Metxametsa
“Ametsez” da Metxak idatziriko azken elea. Metxak ordea esna egingo du batik bat amets, gauez zein egunez, begiak zabalik edo bestela ñarroturik. Hauxe da hain zuzen Metxaren koplarik ezagunena: Tiriki tauki taki/ Mailuaren hotsa,/ Ametsez jantziko dut/ Nire burumotza. (213 or.)
Eleberri hau euskal narratiban berezi egiten duen ezaugarria paralelotasuna da. Nola blog honetan dagoeneko aztertu ditugun eleberrietan hala hemen aztergai izango ez ditugun beste hainbat eta hainbatetan historiaren eta bizitzaren arteko dualismoa dago, kontrakotasuna: bizitza ona da, historia txarra, historia berez da hilaurgile, bizipozaren eragozpen, eta abar.
Izagirrek bakarrik ikusten ditu bizitza eta historia osotasun trinko legez. Historiak zeharo bereganatua du Metxaren bizitza. Aipatu liburuetan, zenbat ahantziago eta ahulago historia, hainbat bizkor eta pozkorrago bizitza; eta, historia ageri delarik, bizitza hautsi egiten da. Izagirreren paralelotasunaren arabera, ostera, aldi berean pozpuzten edo ahitzen dira bizitza eta historia.
Nolanahi ere, ematen du literatura eta jolasa sakonagoa dela politika eta historia baino. Literaturak Historia barnebil dezake, erabil lezake hazkurri gisa, baina literatura ez da Historian kabitzen. Literaturaren askatasunari eta jolasari dagokio “Agirre zaharraren kartzelaldi berriak”en ametsezko azpiegitura sendoa, non txertatzen baitira kontakizun historikoak.
“Kalderapeko” tabernan, Bilboko Txukela kalean, jardunaldi bat egin zen "Agirre zaharraren kartzelaldi berriak"en inguruan, eta bertan Izagirrek literatura oro dela historiko aldarrikatu bazuen ere, zientzia fikzioa barne, ez da ahaztekoa jendeak garai guztietan amets egin duela amildegi batetik erori eta sabelaldeko inpresioaren eraginez esnatu dela, historia eta baldintza sozio-ekonomikoak gorabehera.