gogoeta pizteko duinena; Lévinasentzat berriz izatea astuna da, itogarria, ihes egiteko moduko zerbait.

Edonola ere, izatea Lévinasi astun zaio ezerezik gabekoa den heinean: bere buruaren baiezte huts baita horrela, ezein ezeztatzek zauri ez lezakeena, izate nekagaitza eta ezin lasaituzkoa. Lévinasek izateaz dioen oro kontzepzio hori du oinarri, izatea deusezaren ezina litzateke.

Horregatik lotuko dio izatea egoismoari, niaren irauteari bere izatean. Lévinasen ustez, ontologia azken batean egologia hutsa da. Eta Lévinasen etikak ontologia auzitan jarriko du, niaren egoismoa kordokatuko baitu, BESTEAren izenean. Soilik Besteak erakutsiko dio niari bere burutik eta izatetik egiazki irteteko bidea.

Lévinasek nia bultzatuko du ez bestelako izatera, baizik, erradikalkiago, izatearen bestelakoa zaintzera, Besteaz arduratzera. Lehenbiziko auzia ez da “izatea ala ez izatea”, baizik izateko nire eskubidea: justifikatua ote dago nire izatea? Ez ote naiz ni, izateagatik hutsagatik, besteren baten lekua betetzen ari?

Lévinasentzat miresgarriena, alegia, gehien pentsarazten duena, ez da izakiak izan daitezen, baizik izatea bera, Bestearenganako nire erantzukizunagatik, Bestearen aurrean justifikatu beharrera hel dadin.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.