Aitzina beti koilara!
Baten batek pentsa lezake Metxa ez dela preso beteranoen asmakizun kontsolagarri bat baino, kolektiboaren ametsa (281 or.). Igor Estankonaren berbetan: “liburua bukatzerako irakurleak bere buruari galde diezaioke ea Agirre erreala den edo bigarren mailako pertsonaien kontzientziaren ahots hezurmamitua.”
Edo, bestela, behin Metxaren existentzia enpirikoa onartuta, pentsa liteke Metxa ametsez bere gabeziak berdintzen ahalegintzen dela, ametsak bere bizitzaren huskeria konpentsatuko balu bezala. Pentsa liteke Metxa lotsa dela kartzelan inoiz sartu ez dutelako. Ametsezkoak lirateke ez soilik kartzelaldi berrietako kontakizunak, baizik kartzelaldi berriak berak. Ipuina eta ametsa sakonean bere herriari behar adina eman ez diola sentituko lukeen Metxa frustratuaren lilurazko balentriak lirateke, bere amets gezurtien bidez inor baino iraultzaileago, espetxeratuago eta gorriago agertu nahi lukeena. Mesede galanta giderrik gabeko koilarak egin ziokeena, bere benetako irudia lanbrotuz, hankaz gora itzuliz. Irudi alderantzikatu hori bailitzateke hain zuzen Metxaren ametsen protagonista, ametsetako Metxa: heroi bakarti bat, otso harrigarria, berez eta ametsez kanpo artaldekoi eta malgu izan arren. (275-76 orr.)
Hipotesi horiek ez dira ezinezkoak, baina artezagoa ematen du Iñigo Aranbarrik Metxaren gaineko jardunaldi txukelan adierazitakoa: zapaltzaile indartsuari ezin diogu bere eremuan aurre egin, galtzera kondenatuta geundeke beti. Aranbarrik “logika kartesiar” deritzona genuke etsaiaren borrokalekua eta Metxak, Fernando Amezketarrak bezala, hitz jostetaz egingo dio aurre, trikimailu irrigarriz, eta, oroz lehen, ametsaz. Gauza bat da Izagirreren eleberriko bigarren pertsonaiarik garrantzitsuena, giderrik gabeko koilara. Zulogintza ahalbidetzen duenez, ametsetako iskilu duzu eta aldi berean ametsetarako sarbide. Koilara ispilua da, buruz beheiti itzultzen dizu burua. Eta “Agirre zaharraren kartzelaldi berriak” Metxaren ametsen kronika ere baduzu: ispiluaren bestaldean gertatzen da guztia, zuloan, zuhurtziari arrotzak zaizkion bazterretan.
Ametsik gabeko egunekoa legepean egoten baita, kartzela legez, presoak kolektibizatu beharra legez. Edozein jendarte baldin bada nolabaiteko egokitze eta erregulatze bat, doitze bat, Metxak ametsez zartatuko du. Bakarti handi bat da, baina soilik halakoek eskain dezakete benazko elkartasuna. Bakarrik egoten ez dakienak behar du legea. Taldearen behartzeari, arauari, ametsez eta ipuinez ihardukiko dio Metxak. Tentuari amesgintza zoro batez erantzungo dio, egunerokotasun arrunt goibela ametsez biziaraziz.