Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Pilulak irentsi, sabaiak irentsi. Psikopata.

Pilulak irentsi, sabaiak irentsi. Psikopata.

mzap 2005/12/16 11:11

Metxak erlazio berezi bat izango du psikopatarekin, psikopata, “oxtabenako biztanle eternala ziegetako maizterra jaulierren izua jipoien haragia agirretarron aliatu taktikoa. Maitagarria eta aldi berean beldur emailea, bakardade ilargituenean bizi da otzaran egon behar ez lukeen psikopata gaixoa. Egunean harrarazi nahi dizkioten hogeita hiru pilulak erakutsi dizkit ukabila irribarrea bezalaxe zabalduta. Gero, pilulak kentzen dizkiodalarik, bere ahots eztiaren oparia egiten dit:

-Mundu honetan denok gara presoak. Ziegaren tamaina da gutxienekoa...

Badatoz erizaina eta bi zomorroi. Bunkerrera eramanen dute nire lagun poeta, eta gogor egiten baldin badie lo terapeutikoan murgilduko dute injekzio gozo bat emanda.” (80 or.)

Metxa maiz lehiaz jarriko da beste presoekin zein espetxeetako funtzionarioekin harremanetan, erronkaria duzu, zirto-gudu bilakatuko du solasa, iskilu hitza. Eta irabazi egingo du ia beti.

Psikopatarekin ez. Soilik psikopatak mututuko du Metxa. Psikopataren agerkundeek eragiten dituzte bien arteko harremanak, espetxerik zitalenetan beti ere. Eta ez da mintzatuko psikopata baino. Aurreneko bietan, Ürrüxtoitik 785 kilometrora dagoen espetxean eta Barkoxetik 2.985 kilometrora dagoenean, begitazio beldurgarri gisa agertuko zaio psikopata Metxari, eta unibertso osoa dela ziega bat esango dio, guztiok garela preso, espetxearen tamaina gorabehera.

Hirugarrenean, Larreñetik 823 kilometrora dagoen espetxean, ametsetan agertuko zaio. Esna biziki amesbera, Metxak lotan ez du egingo amets bi baino. Aurrenekoa, psikopataren lokamuts ankerra, ziegakideen eldarnio, aiene eta biraoen artean:

“Bart izuerdi zuritan iratzarri nau inoiz eduki ez dudan itotasun batek: psikopatak lepoan tinkatua zidan atzaparra. Eskubidea zeukan, bere eremuan gaude. Barre egin zidan, eta lepoko hilgarria lasaitzen zuela, berak dakien modu gozoan kontsolatu ninduen:

“Libro izanen naiz, zorionik eta zorigaitzik gabe, haizea den bizitza bezala. Berdin bilatzen gaituzte gorrotoak eta maitasunak; zein bere moduan, biek gaituzte zapaltzen. Jainkoek deus eman ez dioten hura, libro da”.

Eta eguneko pilula guztiak batera irentsita suntsitu zitzaidan, sabaiko zuritasunak irentsitako pilula izan balitz bezala.” (126-27 orr.)

Gero, Maritxuk ezkontzea proposatuko dio Metxari, eta honi, esker onez erantzun nahi badio ere, psikopatarena botako dio ahoak: “mundu honetan denok gara, nolabait, presoak. Ziegaren tamaina da gutxienekoa... Ni lotuago nengoen han, hemen baino.” (141 or.)

Egun batean, kartzelaldi berrietako azkenekoan, Metxak psikopataren beharra sentituko du. Gutun bat idatzi nahi dio Maritxuri Carmen Lopezi buruz baina musek lagundu nahi ez, gainera espetxean ez dute bigamia onartzen, sumindurik dabil Metxa eta psikopatari dei egingo dio, bere berbaren sendagarria ematera etor dakion.

Psikopatak ez du entzungo.

Hala ere Metxak hitz egingo dio. Bakarrizketan, hori bai, psikopatari ez dagoenean baino ez baitzaio zuzenduko. Zehazki, lokamutsean psikopatak aipatu haize libreaz arituko zaio: “madarikatzen dut, eta ez zaio ardura. Erregutzen diot, eta ez dit jaramonik egiten. Halakoak dira psikopatak, ezusteko erreakzioak dituzte, libro bizi baitira, haizea den bizitza batean. Gorde hadi heure bunkerrean, ez haut ezertarako behar, haizearen militante hori! Heure pilulak baino kondena gogorrago batek lotuko ditik nire ekintza eta bere kausa... Nire zoroak helburu zuhurrak zauzkak!” (240-41 orr.)

etiketak: etakideen ametsak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.