Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Gure aberriaren furgona dohakabea

Gure aberriaren furgona dohakabea

mzap 2005/12/21 11:39

Metxaren ipuinek ez dute entzulea txunditzea helburu huts. Batetik, ipuinez ipuin egia sortuz dabil Metxa. Bestetik, bakardadean ere loratuko zaizkio ipuinak, erdi eldarnio erdi amets. Esate baterako, Carmenen etxetik atera eta poliziaren furgonetan beste espetxe bati buruz kulunka daramatelarik, Bizkaia bou zaharrean Alejo Bilbao komandantearekin Cerveraren kanoikadei aurre egiten dabilela begitanduko zaio: beren buruaz beste egitea erabakiko dute etsaiaren atzaparretan jausi barik, aurretik hori bai mezu politiko bat itsasoratuz “munduak jakin dezan gure aberriaren patu dohakabea” (197 or.), loak hartu baino lehen ere Metxa mezuak jaurtikiz ari baitzen botilatxoetan furgonako leihotik laguntza eske. Zernahi gisaz, ez diotenez jaramonik egiten, mila pezetakoak sartzen hasiko da mezuaren alboan, gaztelarren baten makurtzea ziurtatzearren. Hona ametsa. Furgonan doa Metxa:

“Jesarri egin naiz ostera sauna higuingarri honetan. Nire azken presondegian nago eta ezin diot munduari mezurik utzi, nire hitzak ere presondegi barruan daudelako eta inor ez delako ausartzen tapoitxoa libratzen. Tristura handi batean sartu naiz, nire heriotzak ezin dio eredurik eman inori, horregatik naramate bakarrik eta bazter lekutara. Badakite nire heriotzaren lekuko bakarra aski izanen dela agirretartasunari jarraipena emateko, durduzamendutik erresuminera etorriko dela, behin eta berriroko erori behar historikora.

Tiriki tauki taki/ Mailuaren hotsa,/ Hileta horrek jo du/ Gure heriotza.

Barregarria da, eta algaraka hasi naiz, zoro: ni makina gelan nago, sentinako kiratsa baino lurrun betegarriagoan, Alejo Bilbao komandantearen ordenak hartzen, “Abantean!”, eta ni manibelei eragiten, “Eztiro!”, eta kanoikada bat zubian, “Emon guztixe!”, eta ni itsu, izerdi huts, giltzei kotoiagaz oratu beharrez beroan, “Ederto, Metxa, geldi eta atzeruntz!”, eta gure bou zaharra kulunka batean Cervera kanoiariari aurre egiten Matzakuko hartan, balbula guztiak hautsita, urak hartuta eta hala ere tinko, hogeita hamazazpiko apirilaren hogeita hamar gogoangarri hartan, goizeko zortziak laurden gutxitan, gure azken kanoikada jaurti genuenean, Gernikaren suntsimendua bihotzean gorroto, “All right!” esan zuen Alejo Bilbao komandanteak, eta orduan izua mundualdi guztirako kendu zidan agindua entzun dut tubotik, nire komandantearen ahots marrantatuan, “Erdu kubertara, Nikola!” Irten nintzen lagunetara. Erdiak hilak zeuden, txopako kanoia lehertua geneukan. Dena ke beltz batek estaltzen zuen, isiltasunaren gorputz. Zubira jo dut.

-Zure aginduetara, ene komandantea!

Pipa erretzen zegoen Alejo Bilbao, lurrean jesarria. Komandante ona zen, bazekien epeltasuna ematen heriotzari barre egin ahal izateko.

-Beitu, Metxa... –eta pistola atera zuen jakanarru barrutik-. Sei lagun gelditzen gara bizirik, eta munizinorik ez dekogu... Fusilak hondatuta dagoz, eta Cerveran pentsetan dabiz zer egin, gu atxilotu edo hondora jaurti.

Ez zeukan eskubiderik, Alejo Bilbaok ez zeukan eskubiderik halakorik egiteko, bera lako komandanteak behar genituen Euzko Gudontzidian, gerra ez da inoiz amaitzen.

-Badekodaz guztiondako beste bala.

Hotz egiten zuen, kristal guztiak apurtuak zeuzkan zubiak. Ez dakit ezer esateko gauza ere izan nintzen, uste dut mututu egin ninduela ene komandantearen odol hotzak.

-Ni behintzat ez nok horien atzaparretan jausiko!

Eta ni ere ez, ni bakarra naiz munduan Matzakuko itsas borroka historiko hartatik, hondoratuetan; eta etsaiaren dolare guztiak ezagutu ditudan arren, ni ez nintzen inoiz hauen atzaparretan jausi...

-Ene komandantea, hil aurretik mezu bat jaurti behar dugu! -Irratia matxuratute dago. -Ez, barka ezazu, ene komandantea... Guk ez dugu S.O.S.rik jaurti behar, guk mezu politiko bat itsasoratu behar dugu, munduak jakin dezan gure aberriaren patu dohakabea.

Orduan behatu zidan aurrenekoz Alejo Bilbao komandanteak. Ez zeukan eskubiderik, munduak bera lako itsas gizonak behar zituen, piratei arrazoi politikoak emateko.

-Ederto, badekozu idaztekorik?

Hasi naiz ostera sutauts usaina aditzen, nire kotoi koipetsuaren ukitua sumatu dut eskuetan, furgona berri honen motor isila berrehun zaldiko bou zaharrarena bezain kolpekaria bilakatu da, dardara batean jarri da karrozeria osoa, kresal usaina sartu da zirrikitu guztietatik, eta esanen nuke uhinen laztan kupidabakoak astindu duela furgona, Alejo Bilbao komandantearen berbak entzun ditut berriro, eldarnio batean. Ohartu naiz neu naizela naraman ontzitxoaren makinista, neuk eragin behar diedala balbulei, neu naizela abiada erregulatzen duena hemen. Algara egitekoa da, zinez. Zer egin diezadakete niri, deuskil hauek? Zer ardura zait niri, Cervera guztien kanoien larderia?

-Nahi duzunean, gelditu eginen gara txiza egin dezazun, honezkero lehertuan eduki behar duzu puxika!” (194-197 orr.)

etiketak: etakideen ametsak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.